Euskarazko sortzaileek egile eskubideak kudeatu ditzaten, EKKIN plataforma digital berritzailearen garapena babestu du Etorkizuna Eraikizek
Euskarazko sortzaileek egile eskubideak kudeatu ditzaten, EKKIN plataforma digital berritzailearen garapena babestu du Etorkizuna Eraikizek
Euskarazko sortzaileek egile eskubideak kudeatu ditzaten, EKKIN plataforma digital berritzailearen garapena babestu du Etorkizuna Eraikizek
Euskal Kulturgileen Kidegoak landutako tresna hau aitzindaria da Europan; metadatuetan oinarritutako sistema baten bitartez, erabilerak identifikatu eta automatikoki obren eskubideen titularrentzako itzulkin bihurtzen ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako aurkezpenean, EKKI Euskal Kulturgileen Kidegoak plataforma digital berritzailea aurkeztu du gaur arratsaldean. Metadatuetan oinarritutako sistema “aitzindari” honen bitartez, euskarazko artista, sortzaile eta egileek beren obren erabilerak modu automatikoan identifikatu eta “bidezko” ordain bihurtzeko aukera izango dute aurrerantzean. Euskarazko lanek merezitako errekonozimendua izateko aurrerapauso garrantzitsua da, orain arteko oztopoak gaindituz, interneten zein komunikabideetan ez baitzegoen oraindaino tresna garaturik euskarazko lanek duten egile eskubideengatiko irabazia modu justu eta zehatz batean sortzaileei itzultzeko.
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, EKKI zoriondu du egindako lanagatik, euskarazko sorkuntzak egungo kontsumo plataformetan duen “hutsune garrantzitsu” bat gainditzeko tresna bat sortzeagatik, modu “berritzailean” sortu ere. “Digitalizazioak eskura jartzen dizkigun tresnak baliatu dituzue, egileen eskubideen kudeaketarako, eta horrela kulturgileen lanarentzako errekonozimendu justuago bat lortzeko bidean zaudete. Kontuan izanda sortzaileak zaretela euskararen hauspo nagusietako bat, ziur nago gure hizkuntzan egindako lanei bultzada bat emateko balioko duela”, adierazi du Olanok.
Hain zuzen ere, EKKIN plataforma digitalaren garapenak Etorkizuna Eraikiz programaren babesa jaso zuen 2020an, Herritarren proiektuei eskainitako diru-laguntzen baitan. “Euskararen erabilera eta geroa bera ziurtatzeko buru-belarri lanean dihardugun honetan, gizarte bezala hain gureak ditugun elkarlana eta berrikuntza gaitasuna indartu behar ditugu ezinbestean”, berretsi du diputatu nagusiak, zeinek nabarmendu duen bide horretan Euskal Kulturgileen Kidegoak egin duen “ekarpen” garrantzitsua, euskarazko egileen eskubideak “Euskal Herritik bertatik eta euskal sortzaileen mesedetan” kudeatuak izan daitezen. Gaineratu duenez, “herri gisa dugun desafio nagusienetakoa” da euskararena, eta lehen aipatutako “bi palankei” eragin asmoz, Foru Aldundiak Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategia martxan jartzeko lanean ari dela gogorazi du.
Kulturgintzako hainbat ordezkari bertan zirela, aurkezpenean parte hartu dute diputatu nagusiarekin batera EKKIko lehendakariak eta koordinatzaile orokorrak, Castillo Suarezek eta Jokin Erkorekak, hurrenez hurren. Bertan izan dira, baita ere, Hizkuntza Berdintasuneko eta Kudeaketa Estrategiako zuzendariak, Garbiñe Mendizabal eta Sebas Zurutuza. Beñat Antxustegi musikariaren emanaldi batekin amaitu da ekitaldia.
EKKIko ordezkariek azaldu dutenez, orain arte, egile eskubideen kudeaketa analogikoak “ez zuen islatzen euskarazko obren balio erantsia eta berauen pisu erreala”. EKKIN plataforma digital berritzailearen bitartez, baina, metadatuetan oinarritutako sistema berritzailea abiarazi dute, hiru onura nagusi eraginez. Lehenik, erabiltzaileekiko likidazioetan ordaintzen diren egile eskubideekiko zehaztasuna ezarriz; bigarrenik, bildutako eskubideetan ponderazio eredutik erabilera metodora trantsizioa eginez, hizkuntzaren mesedetan –bestela hizkuntza hegemonikoetan aritzen diren egile eta eskubideen titularrentzako izan ohi baitira banaketa mozkinak–; hirugarrenik, gardentasuna bermatuz.
Tresna hau aitzindaria da Europan eta lau atal nagusi ditu:
1. Obra deklaraziorako tresna: webgune kolaboratibo baten bidez egileak edo eskubidearen titularrak bere obra errepertorioa zein den adierazi ahalko du.
2. Backoffice-a: sartutako datuak moderazio-prozesu bat izaten dute. Horren bidez obren gaineko metadatuak pilatuko dira eta informazioa ordenatu. Hortik aterako da obren zerrenda bat, obra bakoitzak bere baitan biltzen dituen eskubidedunak –artista, interpretea, ekoizlea, gidoilaria, zuzendaria, ilustratzailea…– eta bakoitzari dagokion ehunekoa esleituko zaio.
3.- Identifikazio tresna: matching edo uztarketa egingo da plataforman, pausu gutxitan fakturatzeko egile eskubideak. Bazkideek emandako informazioarekin eta EKKIk ezarritako identifikazio automatizatu aurreratuarekin lortutako informazioa tratatzeko motorea garatu da.
4.- Aurreko puntuan lortutako erabilera banatu egin behar da gero egile eta eskubideen titularren artean, backofficean obra bakoitzari esleitu zaion ehunekoaren arabera.
Halaber, aurrerantzean datu kuantitatibo eta kualitatiboak lortu ahalko dira euskarazko kultur sorkuntza eta kontsumoaren inguruan: euskararen barne itzulkinaren jatorria zein den jakiteko, Gipuzkoako sortzaileek atzerrian duten pisua ezagutzeko, genero zein gazteria politiketarako datuak lortzeko eta abar luze bat.
2295