'Europar leihatila' abiarazi da, toki entitateei aholku emateko
'Europar leihatila' abiarazi da, toki entitateei aholku emateko
Gaur aurkeztutako Europar Proiektuaren Bulegoaren bitartez, finantziazioa, sareetako parte-hartzea eta itunak sustatuko ditu europar esparruan
‘Gipuzkoa Europan Indartuz’ izeneko estrategia aurkeztu du gaur Foru Aldundiak. Horren bitartez, lurraldeko udalen, udal elkarteen eta garapen agentzien partaidetza indartuko du Europan, eta baita foru erakundea berarena ere. Helburu horrekin, Markel Olano diputatu nagusiak jakinarazi duenez, Europar Proiektuen Bulegoa edo europar leihatila deritzona zabaldu du, toki entitateei aholkularitza eskaintzeko “egun dauden aukera handien inguruan”, bai proiektuak finantzatzeko, eta baita sare kolaboratiboetan parte hartzeko ere, interes handiko proiektuetan bereziki.
Gaurko jardunaldian izan dira, Diputatu Nagusiaz gain, Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europar Gaietarako zuzendaria, Bruselako Euskal Ordezkaritza, Marta Martin arduraduna buru duela, Bartzelonako Diputazioko eta Baga eta Vilafranca del Penedes udaletako ordezkariak, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua, Iker Goiria Kanpo Harremanetako zuzendaria, eta Gipuzkoako 20 udal inguruko ordezkari instituzional eta teknikoak, horien artean Eibar, Errenteria, Hondarribia edota Bergara.
Aldundiak zabaldutako Europar Proiektuen Bulegoaren aurkezpena izan da, hain zuzen, jardunaldiaren gai nagusietako bat. Horrek eskaintzen dituen zerbitzuen katalogoa helarazi zaie toki entitateetako ordezkariei. Bulegoak informazioa eta aholkularitza eskainiko dizkie udalei eta eskualdeei, proiektuetarako kofinantzazioa bilatzeko sortzen diren aukeren, irtenbideen eta erronken inguruan (programak, fondoak…), edota Europako beste udalerri eta eskualdeekin elkarlan itunak finkatzeko, dauden aukera guztiei etekinik handiena atera ahal izateko.
Leihatila berriak informazio pertsonalizatua eta formazioa emango ditu programa, deialdi eta aplikazio arauen inguruan. Aholkularitza teknikoa eskuratu ahal izango dute udalek, martxan jarri nahi dituzten ekimenen inguruan, baita aukera berriak detektatzerakoan ere. Halaber, udalek abiarazitako proiektuen jarraipena egingo du, zalantzak argituz eta gomendioak eskainiz. Aldundiak Europan gehiago parte hartzea ere bultzatuko du, erakunde barruan aholkularitza eskainiko baitie zuzendaritza guztietako arduradunei. Bulegoaren telefonoa 943112322 da, eta helbide elektronikoa europa@gipuzkoa.eus.
“Udalak partaide bihurtu nahi ditugu diseinatu dugun nazioarteratze estrategian, eta estrategia horren barruan Europak garrantzi handiko rola dauka. Askok Europa kontzeptu gisa ezbaian jartzen ari diren honetan, guk, aldiz europar integrazioan sakontzea eskatzen dugu. Herrien Europa eraikitzen jarraitzea, bere sorrera baloreei leiala izango dena: justizia, elkartasuna, garapen ekonomikoa, eta gizarte babesa”, adierazi du Olanok.
“Gipuzkoak ezin du bigarren mailako aktorea izan Europako testuinguruan –gaineratu du-. Rol protagonista jokatzea nahi dugu pertsonen Europa eraikitzerakoan, eta bide horretan, bazkide ditugu udalak. Horregatik jarri ditugu Aldundiaren baliabideak beraien eskura, Bulego berriarekin; Europaren inguruan duten ezagutza hobetzeko, uruntasun klitxeak apurtzeko, zalantzak argitzeko… Europar esparrura zabaltzerakoan eta europar programa eta fondoetan sartzerakoan duten baliabide faltari ere aurre egin nahi diogu”.
Olanok nabarmendu duenez, Europar sareetan parte-hartze erregularragoa eta aktiboagoa edukitzea “oso aberasgarria” izango da Gipuzkoarentzat. “Badugu zer erakutsi, eta badugu ere zer ikasi. Behin baino gehiagotan esan dugu guretzat Europako herrialde aurreatuenak direla gure eredu. Ezinbestekoa da jakitea zertan ari diren, gure Lurraldean modernizazioa, garapena eta kohesio soziala bultzatzen jarraitzeko, bereziki estrategikoak diren eta gure etorkizuneko erronkei erantzuten dieten arloetan, hala nola gobernantza, gizarte politika, ‘smart city’-a edo sustapen ekonomikoa”.
Ildo berean mintzatu da Imanol Lasa, gogoraraziz euskal erakunde publikoak sektore pribatuaren atzetik joan direla europar partaidetzari dagokionean, eta etekin handiagoa atera diezaioketela duten potentzialari. Izan ere, BPG adierazle bezala kontuan hartuta, Euskadi Estatuaren % 5-6 da, baina europar programetan duen partaidetza ez da estatuaren partaidetza osoaren % 1,5era iristen. Egoera hori irauli nahi dugu”, azaldu du. Ildo horretan, adierazi du Europar Batasunaren 2014-2020 bitarteko programak, 300 guztira, Gipuzkoako udalek eta eskualdeek “ihes egiten utzi ezin duten aukera” direla, eta beraien ekimenak aurkeztera animatu ditu.
Arrakasta kasuen aurkezpenarekin amaitu da gaurko jardunaldia. Kataluniako hiru arlo instituzionaleko ordezkariek parte hartu dute, Europara zabaltzeko egiten duten lana azalduz. Kontxi Odriozolak –Bartzelonako Diputazioa-, Meritxell Montserratek eta Carme Ribasek –Bagako Udala-, Nicolas Visok -Villafranca de Penedès-eko alkatea- eta Edouard Barconsek –Berguedá eskualdeko garapen agentziako gerentea-, alor honetan martxan jarri dituzten egitasmoen berri eman dute. “Gipuzkoa udalerrien batez bestekoaren antzeko tamaina dute udalerriok. Haien testigantza oso aberasgarria izan da”, amaitu du Lasak.
2745