Etxebizitza, ekonomia, osasun zerbitzuak eta segurtasuna, Gipuzkoako gizartearen kezka nagusiak
Volver Etxebizitza, ekonomia, osasun zerbitzuak eta segurtasuna, Gipuzkoako gizartearen kezka nagusiak
Etxebizitza, ekonomia, osasun zerbitzuak eta segurtasuna, Gipuzkoako gizartearen kezka nagusiak
Ekonomiaren pertzepzioak hobera egin du, Gipuzkoako Soziometroaren arabera; gizartearen % 63,3k beren egoera ekonomikoak berdin jarraitzea espero du, %18,3k hobea izango dela uste du eta % 14,9k okerrera egingo duen beldur dira

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu ditu Gipuzkoako Soziometroaren azken neurketaren emaitzak, Gipuzkoako gizartearen herritarren kezkak eta gaurkotasuneko gaien inguruan duen iritzia neurtzera zuzendutako inkesta soziologikoa. Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusiak aurkeztu ditu datuak, abenduaren 5etik 13ra bitartean Gipuzkoan bizi diren 1.500 pertsonak egindako inkesta batean oinarrituta. Lagin horren arabera, etxebizitza, egoera ekonomikoa, osasuna eta herritarren segurtasuna dira gipuzkoarren kezka nagusiak.
Herritarren egoera ekonomiko pertsonalaren balorazioari dagokionez, diputatu nagusiak jakinarazi duenez, gora egin du beren bizi maila hobetzen sentitu duten pertsonen kopuruak, eta behera egin du hilaren amaierara iristea lortzen ez duten edo oso modu justukoan iristen diren familia kopuruak. Egoera ekonomiko pertsonalari buruzko kalifikazioa, batez beste, hamarretik 6,58koa da, eta, etorkizuneko bilakaerari dagokionez, inkestatutako pertsonen % 18,3k uste du hobea izango dela; % 14,9k, berriz, okerrera egitea espero du, eta % 63,3k, berdin jarraitzea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azken neurketa soziologikoarekin alderatuta –2023ko irailean egin zen, Aldundiaren Plan Estrategikoa egiteko lanen testuinguruan–, diputatu nagusiak ziurtatu du "pertzepzio ekonomikoak hobera egiten jarraitzen duela, ziurgabetasunak gorabehera, segur aski Gipuzkoako ekonomiaren sendotasunagatik, enpleguari buruzko datu onengatik eta inflazioaren apaltzeagatik", eta, aldiz, "sortzen ari diren beste kezka sozial batzuek" gora egin dutela. Lurraldeko arazoen herritarren rankingean, inkestatutako pertsonek honako hauek aipatzen dituzte lehenbiziko postuetan: etxebizitza (% 50), langabezia eta lan-prekarietatea (% 34,8), osasun zerbitzuak (% 25,5), egoera ekonomikoa eta bizi-kalitatea ( % 15,8) eta herritarren segurtasuna ( % 13,7).
Era berean, Soziometroaren arabera, Gipuzkoako gizartearen sentipen edo aldarte orokorrak hobera egin du, 7,48ra iritsi baita; neke (%48,3) eta kezka sentimenduak (%45) nagusitzen dira gehien. Nahi gabeko bakardadeari dagokionez, %16,3k dio nahi baino denbora gehiago pasatzen duela bakardadean, baina inkestatutako pertsona gehienek (%95,6k) adierazi dute konfiantzazko eta gertuko norbait dutela beren arazoak partekatzeko, norbaitekin hitz egin beharra sentitzen dutenean.
"Inkestak berresten digu Gipuzkoan badirela errealitate eta kezka emergenteak: etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, nahi ez den bakardadea, osasuna, segurtasuna... Pertsonen ongizatean zuzenean eragiten duten errealitateak dira, eta, horregatik guztiagatik, erantzun berritzaileak artikulatzen jarraitu behar dugu, betiere gure eskumenen esparruan, gainerako erakunde, eragile sozial eta ekonomikoekin batera", ziurtatu du diputatu nagusiak.
