Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea EZNTko hizlari gonbidatuen talde batek Gipuzkoako enpresak bisitatu ditu

EZNTko hizlari gonbidatuen talde batek Gipuzkoako enpresak bisitatu ditu

Bigarren egunean, Nazioarteko Topaketara gonbidatutako hizlariek ‘GK Recycling’ Gipuzkoako Birziklapen klusterreko 5 kide bisitatu dituzte.

2022/02/03

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak lagun egin dio hamar hizlari gonbidatuk osatutako taldeari, eta nabarmendu duenez, “ekonomia zirkularra da palanka nagusietako bat, ahalbidetzen duena Gipuzkoak dituen ingurumen eta gizarte erronkei erantzutea”.

Gaur egun, GK Recycling Birziklapen Klusterrak lurraldeko 88 enpresa biltzen ditu.  “Ekonomia zirkularrak 6.500 lanpostu ditu eta 1.425 milioi euroko fakturazioa, Gipuzkoako BPGd-aren % 5,3, eta 650 milioi eurotik gorako inpaktu zuzena Gipuzkoako ekonomian”, adierazi du Asensiok.

Gaur, Nazioarteko Topaketara gonbidatutako hizlariek ‘GK Recycling’ Gipuzkoako Birziklapen klusterreko 5 kide bisitatu dituzte, non bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzten Gipuzkoako ekonomia zirkularreko prozesuen arrakasta-kasuak eta aurrerapenak: Jolas, Ekogras eta Kafea Eco, I+D+i de Asfaltiako laborategia, GHK-ko ontziak sailkatzeko Urnietako planta eta Polymat.

 

José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak eta Mónica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak lagun egin diote kide hauek osatutako taldeari: Ángel Fernández Homar, Ekonomia Zirkularrerako Fundazioko lehendakaria; Alba Cabañas, WAS bazkidea eta Ekonomia Zirkularraren lantaldeko lehendakaria; David Zabala, Naturklimako zuzendaria (Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioa); Juan José Hernández Samaniego, Valor Greene enpresaren sortzailea eta zuzendari exekutiboa; José Manuel Muriel, Metal 78ko gerentea; Luis Artola, Plastigaur enpresako zuzendari nagusia; César Gimeno, GHK-ko zuzendaria; eta Caterina Coll, Perseo Biotechnology-ko zuzendari exekutiboa.

Atzo egin zen, Kursaalen, Ekonomia Zirkularraren Nazioarteko Topaketaren laugarren edizioa, zeinak lortu baitu nazioarteko erreferentzia bat bezala kokatzea eredu ekonomiko garbi eta zirkular baterantz eraldatzeko bidean. Ekimen hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak sustatua da, eta lankide izan ditu EuRIC Birziklapen Industrien Europako Konfederazioa, FER Espainiako Berreskurapen eta Birziklapen Federazioa, eta Ekonomia Zirkularrerako Fundazioa. Ekimena finkatu da ekonomiaren eraldaketa berdearen inguruko Europako profesionalak elkartzeko plataforma gisa.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “EZNT nazioarteko erreferentzia gisa finkatu da ekonomia berdea bultzatzeko, sinergiak eta aliantzak sortuz eredu ekonomiko garbi eta zirkular bateranzko eraldaketa bidean. Gainera, da plataforma bat integratzen dituena enpresak, eragile sozialak eta herritarrak, paradigma-aldaketa hori egin dadin modu justuan eta inor atzean utzi gabe”.

Atzo Kursaalen egin zen topaketan, non 700 eragilek baino gehiagok parte hartu zuten, aztergai izan zituzten plastikoaren ekonomia berriaren erronka eta aukera berriak. Sektore horrek Espainiako 5.000 enpresa baino gehiago biltzen ditu, 120.000 enplegurekin baino gehiagorekin, eta birmoldaketa garrantzitsu bati aurre egin behar dio, EBko araudi berrien ondoren, zeintzuek aldezten baitituzte plastiko birziklatua, eta erabilera bakarreko plastikoak debekatzea. Halaber, bloke espezifiko bat eskaini zitzaion emakumearen zereginari jasangarritasuna erabaki-maila gorenera igotzeko, enpresa, entitate eta erakundeetan.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuaren ustez, “ekonomia zirkularra palanka nagusietako bat da ahalbidetzen duena Gipuzkoak dituen ingurumen eta gizarte erronkei erantzutea”. Gaur egun, Ingurumeneko Departamentuak Naturklimarekin lankidetzan egindako diagnostiko tresnari esker, Gipuzkoak badauka erradiografia zehatz bat ekonomia zirkularrak Gipuzkoan duen inpaktuarena. Tresna horrekin GK Recycling klusterreko enpresetan egindako diagnostikoak adierazten duen bezala –lurraldeko 88 enpresa biltzen dituzte–, ekonomia zirkularrak 6.500 lanpostu ditu eta 1.425 milioi euroko fakturazioa, Gipuzkoako BPGd-aren % 5,3, eta 650 milioi eurotik gorako inpaktu zuzena Gipuzkoako ekonomian. Gainera, azterlanak jasotzen duen bezala, ekonomia zirkularrak kalitatezko enpleguaren alde egiten du: birziklatze sektoreko lan kontratuen % 85 mugagabeak dira.

