Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskal Itsas Museoak "Elkano. Lehenengo Mundu Bira" erakusketa aurkezten du

Euskal Itsas Museoak "Elkano. Lehenengo Mundu Bira" erakusketa aurkezten du

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako erakusketa 2020ko maiatzaren 31ra arte doan egongo da ikusgai.

2019/11/27
  • Hilero, Elkanoren irudiari buruzko jarduerak izango dira museoan: antzerkia, bisita antzeztuak, haur eta nagusientzako tailerrak, XXI. mendeko abenturazaleekin topaketak eta hitzaldiak.
  • Denis Itxaso: "Elkano Gipuzkoako espiritu ekintzaileak duen onena ekartzen digu"

Donostian, 2019ko azaroaren 27an. Denis Itxaso Kultura diputatuak, Xabier Alberdi eta Mariana Rotaeche Euskal Itsas Museoko zuzendari eta koordinatzaileekin batera, «Elkano. Lehenengo Mundu Bira» erakusketa aurkeztu du. Erakusketa honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak Bosgarren mendeurrena ospatzeko ekitaldiekin bat egiten du.  Denis Itxasoren hitzetan, "Elkano irismen globaleko gertaera historiko baten protagonista izan zen, Gipuzkoan eta Euskadin oso presente dagoen izpiritu baten onena irudikatzen duena: oraina hobetzeko eta eraldatzeko urrunera begiratzen duten ekintzaileena".

Duela 500 urte Juan Sebastian de Elkanoren espedizioa izan zen munduari bira ematen lehena.  Victoria ontzia, gipuzkoarra buru zuela, iritsi zen bakarra izan zen Molukas uharteetarako –espezie preziatuenen iturri–, bide berri baten bila abiatu ziren bost ontzietatik. Balentria handi hori Euskal Herriko ezagutza nautikoen eta itsas teknologiaren uztartzeari esker egin ahal izan zen, zeinak mende bat lehenagotik nagusi baitziren Europako mendebaldeko itsas ibilbide nagusietan. "Elkano. Lehenengo Mundu Bira» erakusketak aldarrikatzen du lehen inguratzea Elkanoren ekimenari esker eta hark zituen ezagutza nautikoei esker burutu ahal izan zela.

Xabier Alberdi Museoko zuzendariaren iritziz, "Juan Sebastian de Elkano izan zen Moluketatik mendebalderantz nabigatzen jarraitzeko erabakia hartu zuena, ibilbide ezezagunetatik.  Munduko Lehen Itzulia bere jenialtasunari esker izan zen posible, bere ezagutza nautiko, kosmografiko, teknologiko eta ekonomikoetan, eta bere lidergo gaitasunean oinarrituta". 

Erakusketak gizateriaren historiako gertakari garrantzitsu horren berrikuspena egiten du, beste ikuspegi batetik, Xabier Alberdi museoko zuzendariak egindako ikerketei esker eta erakusketa honetarako erabili eta sortutako baliabideei esker (ikus-entzunezko interaktiboak, besteak beste).

"Elkano. Lehenengo Mundu Bira" erakusketak arreta berezia jartzen du honako alderdi hauetan: 

  • Testuinguru historikoa eta bidaiaren kontakizuna.
  • Espedizioaren antolakuntza, izen propioak zituzten euskaldunen parte-hartze zabala azpimarratuz: administratzaileak, armadoreak, merkatariak eta nabigatzaileak.
  • Elkanoren legatua, zientifikoa zein ondarezkoa. 

Gai horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumetako eta San Telmo Museoko Gordailutik ekarritako obrei eta piezei esker ilustratzen dira: nabarmentzekoak dira Ignacio de Zuloagak, Elias Salaverríak eta Pablo Urangak egindako olioak, duela 100 urte Gipuzkoako Aldundiak IV. Mendeurrena dela eta eskatutakoak.  Elias Salaverríaren "la ofrenda de Elcano" koadroa ikusgai dago erakusketa honetarako Gordailuko instalazioetako adituek egindako zaharberritze prozesuaren ondoren.

Artelanak ez ezik, hainbat objektu ere ikusi ahal izango dira erakusketan, hala nola duela 500 urte espedizioan ontziratu zirenak: armak, lan tresnak, sukaldeko tresnak, musika tresnak, arrantza tresnak... horiek guztiek espedizioa egiteko erabili zituzten tresnak ikusteko aukera emango diote bisitariari.

Nabarmendutako beste piezetako bat 1475eko botozko taula da, Zumaiako parrokiatik datorrena, eta garai hartako naoak nolakoak ziren jakiteko lehen mailako lana dena.  Getariako Udala, Euskadiko Artxibo Historikoa eta Gipuzkoako Artxibo Nagusia dira obra eskaintzen duten beste erakunde batzuk.

Erakusketa bizia

"Erakusketa hau objektu eta lanetatik haratago doa, erakusketa bizia da.  Askotariko programazioa sortu dugu, askotariko formatuetan eta publiko ezberdinentzat", azaldu du Mariana Rotaeche museoko koordinatzaileak.  "Elkanoren figura (astrologia, gastronomia, abentura) aztertzeak ekarri dizkigun gaiak azalaraziko duen programazioa sortu nahi genuen, eta, era berean, museoa publiko orori zabaldu", azpimarratu du museoko koordinatzaileak.

Erakusketaren egitarauak hainbat ekimen bilduko ditu hilero: bisita gidatuak, tematikoak eta antzeztuak; espezialistekin topaketa irekiak, espedizioarekin zerikusia duten hainbat gairi buruzko gogoeta sustatzeko (astronomia, kartografia, nabigazioa, musika …); familia-tailerrak; hitzaldiak eta elkarrizketak "XXI. mendeko elkanoekin"...  Azken horretan, mundu bira egin duten pertsonekin hitz egingo dute, ibilbide berriak irekitzea edo orain arte inoiz lortu ez diren helburuak lortzea lortu dutenekin, hala nola Julio Villar bidaiari, idazle eta alpinista donostiarrarekin, Pou anaiak eskalatzaile eta alpinistekin eta Ane Miren Miralles nabigatzailearekin.

Familia museoa

Familiak museora gerturatzeko asmoz, "Elkano. Lehenengo Mundu Bira"  erakusketaren inguruan, familia tailerrak antolatuko dira abendutik maiatzera zenbait larunbat arratsaldetan. 

Gainera, bisita librea etxeko txikienei egokitzen zaie. Izan ere, 6 eta 12 urte bitarteko bisitariek koaderno bat izango dute eskuragarri, doan, "Elkano. Lehenengo Mundu Bira» erakusketan egingo duten bisitan bete beharko dutena.

Argibideak

«Elkano. Lehenengo Mundu Bira». 2019ko azaroaren 27tik 2020ko maiatzaren 31ra arte

Ordutegia: Asteartetik larunbatera: 10-14 / 16-19

Igande eta jaiegunetan: 11-14 

Astelehenetan itxita.

Doako sarrera. Jarduera osagarri batzuk ordaintzekoak izango dira.

Elkano bideoaren esteka hemen behean.

https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/multimedia/-/-elkano-lehenengo-mundu-bir-1

 

 

 

  

1725