Estatu kolpe eta frankismo garaiko emakumeen ikuspegiak gizarteratuko ditu ‘Emeek emana’ argazki erakusketak
Estatu kolpe eta frankismo garaiko emakumeen ikuspegiak gizarteratuko ditu ‘Emeek emana’ argazki erakusketak
Estatu kolpe eta frankismo garaiko emakumeen ikuspegiak gizarteratuko ditu ‘Emeek emana’ argazki erakusketak
Maribel Vaquero Bizikidetza zuzendariak emakumea gure oroimen historikoan ikusarazi eta balioan jartzearen garrantzia nabarmendu du
1936ko Estatu kolpe, gerra eta ondorengo diktaduraren testuinguruan emakumeen ikuspegia eta izan zuten zeregin aktiboa jaso eta gizarteratzea, hau da ‘Emeek emana’ argazki erakusketak bilatzen duen helburu nagusia. Ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Intxorta 1937 Elkarteak bultzatu dutena, eta Mauro Saraviaren argazkiekin, erakusketa ibiltaria izango da eta Euskal Herriko emakumeek XX. mendeko pasarte lazgarrienetan bizi izandakoa Gipuzkoako txoko guztietara hedatuko du. Donostian du bere lehenengo geltokia. Erakusketa andrazkoen argazkiek osatzen dute, bakoitzak bere testigantza ematen duen bideoak eta bakoitzaren ibilbidea jasotzen duen katalogoa.
Egitasmoa gaur aurkeztu da Gipuzkoako Foru Aldundian, eta bertan izan dira Maribel Vaquero, Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendaria; Juanrra Viles, Donostiako Udaleko Gardentasuneko, Giza Baliabideetako eta Berrikuntzako zinegotzia; Julia Monge, Intxorta 1937 elkarteko kidea; eta Mauro Saravia argazkilaria, erakusketako argazkien egilea. Erakusketa bihar irekiko da eta, hasiera batean, Donostiako Aieteko Kultur Etxean kokatuko da. Ostera, lurraldean barrena herriz-herri ibiliko da, eta eskoletara bisita gidatuak ere egingo dira.
Vaquerok, bere hitzaldian, azaldu du proiektuak memoriaren arloan pedagogia egitea duela xede, “emakumeen bizipenak aitortu eta gure oroimen kolektiboan kokatuz”. Zuzendariak gogoratu du pasa den astean aurkeztu zituela Foru Aldundiak beste hainbat ekimen emakumeari gure historian ikusgarritasun gehiago emateko, tartean ‘Ama nora goaz?’ dokumentalaren aurkezpena edota hilaren 29an foru jauregian egingo den omenaldi ekitaldia. “Erakusketa hau ere testuinguru honetan kokatzen da”, esan du.
“Proiektu hau lagunduz Gipuzkoako Foru Aldundiak, emakumeen ikuspuntua barneratu nahi izan du, memoria osoa izan dadin”, aldeztu du. Foru zuzendariak azpimarratu duenez, esfortzu honetan bidelagun dira bai beste erakunde publikoak zein oroimen historikoa lantzen duten elkarte ezberdinak. “Gaurko aurkezpen hau honen adibide garbia da, erakusketa hau Foru Aldundia eta Intxorta 1937 elkartearen arteko elkarlanaren fruitua baita, eta proiektu honetan lurraldeko udalak ere bidelagun ditugu”, adierazi du.
Mongek, bere aldetik, emakumeek frankismoaren testuinguruan izan zuten garrantzia azpimarratu du. Intxorta 1937 elkarteko ordezkariaren hitzetan, garai hartan ez ziren biktimak bakarrik izan, “baizik eta protagonistak”. Zentzu honetan, emakumeak aurreko mendeko hamarkada haietan izan zuen “paper aktiboa” aldarrikatu du. Saravia argazkilaria, bere aldetik, kontent agertu da egindako lanagatik, eta balioan jarri du argazkilaritzak oroimen historikoari egiten dion ekarpena, “erreportaje grafikoak iraganaren gordailu fisiko” bilakatzen baitira.
Azkenik Juanrra Viles Donostiako Udaleko ordezkariak hartu du hitza, eta oroimen historikoa lantzearen garrantzian jarri du azpimarra, erakunde honetako Giza Eskubidetako alorraren “ardatz estrategikoetakoa” hain zuzen. “Zentzu honetan, ulertzen dugu emakumeei ahotsa eman behar diegula, askotan giza eskubide urraketen biktima nagusiak izan ohi baitira eta bere testigantza eta sufrimendua bigarren planoan geratu ohi delako”, adierazi du Vilesek.
2235