Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Urolako trenbide zaharraren Iraeta-Narrondo tartea bidegorri bihurtzeko lankidetza adostu dute, aurreko proiektua hobetuz

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Urolako trenbide zaharraren Iraeta-Narrondo tartea bidegorri bihurtzeko lankidetza adostu dute, aurreko proiektua hobetuz

Euskal Trenbide Sareak diseinatu, lizitatu eta egikarituko ditu Iraeta eta Arroako tunelak egonkortzeko lanak Tarte horretako 4 kilometroekin osatuko da Zumarraga eta Zumaia lotzen dituen Urolako Bidegorria Aurreko proiektua hobetzen duen akordio horrek trenbide plataforma osoa hartzen du, Arroako tunela barne; aurreko proiektuan ez zen hura egokitzea aurreikusten, eta alternatibak aztertzea proposatzen zen Foru Aldundiak 2023. urtearen hasieran hasiko ditu lanak Narrondo eta Arroako geltoki zaharra lotuko dituen eta jabea Aldundia den tartean

2022/02/24

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuak Urolako trenbide zaharraren Zestoa eta Zumaia tartea bidegorri bihurtzeko lankidetza adostu dute. Erakunde bakoitzaren konpromisoak jasoko dituen hitzarmena prestatzen ari dira. Iñaki Arriola sailburuak, Pedro Marco Garraio sailburuordeak eta Rafaela Romero diputatuak azaldu dute Gipuzkoako lurralde historikoan dagoen bidegorri sareari 4 kilometro gehiago gehituko dizkion eta Urolako Bidegorria osatuko duen proiektu partekatua.

Esku hartuko den tartean oso egoera eskasean dauden bi tunel izatearen zailtasuna du. Lehenbizikoak, Iraetako tunela izenekoak, 80 metro inguru ditu, ganga eraitsita dauka eta sarreretako bat itxita dago. Bigarrenak, Arroakoak, 520 metro inguru ditu, eta bi sarrerak itxita daude barneko luizien ondorioz, eta 4 metroko sakonerako zulo bat du gainaldean.

Proiektua ingurunean ahalik eta ongien integratzeko eta trenbide-ondarea kontserbatzeko, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, bi tunelen egitura egonkortzeko eta lehengoratzeko zenbatekoa bere gain hartzea erabaki du. Hori dela eta, ETS arduratuko da lurpeko bi pasabideetan lan horiek diseinatzeaz, lizitatzeaz eta egikaritzeaz.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak, Narrondo eta Arroako geltoki zaharra lotuko dituen aire zabaleko plataformako bidegorriaren lanen diseinua, lizitazioa eta egikaritzea hartuko ditu bere gain 450.000 euroko aurrekontuarekin. Aurreikuspenen arabera, 2023. urtearen hasieran gauzatuko da. Erakundeek hitzarmena adostutako baldintzetan sinatzen dutenean, trenbide plataformari dagokion tartea lizitatuko da.

Iraeta eta Arroa auzoen arteko bidegorriaren trazadura tunel horien bitartez egingo da, eta Narrondo auzoraino jarraituko du, kota-aldea gaindituz, sigi-sagan doan % 8ko maldarekin, Zumaiarekin lotzen duen bidegorriaren egungo trazadurarekin bat egin ahal izateko.

Horrela, Urolako bidegorriak Urola bailara osoa lotuko du eta Zumarragatik Zumaiara doan bizikletentzako eta oinezkoentzako bidearen parte izango da. Guztira 36 km-ko bide berdea izango da, desagertutako Urolako trenbideak egiten zuen eta horri izena ematen zion ibaiari laguntzen zion trazaduraren gainean.

Iñaki Arriola sailburuak nabarmendu duenez, “proiektu honek arro horrek zuen trenbide ondare garrantzitsua kontserbatzen lagunduko du, eta berreskuratzeak herritarren erabilerarako eta gozamenerako erabiltzea ahalbidetuko du”. “Gure sailarentzat –gaineratu du– garrantzitsua da erabiltzen ez diren lehengo trenbide trazadurek berriro bizia hartzea eta mugikortasun jasangarri gisa egitea”.

Rafaela Romero diputatuak, bere aldetik, azpimarratu duenez, jarduera horrek “bidegorria ingurunean ezin hobeto integratzea ahalbidetuko du, eta horrek eremuaren paisaia-balioa nabarmenduko du, lurraldearen egituraketan beste urrats bat ematen duen mugikortasun jasangarri eta aktiboaren elementu bultzatzaile gisa. Eskualdeko bizilagunek aspalditik eskatutako proiektu baten aurrean gaude, eta orain proiektua gauzatuz, oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna sustatzeaz gain, ingurumen-aberastasuna eta bere ibilbidean izango dituen udalerriak ekonomiaren ikuspegitik suspertzeko aukera balioesten ditu”.

  

2149