Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ez dago positibo berririk Gipuzkoako adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean

Ez dago positibo berririk Gipuzkoako adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean

Donostiako eta Oiartzungo bi eguneko zentrotako bi erabiltzailek positibo eman dute COVID-19an, eta 17 dira positibo emanda dauden adinekoen egoitzetako langileak.

Azken 24 orduetan ez da kasu positiborik izan Gipuzkoako adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean, Eider Mendoza bozeramaileak jakitera eman duenez. Bestalde, adierazi du Donostiako Elizaran eguneko zentroko eta Oiartzungo Aiton Etxe eguneko zentroko erabiltzaile banak positibo eman dutela COVID-19an, eta, beraz, zentroak itxi egin behar izan direla; eta adinekoen egoitzetako 17 langile daudela diagnostiko positiboarekin, duela astebete baino zazpi gehiago, eta beste 10ek jada gainditu dutela gaixotasuna.

Asteartero bezala, Eider Mendozak Gipuzkoako gizarte-zerbitzuen sareak COVID-19ri dagokionez bizi duen egoera errepasatu du, Gizarte Politiken Sailak bildutako datuetan oinarrituta:

  • Sei dira, eta ez zazpi, atzo akats informatiko batengatik jakinarazi zen bezala, adinekoen egoitza-zentroetan COVID-19an positibo emanda dauden egoiliarrak guztiak Donostiako Hermano Garate – San Ignacio zentroko egoiliarrak dira, eta egoitzaren barruan sektore berekoak dira. Bestalde, COVID-19 zentroarekin bizi ziren bi pertsona hil dira azken bi asteetan. Positibo eman duten sei pertsonetatik lau Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitariora eraman dira eta bik behar dute ospitaletako arreta. Gipuzkoako sareak 65 zentro eta 5.425 plaza ditu guztira.
  • Egun egoitzetako 17 langile daude diagnostiko positiboarekin; azken astean zazpi positibo atzeman dira. Beste 10ek dagoeneko gainditu dute gaixotasuna.
  • Hori dela eta, erabiltzaileen irteerak aldi baterako eta prebentzioz eten dira honako egoitza hauetan: Sanmarkosene (Errenteria), Hermano Garate – San Ignacio, Berminghan, Txara I, eta Zorroaga (Donostia), bertan, eragindako sektoreko egoiliarrak isolatu egin dira.
  • Egoitzetan bisitak kasu positiborik ez duten Gipuzkoako zentro guztietan egin daitezke, eta bisita bakoitzeko pertsona bat sartu ahal izango da, bisita bat egunean, eta ez da zertan pertsona bera izan beharko bisita guztietan, Osasun Sailaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduan xedatutakoaren arabera. Neurri horiek ez dira aplikatzen bizitzaren amaierako prozesuan dauden pertsonen kasuan.
  • Eguneko zentroen egoerari dagokionez, azken orduetan Donostiako Elizaran eta Oiartzungo Aiton Etxe eguneko zentroetako bi erabiltzailek positibo eman dute, eta, ondorioz, zentroak itxi egin behar izan dira. Gainera, Azpeitiko, Mutrikuko, Zarauzko eta Errenteriako Sanmarkosene eguneko zentroak itxita daude.
  • Era berean, Arrasateko Aita Menni Ospitaleko gizarte-unitateak itxita daude prebentzioz.
  • Gizarteratze-sareak kasu positiborik gabe jarraitzen du. Aldundiak 54 baliabide ditu eremu horretan, eta guztira 225 egoitza-plaza eta 192 plaza etxebizitzetan.
  • Adingabeentzako egoitza-zerbitzuetan ere ez dago positiborik. Zerbitzu horiek 400 adingabe artatzen dituzte guztira.

Mendozak azpimarratu duenez, Txoke Planak eta Zaintza eta Alerta Sistemak ondo funtzionatzen dute, eta horien helburu nagusia birusaren irismena denbora errealean prebenitzea eta ezagutzea da, ahalik eta azkarren hartzeko beharrezkoak diren neurriak: "Birusari aurre egiteko tresnarik garrantzitsuenetako bat haren irismena ezagutzea da, eta, horregatik, prebentziozko PCR probak egiten jarraitzen dugu modu masiboan". Bozeramaileak gogorarazi duenez, abuztuaren 21era arte, Gipuzkoako Foru Aldundiak 7.810 PCR proba egin ditu. Bestalde, esan duenez, etengabeko alerta, prebentzio eta zaintza egoera aktibatzeak aukera ematen du pertsona ahulenen artean birusaren aurrerapena geldiarazteko. "Horren froga da 17 egoitzetako langileen artean kasu positiboak izan badira ere, zentro batean bakarrik eragin diela erabiltzaileei".

COVID-19k eragindako egoitza eta eguneko zentroen kasuan, positiboak detektatu ondoren, PCR probak egin zaizkie bai langileei bai erabiltzaileei, eta orain arte egindako PCR guztiak negatiboak izan dira. Hurrengo egunetan proba gehiago egiten jarraituko da, birusaren hedapena ezagutzeko eta, hala badagokio, eusteko.

Eider Mendozak gogorarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasun nagusia birusaren ondorioei zaurgarrienak diren pertsonen osasuna eta ongizatea zaintzea da eta, horregatik, "etengabeko alertan gaude, eta prebentzioko, aurrea hartzeko eta erantzun azkarreko neurriak zorrozten jarraitzen dugu lurraldeko gizarte-zerbitzuen sistema osoan".

  

1877