Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskaltegietako ikasketak doako izateko dirulaguntza berria

Euskaltegietako ikasketak doako izateko dirulaguntza berria

Aldundiak eta HABEk sinatutako hitzarmenari esker, 2019an B2ra arteko maila egiaztatu dutenei matrikula % 100ean bueltatuko zaie

Hitzarmenaren sinadura

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, lurraldean euskaltegietako ikasketak doako egingo dituen dirulaguntza berria bideratzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Foru jauregian egindako sinadura ekitaldiaren bitartez, HABEk zein udal-erakundeek euskara ikasleei ematen dieten dirulaguntzari gehituko zaio orain Foru Aldundiaren ekarpena eta, horrela, 2019an dagoeneko B2ra arteko maila egiaztatu dutenei matrikularen balioa % 100ean bueltatuko zaie.

Hitzarmenaren bitartez, HABEk ematen dituen dirulaguntzak osatuko ditu Foru Aldundiak, eta, aldarrikapen historiko bati erantzunez, lurraldean euskaltegietako ikasketa prozesuaren doakotasuna lortuko da horrela. Aldundiaren laguntza hori HABEren bitartez kudeatuko da eta, ondorioz, ikasleek HABEn egindako dirulaguntza eskaria nahikoa izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eskuratzeko, eskaera bikoiztu beharrik gabe. Zehazki, 42.457 euro bideratu ditu Aldundiak euskaltegietako ikasleei zuzendutako dirulaguntza osagarrien lerro horretara.

Gipuzkoako diputatu nagusiak gogoratu duenez, botere publikoek, eragile politikoek eta helduen euskalduntze-alfabetatze esparruko eragile sozialek “aho batez” onartzen dute urrats garrantzitsua izango litzatekeela, alegia, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak definitzen dituen mailen artean B2 maila bitarteko ibilbidea “guztiz doakoa” izatea. “Helburu hori gauzatzeko ekarpena egin du horrela Foru Aldundiak. Gipuzkoa determinazio osoz aurrerapausoak ematen ari da Hizkuntza Berdintasuna gauzatzeko bidean eta, horretarako, ezinbestekoa da herritar guztiei euskara ikasteko aukera eskaintzea”, azpimarratu du Markel Olanok.

“Euskara ikasteko ahalegina eta pausoa ematen duten horiek guztiek merezi dute Administrazioaren babes osoa eta errekonozimendua”, laburbildu du diputatu nagusiak, zeinek nabarmendu duen gaur sinatutako hitzarmenaren oinarrian dagoen “erakunde arteko elkarlana”, nahiz “euskaltegi sareak” eta HABEk helduen alfabetatze eta euskalduntzean egiten duten “lan izugarria”.

Bingen Zupiria sailburuak, bestalde, “herri mailako apustu partekatu” bat izan dela nabarmendu du eta erakundeen lankidetza txalotu du: “Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen 2020rako doakoa izango zela euskara ikastea B2 mailara arte. Leku batzuetan konpromisoa bete da jada, eta gainontzekoetan 2020an beteko da. Herri mailako apustu partekatu bat izan da, eta posible izan da erakundeen arteko lankidetzari esker; hau da, Eusko Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen elkarlanari esker. Uste dugu mugarri historikoa dela, eta balio beharko luke euskara indartzen jarraitzeko, ezagutza baita lehenengo baldintza gure hizkuntza sustatzen jarraitzeko”.

  

3805