Eskuliburua osatzen ari da Foru Aldundia, kontratazio etikoan sakontzeko
Eskuliburua osatzen ari da Foru Aldundia, kontratazio etikoan sakontzeko
Arlo horretan egongo diren lege aldaketetara egokitzea, eta “gizartearen exijentziari” erantzuna ematea du helburu, Imanol Lasaren arabera
Kontratazio Eskuliburua osatzen ari da Foru Aldundia, irizpideak elkartzeko eta segurtasun juridiko handiagoa izateko xedez, eta, batez ere, eraginkortasuna, eragimena, gardentasuna eta osotasuna hobetzeko obra, ondasun eta zerbitzuei buruzko kontratazioan. Hainbat departamentutako teknikariek osatzen duten lantalde batek foru erakundearen kontratazio gaiak aztertzen ditu 2016az geroztik, eta lan horren emaitza izango da aurki aurkeztuko den dokumentu berria.
“Gure inguruko gizarte, ekonomia eta merkataritza jardueran eragin handia izateaz gain, kontratazio arloa arreta-gune nagusienetako bat da zalantzarik gabe. Gizartea gero eta zorrotzagoa da arlo honetan eta erantzuna eman behar diogu, gobernantza etikoarekin lotura zuzena duen arloa delako”, azaldu du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.
Bi zatitan banatzen da dokumentua, nagusiki. Lehenengo zatian, era askotako gomendioak jasotzen dira, batzuk formal hutsak, baina beste batzuk funtsezkoak direnak; izan ere, azken horiek gai hauek aipatzen dituzte, besteak beste: eskaintza baxu edo ausartegiei eman beharreko tratamendua; esleitzeko irizpide egokiak aukeratzea eta modu zuzenean balioestea; enpresen kaudimena zehaztea kontratazio batean onartuak izateko; eskatu beharreko aseguruak; eta irtenbideak bilatzea enpresa txiki eta ertainenak nahiz ekonomia sozialeko enpresak kontratazioan parte har dezaten
Bigarren zatian, berriz, hainbat irizpide eta argibide jasotzen dira gizarte eta ingurumenari lotutako eta beste politika publiko batzuei buruzko klausulak kontratazio publikoan sartuko direla bermatzeko, eta baita ere klausula horien kontrola eta jarraipena egiteko. Modu espezifikoan garatzen dira enpresa esleipendunek kontratatutako langileen lan baldintzak bermatzera bideratutako klausulak eta, horretarako, kontrol bereziak aurreikusten dira kontratua gauzatzen den prozesurako.
Horrez gain, legean egon diren eta egongo diren aldaketei erantzuna ematen die Eskuliburuak. Izan ere, “kontratazioaren erregulazioa oso zabala da Administrazio Publikoan eta etengabe aldatzen da, bai araudia aldatzen delako, bai ebazpenak eta epaiak etengabe ematen direlako”. Horren erakusgarri da 2018ko martxoaren 9an indarrean sartuko den Sektore Publikoko Kontratuen Lege berria, zeinaren bidez Espainiako ordenamendu juridikoari gehitzen zaizkion Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako Zuzentarauak. Eskuliburu hori idazterakoan kontuan hartu da lege berria, eta aldian-aldian eguneratuko da
Labur esanda, kontratazio publikoari buruzko Europar Batasuneko zuzentarau berriekin bat eginez eta kontuan hartuta ‘Europa 2020’ estrategia, hazkunde adimenkor, jasangarri eta integratzailea lortzera zuzendutakoa, Eskuliburu honen bitartez, “helburu sozialak aintzat hartzen dituen kontratazio publikoa sustatu nahi da, enpleguaren babesa, gizarte inklusioa eta integrazioa bultzatzeko, lan baldintzak bermatzeko, ingurumena babesteko eta eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko, besteak beste”.
Ildo berean, kontratazio publikoari aplikatu beharreko Jokabide Kodea onartu zuen Foru Aldundiak joan den urteko irailean, kontratazio prozesuetako inpartzialtasuna, zuzentasuna eta gardentasunaren kultura zaintzen dituena, lehiakortasun handiagoa sustatuz. Kode hori nahitaez bete behar dute kontratazioetan parte hartzen duten foru erakundeko kargu publikoek eta langileek, baita Aldundiak sustatutako lizitazioetara aurkezten diren enpresek eta esleipendun suertatzen direnek. “Aurrerapauso nabarmena dakar gobernantza etiko eta eredugarriaren alde egiten ari garen apustuan, kontratazio prozesuetan interes publikoa bermatuz eta disfuntzioak, eraginkortasunik eza edo iruzurrak saihestuz”.
Lan jardunaldia
Foru jauregian Aldundiko 150 langile eta hainbat enpresetako ordezkarirekin gaur egin den lan jardunaldiaren testuinguruan iragarri du Diputatuak Eskuliburu berria. Enplegu eta kontratazio publikoaren alorrean legeak aurreikusten dituen betekizun berriak zein kodeen bidez Aldundiak hartutako konpromisoak partekatzea, eta ekarpen berriak jasotzea izan da saioaren helburu nagusia. Aldaketa horien berri izan dute bertaratutakoek hainbat adituren eskutik, hala nola Rafa Jiménez Asensio, Juanjo Álvarez, Javier Vázquez abokatua eta Europako Batzordeko kontratazio publikoaren esparruko adituen taldeko kidea, 2015az geroztik, eta Javier Serrano, Euskadiko Kontratuzko Errekurtsoen Organo Administratiboko Aholkulari Juridikoa.
Lasak azpimarratu duenez, “Guztion ardura da Gipuzkoa eredugarria eraikitzea: erakundeetako ordezkari politiko eta langileena, elkarteena, enpresena… Horretarako ez da nahikoa legea betetzera mugatzea; harago joan eta konpromiso sakonagoak hartu behar ditugu. Gaurkoa bezalako jardunaldiak, oso praktikoak izateaz gain, kasu honetan enpresentzat, horien inplikazioa indartzeko balio dute”.1342