Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etxean Bizi aurkeztu du Aldundiak Pasaian

Etxean Bizi aurkeztu du Aldundiak Pasaian

Mendekotasuna duten pertsonek beren etxeetan bizitzen jarrai dezaten

Gipuzkoako Foru Aldundiak Etxean Bizi programa pilotua aurkeztu du gaur arratsaldean Pasaian, mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei zuzendua, beren etxeetan bizitzen jarrai dezaten. Horretarako, osasun eta gizarte arloko arreta integratua bermatzen da, erabiltzaileen nahiz haiek zaintzeaz arduratzen direnen behar eta lehentasunen araberakoa. Etorkizuna Eraikiz foru ekimenaren barruan dagoela, Etxean Bizi programaren helburu nagusia da «hobetzea mendekotasun egoeran dauden eta beren ingurune familiar eta komunitarioan bizi diren adineko pertsonen bizi kalitatea», adierazi du Pasaia Donibaneko Kulturguneko aurkezpen jendetsuan Markel Olano diputatu nagusiak, ondoan izan dituela Izaskun Gómez Pasaiako alkatea, Mayte Sancho Matia Fundazioko Planifikazio zuzendaria, eta Maitane Irurieta gizarte langilea. Olanok azpimarratu duenez, Pasaia oso herri garrantzitsua da foru erakundearentzat, “hemen kokatuko baitugu Adinberri, zahartzeari lotutako erreferentziako zentro berria”.

«Bestela esanda –gaineratu du Olanok-, Etxean Bizi-ren xedea da laguntza behar dugunean ere etxean bizitzen jarraitu ahal izatea. Izan ere, ez dugu ahantzi behar Gipuzkoako adineko pertsonen % 80 baino gehiagok jarraitu nahi dutela beren etxeetan bizitzen, baita laguntza behar badute ere. Horretarako sortu dugu programa hau, birformulatu egiten duena arreta eredu gipuzkoarra, laguntza eta arreta ematen diena ahulezia edota mendekotasun egoeran dauden eta aukera hau baliatu nahi duten pertsonei».

Etxean bizi Matia Fundazioaren laguntza teknikoarekin gauzatzen ari da Elgoibarren, Pasaian eta Errenterian. Mayte Sanchok azaldu duenez, urtebetez, «II graduko mendekotasuna duten 200 pertsonekin egingo dugu lan urtebetez». Horietatik 100 «talde esperimentalean» egongo dira, eta era guztietako arretak bilduko dituen «arreta eredu bat» jasoko dute: gizarte arreta, osasun arreta, boluntario ekintza eta gertuko zerbitzuetatik eta inguru komunitariotik datozen beste hainbat. Beste 100 pertsonek (kontroleko taldea), aldiz, egun jasotzen duten «arreta jasotzen jarraituko dute, eta ondoren talde bateko kideen eta bestekoen arteko aldea aztertuko da, bizi kalitateari dagokionez».

Horrela, Etxean Bizi-ren bidez aipatutako herrien egungo egoera balioztatuko duen beharren «ebaluazio zorrotza egiten ari gara», azaldu du Diputatu Nagusiak. Emaitza horien arabera, «erantzun bat eta zerbitzuen zorro bat» eskainiko da. Zerbitzuen zorro hori tokiko administrazioen, osasun sistemaren eta hirugarren sektoreko eragileen laguntzarekin definituko da, eta «arreta guztiak integratu eta koordinatuko ditu». Eta gaineratu du kostuen azterketan Deustuko Unibertsitateak parte hartuko duela, Orkestraren bidez, ereduaren jasangarritasuna aztertzeko xedez.

