Esperimentazio aurreratuko prozesua jarri du martxan Etorkizuna Eraikizek
Esperimentazio aurreratuko prozesua jarri du martxan Etorkizuna Eraikizek
Etorkizuna Eraikiz eta Climate KIC-en, Europaren karbonorik gabeko ekonomia bultzatzeko ekimena, arteko aliantza gorpuzteko balio du ekimenak.
Arantzazulab, Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak, Gipuzkoa Deep Demonstration prozesuko lehenengo mintegia hartu du gaur. Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen esperimentazio aurreratuko prozesua da hau, eta Gipuzkoaren trantsizio jasangarri, sozial, ekonomiko eta ingurumenekoan aurrera egitea du helburu. Horrela, Gipuzkoa Ereduaren ezaugarriei eutsi nahi zaio, lehiakortasunaren eta babes sozialaren zutabeak mantenduz, baina jasangarritasunaren faktorea eta karbono gutxiko ekonomia txertatuta. Gaurko mintegiak, gainera, bi eragileren arteko aliantzan sakontzeko balio izan du: Etorkizuna Eraikiz eta Climate KIC, Berrikuntzaren eta Ezagutzaren Europako Komunitatea karbono isurketarik gabeko ekonomia baterako trantsizioa bizkortzeko.
Horrela, gaurko lan jardunaldian zuzenean parte hartu du Kirsten Dunlop, bigarren erakunde honetako zuzendariak, telematikoki interbenitu duenak. Horrez gain, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua, Sebas Zurutuza Estrategiako foru zuzendaria, Monica Pedreira Ingurumeneko foru zuzendaria eta Etorkizuna Eraikiz ekimeneko ekosistemako hainbat eragileren ordezkariak ere izan dira, hala nola Debagoiena 2030 edo Agirre Lehendakari Center. Mintegiak 50 bat lagun bildu ditu, horietako batzuk telematikoki.
Bestalde, Climate KIC-ekin egindako aliantzari esker, Etorkizuna Eraikiz ekimenak eta Gipuzkoa osoak aukera izango dute lurraldearen beharrak eta indarguneak Europako Itun Berdearen testuinguru zabalagoarekin lotzeko. Azken hau Europako ibilbide-orria da, Europar Batasunean ekonomia jasangarriagoa eraikitzeko. Horrela, Gipuzkoa Europara gehiago hurbildu ahal izango da, klima eta ingurumen arloko erronkak esparru politiko guztietako abagune bihurtzeko, eta trantsizio justuago eta integratzaileago baterantz aurrera egiteko. Horretarako, gaur Arantzazulaben egin den bezalako jardunaldiek aukera emango dute Gipuzkoarako jasangarritasun-agenda bat eraikitzeko premia estrategikoa ulertzeko, eta Itun Berdearen panoraman izan dezakeen papera ulertzeko.
Horrela, trantsizio iraunkorraren aldeko apustua bete-betean sartzen da Etorkizuna Eraikizen agenda estrategikoan, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren hurrengo hamarkadarako ibilbide-orrian ere, Europa mailan desberdinkeria maila txikienak dituzten lurraldeen artean kokatzea ardatz duena. Gainera, guztiz dator bat Eusko Jaurlaritzaren agendarekin, Euskadi digitalagoa, berdeagoa eta inklusiboagoa sustatzeko, eta, guztiz koherentea da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2030 Planean zehaztutako eta Euskadin eragina duten hiru trantsizioekin: trantsizio demografiko-soziala, energetiko-ingurumenekoa eta teknologiko-digitala.
Oinarri horretatik abiatuta, Etorkizuna Eraikiz trantsizio jasangarriko prozesua gauzatzeko tresnarik egokiena bezala ageri da, Gipuzkoako berrikuntzarako, esperimentaziorako eta elkarlaneko gobernantzarako gaitasunak indartzen lan egiten baitu, eta dagoeneko aktiboa den eta Gipuzkoaren etorkizunaren eraikuntzan erabat inplikatuta dagoen eragile-ekosistema osatzea loartu baitu. Kirsten Dunlop Climate KICeko zuzendariak gaur adierazi duenez, planteatutakoa bezalako trantsizio prozesu jasangarri batek arazoari ikuspegi ezberdinetatik heldu behar dio, irtenbide teknologikoak, sozio-ekonomikoak eta kulturalak uztartuz. Ildo horretan, Etorkizuna Eraikiz agenda horiek konektatzeko esperimentazio espazio aurreratu gisa aurkezten da.
2146