Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizuneko proiektuak partekatzen ari da Aldundia ikasleekin

Etorkizuneko proiektuak partekatzen ari da Aldundia ikasleekin

Gazteen Gipuzkoa ekimenaren bitartez, ideiak eta ekarpenak jasoko ditu lurralde osoko zentroetan

2018/04/12

Gazteen Gipuzkoa ekimena jarri du martxan Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz dinamikaren testuinguruan egiten ari den lana lurralde osoko batxilergoko ikasleekin partekatzeko, eta etorkizuneko erronkei lotuta dituzten ideiak, iradokizunak eta kezkak entzuteko. Horretarako, lau lan saio egingo ditu guztira hainbat ikastetxe eta institututako ikasleekin. Aurrenekoa atzo izan zen, asteazkena, Arrasaten. Elkar-Hezi, Txantxiku eta Zuazola Larraña (Oñati); Mariaren lagundia (Bergara); eta Arizmendi eta Arrasateko BHI (Arrasate) zentroetako 140 ikasle eta irakasle inguruk parte hartu zuten.

Lehen zatian, Imanol Lasak, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, Foru Aldundia lurraldeko hainbat eragileekin elkarlanean garatzen ari den apustu estrategikoen berri eman zien ikasleei, adinekoen arreta, elektromugikortasuna, kontziliazioa eta erantzunkidetasuna, enpresetako langileen partaidetza, edo zibersegurtasuna bezalako esparruetan. Bigarren zatian, berriz, gazteek proposamenak landu zituzten oinarri horren gainean, eta etorkizunari lotutako beste kezka eta balizko proiektuak agertu zituzten, Aldundiak Etorkizuna Eraikiz dinamika aberasteko kontuan hartuko dituena.

“Etorkizuna Eraikizez da gobernu baten proiektua, lurralde oso batena baizik. Elkarlana eta esperimentazioa ditu oinarri, erakundeok ezin baitugu Gipuzkoak izango dituen erronkei bakarrik aurre egin. Hori dela eta, gure asmoa lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoengana, eta adin guztietako pertsonengana iristea da, izan haurrak, nerabeak, helduak edo adinekoak, haien ideiak txertatzeko. Bai dagoeneko martxan diren proiektuen inguruan, eta baita berriak martxan jartzeko ere”, azaldu du Imanol Lasak. Kasu honetan, Gazteen Gipuzkoa ekimenarekin, batxilergoko ikasleak inplikatu nahi du foru erakundeak, “asko dutelako esateko, eta haietako askok erakundeekiko sentitzen duten urruntasunari eta konfiantza faltari buelta emateko”.

Bigarren lan saioa gaur arratsaldean izango da, EHU-UPVko Ignacio Barriola aretoan, eta zentro hauetako 200 ikaslek hartuko dute parte: Jesuitas, Nazaret, Zubiri-Manteo eta Axular Lizeoa (Donostia); Irungo La Salle eta Toki Alai (Irun); Hernaniko Institutoa; Orixe (Tolosa); eta Iraurgi eta Ikasberri (Azpeitia). Azken bi topaketak, berriz, astelehenean egingo dira Ordizian -Beasain, Tolosa, Ordizia, Lazkao, Zumarraga eta Urretxuko zentroekin-; eta asteazkenean Zarautzen, Urola Kostako zentroekin.

  

1625