"Soziometroaren bitartez, modu aktiboan entzuten ditugu herritarren kezkak eta iritziak, eta ateratzen ditugun ondorioek politika publiko eraginkorragoak, berritzaileagoak eta kolaboratiboagoak egitea bilatzen dute", adierazi du Mendozak. Kasu honetan, inkesta telefonoz egin zen Gipuzkoan bizi diren 1.500 lagunen artean: 450 Donostialdean, 350 Bidasoa-Oarsoaldean, 350 Orian eta 350 Deba-Urolan. Inkestan udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako ausazko lagin bat erabili da.
Aktualitateko gaiak
Euskararen osasunaz galdetuta, herritarren pertzepzioa 10 puntutik 6,06koa da. Horri dagokionez, %35,3k uste du euskararekiko jarrera orokorra okertzen ari dela; %32,1ek uste du hobera egin duela, eta %28k uste du berdin jarraitzen duela. Gizonen eta emakumeen berdintasun-mailari dagokionez, inkestak 6,23 puntuko nota eman du, eta, aldi berean, %30,5ek uste du Gipuzkoako gizarteak hobetu beharreko alderdietako bat dela.
Abiadura Handiko Trenari dagokionez, inkestatutako hamar pertsonatik ia seik adierazi du abiadura handiko trenak onurak ekarriko dituela Gipuzkoa eta Euskadiren konektagarritasunean, garraio publikoan eta lehiakortasunean. %47,7k, berriz, Ezkio-Itsasoko lotuneak lehiakortasunaren ikuspegitik dakartzan onurak azpimarratu ditu, "Euskal Ya" Nafarroarekin lotzeko orduan.
Aldundia eta Batzar Nagusiak
Gizartearen eta erakundeen konfiantzari buruzko inkestaren atalean, herritarren % 71,4k esan du ez duela konfiantzarik politikan, nahiz eta ehuneko hori hobetu egin den azken neurketatik (%78,4) hona. Hala ere, fokua erakundeetara mugituz, administrazio gehienek herritarren balorazioen galbahea gainditu dute: udalak dira notarik onena lortu dutenak, 5,71 punturekin; bigarren tokian Aldundia dago, 5,69 punturekin; Eusko Jaurlaritzak ere 5 puntuko muga gainditu du, 5,40ko notarekin; eta, azkenik, Espainiako Gobernua 3,91n geratu da. Aldundiari buruz soilik galdetuta, elkarrizketatuek 5,75eko batez besteko notarekin baloratu dute foru-erakundeaz eta egiten duten jardueraz duten irudia. Aldiz, oposizioak ez du bost puntuko muga gainditzen eta 4,90eko nota lortu du.
Azkenik, Soziometroak inkesta elektoral bat ere jasotzen du. Horren arabera, EH Bilduk botoen % 39,4 lortuko lituzke, 2023ko foru hauteskundeetan baino 2,1 puntu gehiago. EAJ-PNVk, bere aldetik, 0,4 puntu egingo luke gora, botoen %33 eskuratuz. PSE-EE izango litzateke hirugarren indarra botoen %14,6rekin, 2023an baino 1,4 puntu gutxiago. PPk botoen %6,2 lortuko lituzke, 0,2 puntu galduta, eta Elkarrekin Podemosek botoen %4,8 lortuko lituzke, hauteskunde horietan baino 1,8 puntu gutxiago. Aurreikuspen horiek Batzar Nagusietako eserlekuetara eramanda, EH Bilduk Batzar Nagusietako ordezkaritzari eutsiko lioke (22), EAJ-PNVk batzarkide bat irabaziko luke (18), PSE-EEk 7 ordezkarirekin jarraituko luke, PPk bere 3 eserlekuei eutsiko lieke, eta Elkarrekin Podemosek eserleku bat galduko luke, bi izatetik bat izatera igarota.
4518