Etorkizuna Eraikiz, Aldundiaren apustua “Gipuzkoako gizartearekin konektatzeko”
Etorkizuna Eraikiz, Aldundiaren apustua “Gipuzkoako gizartearekin konektatzeko”
Xabier Barandiaranek azpimarratu duenez, programa honen bidez “herritarren kezkei erantzungo dieten proiektu zehatzak” ahalbidetuko dira
Diputatu Nagusiaren kabineteko buru eta Etorkizuna Eraikiz-eko arduradun Xabier Barandiaranek, egitasmo honen lan ildo nagusiak azaldu ditu, SER irrati kateak gobernantzari buruz gaur egindako saio berezian. Haren esanetan, “Gipuzkoako gizartearekin konektatzea” du xede programak, honek “etorkizunarekiko duen kezkari modu eraginkorrean erantzunez”.
Horretarako, bi ardatz nagusi edukiko ditu Etorkizuna Eraikizek. Gipuzkoa Lab-en barruan, esperientzia pilotuak jarriko dira abian etorkizuneko proiektuei lotuta, eta Gipuzkoa Taldean-en bitartez, berriz, hausnarketa partekatua egingo da “datozen hamar urteetan Lurraldean martxan jarri beharreko egitasmoen inguruan”. Lau lan talde eratuko dira, Gipuzkoa aurrera ematen duten enpresa, erakunde eta entitateetako pertsonekin.
Horrela, Aldundiak erantzuna eman nahi dio herritarren artean sistema politiko eta instituzionalarekiko dagoen etsipenari. “Gobernantza eredu berria behar dugu, gauzak egiteko modu berri bat, komunikazioa hobetuz baina ez bakarrik norabide bakarrekoa, baizik eta aurrerapausoak emanez herritarrekiko eta gizarte antolatuarekiko etengabeko harremana oinarri edukiko duen eredu baterantz. Alderdien arteko konfrontazioa, eta epe motzeko eta aldebakarreko ikuspegiak alde batera utzi behar dira”, adierazi du.
Haren esanetan, badaude erakunde publikoek gainditu beharreko hainbat oztopo, hala nola indibidualismoa, alderdien endogamia, edota gardentasun falta, berriz ere “gizartearekin konektatu” ahal izateko: “Adostasuna dago hortik jo behar dugula, baina hau ez da lortzen diskurtso politiko hutsarekin; beharrezkoa da esperientzia berriak martxan jartzea. Agian denek ez dute arrakasta izango, baina ezinbestekoa da arriskatzea eta harreman eredu berriak bilatzea. Errealitateak, irekitzera derrigortuko gaitu guztiok”. Helburu nagusia, “herritarren interesa” nagusitzea da: politikak abisu serioa jaso du, eta ezin dugu beste alde batera begiratu”.
Argitu du Etorkizuna Eraikiz ez dela izango promesa ariketa sorta; aldiz, “proiektu zehatzak eta ikusgarriak ahalbidetuko ditu, beraien kabuz azaldu ahal izango direnak”. Lau abiaraziko dira guztira: zahartzeari lotutakoa, euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpen fabrika, enpresetan langileen partaidetza sustatuko duena, eta familia eta lana uztartzea helburu izango duena. Azken honetan, 15 enpresek eta 200 lagunek parte hartuko dute. “Unibertsitatearen bitartez modelizatuko da, nazioarteko esperientziekin hobetuko da, eta urtebeteko epean ebaluatu egingo dugu. Emaitza ona baldin bada, gure politika publikoetan sartuko dugu”, hitzeman du.
Proiektu sorta hori irekia dago proposamen berrietara, eta herritarrak eta gizarte erakundeak izango dira protagonistak: “Oso inportantea da proiektuak alderdien arteko konfrontaziotik kanpo gelditzea, arrakastaz garatu ahal izateko”. Barandiaranen esanetan, Aldundiak garbi du herritarrek eskatzen duten “agenda politiko berria” barneratu behar duela: “Zer gertatuko da nire eta nire familiaren etorkizunarekin, ekonomiarekin… Paradigma berria bizi dugun arren, politika eta eztabaida gehienak iraganean kokatzen dira. Hesia jarri behar dugu hori eta etorkizuna bereizteko. Kontziliazioa adibide ona da, eguneroko bizimoduan eragiten digulako, eta honen arabera antolatzen dugulako elkarbizitza. Horrelako kezkei erantzun behar diegu”.
Derrigorrezkotzat jo du gizarte zibil eta antolatuarekin “elkarlan sistema” sendotzea eta hedatzea, “honi esker baita Gipuzkoa gaur egun dena”. “Gizarte bat ez da eraikitzen politika publikoetatik. Herri bat ez da egiten soilik politikatik, alderdietatik eta erakundeetatik. Lidergoak partekatua izan behar du beti. Harreman estuko espazioak ahalbidetu behar ditugu gizarte zibilarekin; mundutik mugitu, erabakiak hartu eta lurralde hau aurrera eramaten duten arren, espazio publikoarekin loturarik ez duten pertsonekin. Gure betebeharra da haiengana joan, galdetu, ikasi, eta gure elkarlana eskaintzea”.
Hauteskundeen testuinguruan kokatu du oposizioak Etorkizuna Eraikiz-en aurrean izandako erreakzioa, eta konbentzitua azaldu da programa espazio partekatua izango dela. “Publikoki aurkeztu baino lehen, alderdiei aurkeztu genien, eta jarrera ona eduki zuten. Badauzkagu ere Gipuzkoa Sarean bezalako aurrekariak. Itxurakerietatik harago, errealitatean egiten duguna da inportanteena. Badira inertziak, eta hau ez dugu egun batetik bestera egingo, baina alderdi arteko norgehiagokak bazterrean utzi behar ditugu, gauza guztien gainetik herritarrentzat garrantzitsuak diren proiektuak egon daitezen.
Onartu du konfrontazio hori ez dela guztiz desagertu legealdiko lehen urte honetan, baina azpimarratu du “lasaitasun handiagoa” nabari dela, eta baita kudeaketa eredu berri bat ere, hainbat aurrerapenetan islatzen dena. “Komunikazio zuzenagoa dago herritarrekin eta gizarte antolatuarekin, gure eguneroko praktikan. Etorkizuna Eraikiz bezalako prozesu berriak diseinatzen gara, eta gobernantza eta komunikazio oso bat egituratu dugu, kanal berriak sortzen ari dena, garrantzia emanez ez bakarrik politiken edukiari, baita formei ere. Zer egiten dugun bezain inportantea baita nola egiten dugun. Beharbada denek ez dute fruiturik emango, baina saiakera hor dago”.
1492