Etxebizitza, gizarte bazterkeriari aurre egiteko
Etxebizitza, gizarte bazterkeriari aurre egiteko
Diputatu nagusia Habitat Gipuzkoa programako bost pisuetako batean egon da, eta emaitza «oso positiboak» lortu direla azpimarratu du
Markel Olano diputatu nagusia Donostian izan da gaur, «Habitat Gipuzkoa» programa pilotuak Donostian dituen 5 pisuetako batean. Programa horrek, «Housing First» ereduari jarraituz, etxebizitza eskaintzen die gure lurraldean etxerik gabe dauden pertsonei. Rais Euskadi fundazioaren ekimen bat da, zeina foru erakundeak sustatzen baituen, Donostiako Udalaren laguntzarekin, honek utzi baititu pisuak, 2016-2020 Elkar-EKIN Gipuzkoako Gizarteratzeko Planaren esparruan. Olanok aurreratu du Habitat Gipuzkoaren helburua dela 10 etxebizitzara iristea, eta, horregatik, Donostiako 5 pisuez gain beste 2 zabalduko direla laster Gipuzkoako bi herritan. Izan ere, azpimarratu du proiektuaren emaitzak «oso positiboak» izaten ari direla, «parte-hartzaileen % 100ek programak emandako etxebizitzan jarraitzen baitute etxebizitzara sartu eta urtebetera ere».
Diputatu nagusia pisu horietako batean egon da, Gizarte Politikako diputatu Maite Peñarekin, eta Rais Euskadiko zuzendari Alejandra Puentek azaldu du Habitat Gipuzkoa programaren helburua dela «etxebizitza bat oinarri gisa erabiltzea», etxerik gabeko pertsona talde batek -denbora luzean kalean egon direnak, oso hondatuak eta/edo adikzio bat dutenak, buru osasuneko arazo larri batekin eta/edo desgaitasunen batekin-, laguntza lanari esker, «aukera espazio» bat aurki dezan, ingurunearekiko harremana berreskuratzeko, eta, horrela, «bazterketa egoeratik» irteten lagunduko dien «laguntza sare sozial» egoki bat eraikitzeko.
“Gure lurraldeak etorkizunera determinazioz begiratzen du. 2018an gizarte eta ekonomiaren alorrean aurrerapausoak eman ditu, baina pertsona guztiek aurrerabide horretan beren lekua izatea nahi dugu. Ez dadin inor atzean geratu. Horregatik lanean segi behar dugu, baztekeria egoeran edo arriskuan daudenen mesedetan sortutako ekimenak bultzatuz, gizartearekiko zubiak eraikiz eta sendotuz. Hori da 2019rako daukagun desioa eta, aldi berean, konpromisoa. Pertsonak erdigunean izango dituen Gipuzkoa eraikitzen jarraitzea”, azpimarratu du Olanok.
Habitat Gipuzkoa programan parte hartzen dutenek -batez besteko adina 49 urte gizonen kasuan eta 41 urte emakumeen kasuan- ez dute laguntza familiarrik. Kalean edo larrialdiko egoitzetan batez beste lau urte eman ondoren, buruko osasuneko arazoak izaten dituzte; zenbait kasutan ez dute behin betiko diagnostikorik, baina bistakoak dira buru patologiak, eta baita alkoholaren eta kalamuaren kontsumoak ere.
Aldundia, Rais elkartearekin eta Donostiako Udalarekin batera, proiektua aldian behin ebaluatzeaz arduratzen da. Lau urterako jartzen da abian, eta Aldundiak 30.000 euro inbertituko ditu. Programa abian jartzeko, Gizarte Politikako Departamentuak, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuarekin batera, zerrenda bat egin zuen, programan parte hartzeko egokiak izan zitezkeen hogei pertsonekin -hamabost gizon eta bost emakume-; ondoren, Rais elkartearen laguntzarekin, bost etxegabe aukeratu ziren, beren bizitzak birbideratzeko aukera izan zezaten, eta horiek dira, hain zuzen, orain Donostiako auzo desberdinetan kokatuta dauden bost apartamentuetan bizi direnak.
Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, Aldundiak jada baditu gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonei arreta ematen dieten zerbitzu eta egoitzak, baina proiektu honekin bilatu dena da «gizarteratzea sustatzeko molde berri bat abian jartzea, eredu bakarrarekin ezin baitzaie erantzun egun ditugun esku-hartze guztiei».
Erabiltzaileen konpromisoak
Etxebizitza mota honen erabiltzaileek 4 konpromiso hartu behar dituzte ezinbestean: Etxebizitza dagoen komunitateko bizilagunekin elkarbizitza normalizatua izatea; proiektuko profesional batek gutxienez astean behin bisitatzea onartzea; proiektuaren ebaluazioan parte hartzea; eta diru-sarrerak izanez gero, diru-sarreren % 30eko ekarpena egitea programa garatzen laguntzeko.
Etxebizitza guztiek altzariak, etxetresnak eta oinarrizko gauzak dituzte; horiek guztiak parte-hartzaileen esku jartzen dira, nahi bezala erabili edo antolatu ditzaten, etxebizitzak bakoitzaren gustura pertsonalizatu ahal izateko. Etxebizitzak prestatzeko (garbiketa eta altzariak) beste entitate sozial batzuen laguntza bilatu da: Tinko, Beti Gizartean fundazioak sustatutako irabazi asmorik gabeko garbiketa enpresa; Emaus eta Reymar, altzarien eta etxeko gauzen zati bat erosten dituztenak.
Alejandra Puentek, bestalde, esperientziaren «balorazio positiboa» egin du; izan ere, parte-hartzaileek aldaketa handiak egin dituzte denbora oso gutxian: «etxebizitza propioetan erroldatzea, DSBE eskuratzea, buruko osasuneko tratamenduetara atxikipena, elikadura ohituren erregularizazioa, alkohol kontsumoa murriztea, komunitatearekiko atxikipena». Azpimarratu du, halaber, gorabeheraren bat ere gertatu dela; izan ere, «denbora luzean kalean bizi izan diren pertsonak dira, gabezia asko dituztenak, eta harremanetarako eta elkarbizitzarako gaitasunak falta zaizkie».
Rais Euskadiko lehendakariak adierazi du «etxegabeekin lan egiten esperientzia handia duen hezitzaile taldea dugu, eta hori erabakigarria izan da esku hartu ahal izateko, eta baita emaitzak lortzeko ere». Horri dagokionez, diputatu nagusiak teknikarien lana goraipatu du, haien ezagutzak, jarraipen lana eta bitartekaritza funtsezkoak baitira parte-hartzaileentzat berriak diren bizi egoera horietan esku hartzeko.
«Gure ustez, alojamendu egoki bat ematea ezinbestekoa da ondoren bestelako arazo sozial eta sanitarioak konpondu ahal izateko», esan du amaieran diputatu nagusiak. Nabarmendu nahi izan du, baita ere, Habitat Gipuzkoa programarekin «bizirauteko beharra asetzen duen esku-hartzeaz harago joaten garela, norberak bere buruarengan sinestea ahalbidetuko duen etxe giroa lortzen baita».
2460