Europan erreferente diren bazkideekin indartuko du Etorkizuna Eraikiz Aldundiak
Europan erreferente diren bazkideekin indartuko du Etorkizuna Eraikiz Aldundiak
Europako Batzordearen aholkulari lanak egiten dituen think tankeko lan taldeetan sartu da foru erakundea
Gipuzkoa diputatu nagusia, Markel Olano, Bruselan da egunotan, Europako erakunde eta sare ezberdinetako ordezkariekin lan bilerak egiten. Topaketa hauetan Etorkizuna Eraikiz dinamika dago mahai gainean, eta eragile ezberdinen ekarpenak jaso eta elkarlanerako eta finantzaketarako bide berriak aztertzen ari dira. Zibersegurtasuna, zahartzeari arreta, energia biltegiratzea eta mugikortasuna eta fabrikazioa aurreratua bezalako gaiak izaten ari dira hizpide, eta Etorkizuna Eraikizen aurreikusten diren erreferentziazko zentroak azaltzen ari dira. “Europako bazkide berriak inplikatu nahi ditugu martxan jartzera goazen zentro hauetan, hala nola, jakintza sareak, unibertsitateak, enpresak edo teknologia zentroak, asko baitaukagu elkarrengandik ikasteko. Honela, zentro hauen jarduera aberastu eta punta jakintza lortuko ditugu”, azaldu du Olanok.
Diputatu nagusiarekin batera, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatu den Imanol Lasa eta Kanpo Harremanetako zuzendari den Iker Goiriak ere hartu dute parte bileretan. Horrela, foru ordezkaritza Europako Batzordeko presidente den Jean-Claude Junckek martxan jarritako think tankarekin elkartu da, European Political Strategy Center (EPSC) delakoa. Eragile honek erakunde arteko lana bultzatza du helburu, Europar Batasuna eraiki eta etorkizuneko erronka eta aukeren aurrean prestatzeko. Azterketa estrategikoak eta aholkularitza zerbitzuak egin eta presidenteari eta Batzordeari babesa ematen dio.
Olano EPSCko arduradun diren Ruby Gropas eta Rainer Münzekin elkartu da, azken hau Migrazio eta Demografia gaietan aholkulari berezia dena. Bileraren helburua think tank honen funtzionamendua sakonki aztertzea izan da, 2016 urteko Think Tank Berririk Onena izendatua izan dena eta bere ibilbidean zehar beste hainbat aitorpen lortu dituena. Foru ordezkariek berriki Gipuzkoan martxan jarri den Etorkizuna Eraikizeko think tankaren berri ematen diete. Gropasek proposatu du EPSCk antolatzen dituen lan taldetan sartzea Aldundia eta, ondorioz, foru erakundeak dinamika hauetan parte hartuko du Etorkizuna Eraikizen eskutik.
“Ezagutza aurreratua eta politika publikoen diseinuan talentua erakarri eta erabakiak hartzen diren guneetara gizarte antolatua gehituz, gobernantza eredua transformatzeko asmo partekatua dugu alde denek. Apustu hau entzute handiko Europako erakunde baten eskutik egitea zirraragarria da benetan. Aldundia aurrerantzean think tank honen parte izatea lorpen handia da, eta ziur nago gure erakunde, enpresa, elkarte, unibertsitate eta zentro aurreratuentzako aukera berriak irekiko dituela”, nabarmendu du Olanok.
Alda Europa sareko idazkari nagusi den Antonella Valmorbidarekin ere elkartu da Aldundia. 20 urteko ibilbidea duen eragile honek gobernantza ona eta herritarren partaidetza sustatzea ditu jomuga, eta begi onez ikusi du foru erakundea bere proiektuan sartzea. “Elkarlaneko gobernantza mahai gainean dagoen kontua da Europako herrialderik aurreratuenetan. Etorkizuneko erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko agenda politiko berria eratzen ari da. Testuinguru honetan, Gipuzkoak herrialde aurreratuenekin kokatu behar du, elkarlanean eta esperimentazioan oinarritutako proiektu eta praktika onak partekatuz”, azaldu du diputatu nagusiak.
Aldundiaren helburua da Europan entzute handiko eragileak identifikatzea, Etorkizuna Eraikiz programan jasotzen diren gaiak jorratzen ari direnak. Gero, beraiekin “elkarlan egonkor eta eraginkorra” ezarri nahi da, “esperientzien trukaketa hutsetik haratago joango dena”. “Jauzi kualitatiboa eman eta Etorkizuna Eraikiz dinamikaren nazioartekotze sarea funtsezko elementua da Gipuzkoarentzat, ekonomia lehiakortasun eta gizarte politiken jasangarritasunaren ikuspegitik.
Foru ordezkariek agenda bete lan izango dute bihar ere. Tartean, lan topaketak izango dituzte, besteak beste, Marta Martin Euskadiko ordezkariarekin; Normunds Popens, Europako Batzordeko Lurralde eta Urbanismo politiken presidenteordea; Izaskun Bilbao europarlamentaria; eta Angelika Poth, Europako Udal eta Erregioen Kontseiluko (CEMR) zuzendari exekutiboa.
2386