Enpresa hauek bisitatu dira:

JOLAS, Zarautz

Zarauztar JOLAS enpresa proiektu berritzaile batean murgilduta dago 2017az geroztik, edukiontzi horietan utzitako plastikozko ontziak birziklatuz lortutako plastikozko profilak sormenez berrerabiltzeko (Upcycling). Haur-parkeen eta hiri-altzarien ekodiseinuan ere lan egiten dute. JOLAS elkarteak haurrentzako parkeak, gimnasia zirkuituak eta ekipo bioosasungarriak sortzeko lerro berri bat sortu du erabiltzaile guztientzat, material birziklatu hori prozesatuz, birziklagarri izateaz gain.

EKOGRAS + KAFEA.ECO, Aduna

Hainbat erakunderen lankidetzatik sortu zen Ekogras proiektua, ingurumen- eta ekonomia-arazo larri bat atzeman ondoren: sukaldean erabilitako olioa kontrolik gabe botatzea. Ekimen honen bidez, etxeko olio erabilia biltzeko zerbitzu integrala eskaini nahi da, sistema berritzaile eta esklusibo batekin, hainbat udalerritan ezarri eta arrakastaz garatu dena, bildutako olioaren bolumena laukoiztuz. Sistema honek telematikoki jakinarazten du makina betetze-puntutik gertu dagoen, gerta daitezkeen gorabeherak eta bilketa-ratioak, eta udalerrian zenbat aurreztu den. Jakinarazpenak jaso ondoren, olio-ontziak biltzen dituzte eta azterketa- eta mantentze-lanak egiten dituzte.

Kafea Eco Ekograsekiko ekimen paraleloa da, eta kafe-hondakin guztiak birziklatzea du helburu. Munduan 161 milioi kafe-zaku kontsumitzen dira eta 20.000 milioi kapsula zaborretan amaitzen dira urtero. Ostalaritzako hondakinak zabortegian amaitzen ziren, kafe-kapsulak bezala, edukiontzi horia ez baita leku egokia. Gaur egun, Kafea Ecok kafetik eratorritako hondakinen %100 birziklatzeko eta beste aukera bat emateko erronka du.

Asfaltiako laborategia (Grupo Campezo), Andoain

Campezok bere ibilbideari ekin zion bere bezeroen eskaerari erantzuteko, arduraz erabil zitzan bere jardueraren azpiproduktuak. Enpresa aditua da hainbat lan arlotan: obra zibila, bide-zoruak eta zoladurak; teknologia eta kontserbazio integrala; azpiegituren kudeaketa; ingurumena; harrobiak eta legar-hobiak; eta, azkenik, fatxaden eta eraikinen zaharberritzea, bere jarduera nagusi gisa. Campezo Taldearen barruan, Asfaltia dago, laborategi espezifiko bat duena asfaltatzeko materialak ikertzeko. 

Asfaltiak I+G+Bko talde bat du, honelako profesionalez osatua: beren lanaren zale amorratuak, kualifikazio handikoak, eta etengabe garatzen ari direnak asfaltozko nahasketen eta haien osagaien ikerketaren esparruan. Berrikuntzaren aldeko apustu garbi bat eginez, ikerketa eta kontrolerako bere laborategia sortu zuen Asfaltiak 2003an. Puntako instalazio batzuk dira, Andoainen kokatuak (Gipuzkoa), eta azken teknologiaz hornituak nahasketak diseinatzeko, hobetzeko eta kontrolatzeko. Laborategi Nagusiaz gain, Asfaltiak mikrolaborategiak ditu fabrikazio instalazioetan. Kontrol taldeek ausaz egiten dituzte askotariko saiakuntzak, fabrikazioa definitutako lan formularen araberakoa dela egiaztatzeko, bezeroei nahasketen kalitatea bermatuta.

Urnietako ontziak sailkatzeko planta

GHKren Urnietako ontzien instalazioa, Trienekens-ek kudeatua, San Marko eta Txingudi mankomunitateei zerbitzua ematen dien ontzi-instalazioa da, eta Legazpiko ontzien instalazioarekin batera (2018an berritu zuten), Gipuzkoan sortutako ontzi-hondakin guztiak tratatzen ditu.

Hala, Legazpiko ontzien instalazioak zein Urnietako ontzien instalazioak erantzuten diote ontzien bilketari, 2020an % 67,68ra iritsi baitzen. Iaz 14.000 tona ontzi baino gehiago tratatu ziren Urnietako instalazioetan.

Instalazioa Triekens-ek kudeatzen du. Alemaniako multinazional bat da, hondakinen kudeaketa integralaren arloan aitzindari izateagatik ezaguna. Jarduera horretan 100 urte baino gehiagoko esperientzia du. Hondakinak tratatzeko industria-instalazioen diseinuan, garapenean eta kudeaketan espezializatuta daude, eta esperientzia handia dute etxeko ontziak sailkatzeko instalazioetan.

Polymat Fundazioa

POLYMAT Fundazioa polimeroen nazioarteko bikaintasuneko ikerketa-zentro bat da, Donostian kokatua. POLYMATen patronatua Ikerbasque Fundazioak, EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatzen dute. Helburua mende honetako gizartearen erronkei laguntzea da: energia, jasangarritasuna eta osasuna, polimeroak garatuz.

 

Zaila da polimeroak erabiltzen ez diren jarduera bat aurkitzea, dagoen materialik aldakorrenetako bat eta, neurri batean, gizarteak gaur egun ezagutzen dugun bezala zizelkatu duena. Euskal industriak, lehiakortasun globalari aurre egiteko, balio erantsi handiko produktuak (energia, elektronika, osasuna eta garraioa) ekoitziko ditu, eta polimeroak giltzarri izango dira. Hala, ezagutza berriak sortu beharko dira, eta zehatz-mehatz diseinatu eta sintetizatu beharko da polimeroen konposizio kimikoaren eta arkitekturaren banaketa.

 

  

2235