 

80 urtetik gorakoak: % 49 gehiago 2031n

Gaur egun, 80 urtetik gorakoak 50.000 baino gehiago dira Gipuzkoan (EUSTAT), 2000. urtean zirenen bikoitza.  Eta 2026an 58.000 izango dira; hau da, gaur baino 8.000 gehiago. 2031n, berriz, 68.000 izango dira; hau da, gaur baino % 36 gehiago. Horietatik guztietatik, 25.800 mendekotasuna duten adinekoak izango lirateke, gaur egun baino %49 gehiago, bizi itxaropena handitzen ari baita. Horren harira, eta Eustatek emandako datuen arabera, gaur egun, gipuzkoarren batez besteko adina 44,69 urtekoa den bitartean, 2031rako batez besteko adina 47,19 urtekoa izango da. Olanok zehaztu du gaur egun, Gipuzkoako 88 udalerrietatik 38tan, biztanleriaren % 20 baino gehiago 65 urtetik gorakoa dela. Zerrenda horretan herri txikiak daude, baina baita herrigune handiagoak ere, hala nola Donostia (% 23,22), Irun (% 24,65), Eibar (% 21,02) edo Errenteria (% 23,15).    

«Datu horiek gogoan ditugula -adierazi du diputatu nagusiak-, Aldunditik bide orri bat prestatu dugu, zahartzearen erronkari aurre egiteko. Horretarako, «ikuspegi prebentiboa» duten neurriak bultzatuko dira, zahartze aktiboa lortzeko, eta mendekotasunari eskaintzen zaion arretak benetan autonomia pertsonala sustatzeko.

Gainera, kontuan hartuta adineko pertsonen % 80 baino gehiagok beren etxeetan jaso nahi dutela arreta,  hori «lehentasunezko helburu» bilakatu da Aldundiarentzat.  Xede horrekin, adineko pertsonei beren etxeetan «kalitatezko arreta» emateko aukera ematen duten zerbitzuak «sustatu eta indartu behar ditugu», beren etxeetan «ahalik eta denbora gehien» jarrai dezaten. Neurri horien artean dago Etxean Bizi, «aipatu herrietan modu esperimentalean abiarazi duguna».

Arreta eredu gipuzkoarra

Diputatu nagusiaren hitzetan, Etxean Bizi proiektuak, abiapuntutzat dituena Eusko Jaurlaritzak eta Matia Institutuak sustatutako Etxean Ondo esperientziaren emaitzak, aurrera egin nahi du «arreta eredu gipuzkoarraren» berrikuspenean, etxean «arreta integrala» emateko proposamen baten bidez, zeina arreta honetan inplikatuta dauden eragileen funtzioak «txertartu eta koordinatzeko» gai izango den: familiak; gizarte zerbitzuak, oro har eta etxeko arreta zerbitzua, bereziki; osasun arreta, lehen mailakoa eta espezializatua; etxeko eta zaintzako lan sektorea; laguntzaile pertsonalak; boluntarioak; gertuko zerbitzuak; eta partaidetza komunitarioko ekimenak, bereziki Lagunkoia mugimendua, gaur egun 52 udalerritara zabaltzen dena Gipuzkoan.

Amaitzeko, foru arduradun nagusiak adierazi du Etxean Bizi programak aurrera egingo duela arretaren «eredu gipuzkoarrean», eta, horrez gain, ziur dagoela «kostu eraginkorra izango dela, enplegua sortuko duela eta laguntza behar duten pertsonen, familien eta bizi diren lurraldeen bizi-kalitatea hobetuko duela, eta herritarren eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen arteko adiskidetasun-mugimendu bat sustatuko duela». «Azken buruan -esan du Olanok-, Etxean biziren gakoa da erakunde arteko baliabideak koordinatu eta optimizatzea, pertsonak erdigunean jarrita». Eta ildo horretan,  Etxean bizi programak «modu berri bat» jarriko du abian, laguntzak eta arretak emateko, kostua/onura erlazioan «eraginkorragoak» direnak, eta «koherenteagoak» bere etxeetan bizi diren adinekoen «nahi eta lehentasunekin». «Frogatu nahi dugu gure nagusiek nahiago dutena egingarria dela, eta modu jasangarrian, gainera».

  

1807