Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskaraldiaren oinarriak ezarri eta “dinamika sozial” berri bat sorrarazteagatik, Pello Jauregik jaso du Abbadia Saria

Euskaraldiaren oinarriak ezarri eta “dinamika sozial” berri bat sorrarazteagatik, Pello Jauregik jaso du Abbadia Saria

Markel Olano: “Euskararen biziberritzeak bizi duen bidegurutzean, elkarlanak, berrikuntzak eta gizarte aktibazioak erakutsi behar digute norabidea”

Pello Jauregi Etxaniz irakasle eta ikerlariak (Donostia, 1958) jaso du 2020ko Abbadia Saria, Euskaraldiaren oinarriak ezarri eta, horrekin batera, “dinamika sozial” berri bat eragiteko gai izateagatik. “Euskararen hedapenerako aukera neurtezinak sortu ditu”, aitortza egin dio Gipuzkoako diputatu nagusiak, epaimahaiaren irizpideak bere eginez, aurtengo omenduaren oroigarria emateko garaian.

“Euskararen erabilera zabaltzeko ahaleginean, azken urteotako berririk pozgarriena dugu Euskaraldia. Batetik, norbere ohiturak aztertzeko eta astintzeko ariketa egingarria eta positiboa proposatzen digulako. Bestetik, konpromiso kolektibo eta partekatu baten bultzada dakarrelako berekin. Euskararen erabilera sustatzeko eta eremu berrietara hedatzeko egitasmo berritzailea eta eraginkorra da”, nabarmendu du Olanok, berau “pentsatu eta garatzeko” garaian Pello Jauregiren ikerlan eta gogoetek izandako garrantzia aitortuz.

Aurtengoa “ezberdina” izaten ari bada ere, diputatu nagusiak irakurketa “positiboa” egin du bigarren edizio honen inguruan. Horretarako, ariguneen sorrerari erreparatu dio –Foru Aldundiko langileek 190 sortu dituzte, 1.140 partaiderekin–, esateko “are eta indar handiagoa” ematen diotela Euskaraldiari. “Lan munduak lehentasunezko esparru behar du, euskararen erabilera sustatzeko garaian, eta hor dinamika berriak sortzeko tresna eskaintzen dute ariguneek, langileen arteko adostasunean eta konfiantzan oinarrituz, gainera”, gehitu du.

Amaitzeko, diputatu nagusiak “esker-ona eta errekonozimendua” adierazi dizkio Pello Jauregiri, “hizkuntza berdintasuna lortzeko” ekinbideak garatzeko garaian egindako “ekarpenengatik” eta “teoriaren eta praktikaren arteko” distantzia hori gainditzeko “etenik gabeko lanagatik”. “Euskararen biziberritzeak bizi duen bidegurutzean, elkarlanak, berrikuntzak eta gizarte aktibazioak erakutsi behar digute iparra. Hori erakusten digu Euskaraldiak eta norabide horri eutsi behar diogu, ilusioz eta determinazio guztiz”, laburbildu du.

Ekitaldi berezia

Pello Jauregi hunkiturik agertu da Abbadia Saria jasotzeko garaian eta esker-onezko hitzak izan ditu Foru Aldundiak eskainitako aitortzagatik, errekonozimendu hori “urte askoan lankide” izan dituen ororekin konpartituz. “Poz ikaragarria da, batetik, egindako lana eta sortutako ideia horiek jendearentzat baliagarriak direla ikusten duzulako. Baina, bestetik eta batez ere, poz berezia egiten dit ikusteak ilusioa berreskuratu dugula, sortu ditugula beste aukera batzuk, beste tresna batzuk, euskararen erabileran aurrera egiteko. Euskararen normalizazioaren partida ulermena unibertsalizatzen denean hasiko da. Oraindik entrenamenduan gabiltza, partida iristen denerako entrenatuta egon behar gara”, gogoeta egin du, Euskaraldia aintzakotzat hartuta.

Ezohikoa izan da 2020ko Abbadia Saria banatzeko ekitaldia, urtero bezala Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatua. Osasun irizpideak direla medio, publikorik gabe egin dute, baina streaming bidez emititu dute, herritarrentzat eta euskalgintzako kideentzat ikusgarri. Jauregi eta Olanoz gain, hitza hartu dute Kike Amonarrizek, Topaguneko lehendakariak eta 2015eko Abbadia Sariak, eta Estibalitz Alkortak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak.

Alos Quartet musika taldearen doinuek eta dantza ikuskizun batek lagunduta, Pello Jauregiren ibilbideari errepaso egin diote guztien artean. Aldi berean, zenbait ikus-entzunezkoren bitartez, ikertzaile donostiarrarekin batera euskara sustatzeko lanean aritu diren eta ari diren hainbat lagun eta adituren testigantza ere ezagutu dugu, baita bere egitasmoen onuradun izandako herritarren gogoetak ere.

Hainbat egitasmo berritzaile

Pello Jauregi Etxaniz, Pedagogian Lizentziatua Salamancako Unibertsitatean, Hezkuntza Zientzietan Doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Kuadrilategi egitasmoaren sortzailea eta Soziolinguistika Klusterrak martxan jarritako Aldahitz ikerketaren zuzendaria, besteak beste. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea da. Euskaraldiaren antolakuntzarako inspiragarri izan zen Lasarte-Orian 2016an egindako Baietz 40 egun euskaraz herri erronkari buruz Jauregik egindako ikerketa, zeinetan jasotzen diren gizarte aktibazioari eta hizkuntza ohituren aldaketari buruzko hainbat oinarri esanguratsu.

2020ko Abbadia Sariko epaimahaiak nabarmendu duenez, Euskaraldia sortu eta forma emateko garaian ikerlari donostiarraren lanek izandako garrantzia aitortzen du errekonozimendu honek. Saria emateko garaian epaimahaikideek adostutako arrazoiak hauetxek izan dira:

•   Euskaraldia ekimenaren teorizatzaile den aldetik, hein handi batean, euskararen hedapenerako aukerak neurtezinak sortu ditu.

•   Pello Jauregik egin dituen gogoeta eta ikerketa horietatik dinamika sozial bat sortzeko gaitasuna izan du. Errepikatzeko modukoa, gainera.

•   Konbinatu ditu ikerketa teorikoa eta praktika, ulermenaren gaineko ikerketan aritu baita eta hori lortzeko klaseak emateraino iritsi da.

•   Bere ikerketarekin oinarri sendo bat eman dio gizarte ekimenari: ikertu, egin, neurtu eta ebaluatu; eta hiru hilabetera berriz neurtu.

Urtero bezala, artista gazte bat izan da Abbadia Sariari lotutako oroigarriaren egilea. Oraingoan, Xabier Anunzibai (1985) artista beasaindarra izan da aukeratua eta berak egindako Zaindari artelana jaso du Pello Jauregik. Bolumen, material eta formatu ezberdinekin lan egiteko joera eta jakinmina du Anunzibaik eta hala jaso du okasio honetarako egindako koadro itxurako konposizioak.

Anton Abbadia Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua da 1996an, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. Beste saririk bada euskararen inguruan, baina gehienetan alor berezietakoak dira edo jende adituentzat eginak. Nolanahi ere, Abbadia Sariak esparru zabalagoa hartu nahi du: euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko pertsona edo elkarteen jardunaren aitorpen izan nahi du.

  

1627