Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskal Ogasunek laguntza-neurri berriak adostu dituzte, COVIDaren krisiak gehien kaltetutako sektoreentzat

Euskal Ogasunek laguntza-neurri berriak adostu dituzte, COVIDaren krisiak gehien kaltetutako sektoreentzat

Zerga pizgarri berriak ezarriko dituzte, pandemiak bereziki kolpatu dituen kolektiboei alokairutan jaitsierak sustatzeko.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru Ogasunek Foru Dekretu-Arau berria adostu dute, aurki eramango dena hiru lurraldeko historikoetako aldundietako Diputatuen Kontseiluetara. Araudi berria jada partekatu dute Eusko Jaurlaritzarekin, eta neurri berriak ezartzen ditu COVID-19aren pandemiak eragin duen krisi ekonomikoak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntzeko, bereziki autonomoak eta enpresa txikiak.

 

Alokairuak

Hartutako neurrien artean, nabarmentzekoa da zerga pizgarri berriak ezarriko direla, COVID-19aren krisiak bereziki kaltetu dituen negozioei alokairua jaisten dioten alokatzaileentzat, esaterako ostalaritza edo merkataritza txikia.

Kenkari aplikagarria izango da, bai negozioen alokairuetatik eratorritako errenten kasuetan, zein negozio lokalen eta pabiloien alokairuen kasuetan, eta baita ere jarduera ekonomikoak egiten diren etxebizitzen alokairuen kasuetan ere, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) zein Sozietateen gaineko Zergan ezarriko da.

          Honela, PFEZaren kasuan, jaitsitako zenbateko osoa gastu kengarri bezala hartuko da. Hala ere, alokairua alokatzailearentzako kapitalaren etekina den kasuetan, sarrera nahikoak ez izateagatik kengarri ez den gastuaren zatia kenkari bezala erabiltzeko eskubidea egongo da, kuota osoaren % 15ekoa. Kenkaria aplikatu ahal izateko kuota nahikorik ez dagoen kasuetarako, hurrengo urteko PFEZan aplikatu ahal izango da.

          Sozietateen gaineko Zergaren kasuan, alokatzaileek hemen ere gastu kengarri bezala izango dute COVID-19 dela eta, jarduera ekonomikoa bereziki kaltetua izan dutenen alokairuaren errentan egindako murrizpenaren zenbateko osoa.

           Bestalde, bi baldintza bete beharko dira kenkariak aplikatu ahal izateko: lehenik, alokairuaren zenbatekoaren jaitsiera gutxienez 2021 urteko hiru hilabetetan luzatuko da; eta bigarrenik, ezingo da egon inongo konpentsaziorik edota denboran aurrerago egindako alokairuko errentaren berreskurapenik, ez etorkizunean alokairuaren errentan egindako igoeren bitartez, ezta bestelako prestazioen edota maizterrak edota hirugarren pertsonek egindako beste edozein motatako kontraprestazioen bitartez ere.

 

Ordainketa zatikatuak

Bestalde, adostutako bigarren neurria autonomoen kolektiboari zuzenduta dago. 2020 urteko lau hiruhilekoetan egin bezala, jarduera ekonomikoak egiten dituzten PFEZaren zergadunek ez dizkiote derrigorrean 2021 urteko lehen eta bigarren hiruhilekoei dagozkion ordainketa zatikatuak foru Ogasunei autolikidatu eta ingresatu beharrik izango.

 

Jarduera ekonomikoei berrekitea

Azkenik, foru Ogasunek kenkari berriak ezartzea adostu dute, COVID-19ak bereziki kaltetu dituen jarduera ekonomikoak berriro ere aktibitatera itzultzen laguntzeko.

  

2089