Estazio mugikor batek airearen kalitatea aztertuko du Gipuzkoako Ingurumen Gunea (GIG-1) abian jarri baino lehen
Estazio mugikor batek airearen kalitatea aztertuko du Gipuzkoako Ingurumen Gunea (GIG-1) abian jarri baino lehen
Estazio mugikor batek airearen kalitatea aztertuko du Gipuzkoako Ingurumen Gunea (GIG-1) abian jarri baino lehen
Gipuzkoako Ingurumen Gunea abian jartzen denean, lau estazio finko jarriko dira Andoainen, Lasarten, Usurbilen eta Zubietan
Jose Ignacio Asensio: “Gardentasun borondatea erabatekoa da, eta neurketak eta kontrolak hasiera-hasieratik egingo dira, baita instalazioak abian jarri baino lehen ere”.
Elena Moreno: “Eusko Jaurlaritzako teknikariek kontrolatuko dituzte neurketak, eta inguru horretako airearen kalitateari buruzko datuak eskuratzeko aukera emango dute Ingurumen Gunea abian jarri baino lehen eta gero”.
Jose Ignacio Asensio eta Elena Moreno Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko arduradunek, Gipuzkoako Ingurumen Gunearen zuzeneko eraginpean dagoen eremuko airearen kalitatea neurtzeko Lasarten ezarriko den estazio mugikorra aurkeztu dute. Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailarekin lankidetzan arituz, ebaluazio kanpaina bat egingo da Gipuzkoako Ingurumen Gunearen 1. fasea abian jarri baino lehen.
Lasarten ezarri den estazioaren bidez airearen kalitatea neurtuko da eta, horrela, jakin ahal izango da zeintzuk diren airean dauden gas eta partikulen mailak, kontrol egokia eta gardena bermatzeko, eta etorkizunean maila jakin bat ez gainditzeko. Neurketak denbora errealean egingo dira eta, horrela, egungo kutsadura mailak ezagutu ahal izango dira. “Gardentasun borondatea erabatekoa da eta neurketak eta kontrolak hasiera-hasieratik egingo dira, baita Ingurumen Gunea abian jarri baino lehen ere” nabarmendu du Ingurumeneko Diputatuak. Era berean, Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzako teknikariek prozesu guztia kontrolatu eta gainbegiratuko dute, eta neurketen emaitzek airearen egungo kalitatea ebaluatzeko eta Ingurumen Gunea abian dagoen bitartean bermatzeko aukera emango dute”.
Estazioak honako substantzia hauek kontrolatuko ditu: PM10 partikulak, sufre dioxidoa (SO2), ozonoa, nitrogeno oxidoak (NOx), eta karbono monoxidoa (CO). Neurketak denbora errealean egingo dira. Estazioa kutsatzaileen kontzentrazioa neurtzen duten analizagailu edo monitorez hornituta dago. Gailu horiek airearen laginak hartzen eta aztertzen dituzte etengabe, 10 segundotik ordu laurdenera arteko tarteetan, aztertu beharreko kutsatzailearen arabera. Datu horiek gorde, egiaztatu, eta ondoren argitaratu egiten dira.
Neurketa kanpaina honek hiru hilabete iraungo du, eta aukera emango digu, batetik, Lasarte-Oriako aireak gaur egun zer-nolako kalitatea duen ezagutzeko, eta, bestetik, Ingurumen Gunea abian jarri aurreko inguru horretako datuak eskuratzeko, eta, horrela, bere garaian, balorizazio energetikoko plantaren funtzionamenduaren benetako inpaktua ebaluatzeko. Kanpaina errepikatu egingo da aurrerago, eskuratzen diren datuak behar bezain esanguratsuak izan daitezen, baldintza meteorologiko desberdinetan, behin betiko estazioa jarri arte.
Geroago, Lasarteko estazio mugikorraren ordez finko bat jarriko da, parametro berberak kontrolatzeko. Era berean, kontrola eta neurketak indartzeko, beste hiru estazio finko jarriko dira Andoainen, Usurbilen eta Zubietan. Estazio horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sarean sartuko dira, etengabe neurtuko dituzte kutsatzaileak, eta emaitzak herritarren eskura egongo dira denbora errealean. Gailu horrek etengabe bermatuko du airearen kalitatea Ingurumen Gunea abian dagoen bitartean.
1834