Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak herritarren foro bat aurkeztu du, erreferentziazko gonbidatuekin gaur-gaurko gaiez hitz egiteko

Aldundiak herritarren foro bat aurkeztu du, erreferentziazko gonbidatuekin gaur-gaurko gaiez hitz egiteko

Informazioa eta sarrerak salgai: http://www.eztabai.eus

2018/03/27

Platypus Labs-ek sortu eta ekoitzitako ekimen hau #metoo mugimenduari buruzko tertulia batekin jarriko da abian

Lehenengo gonbidatuak June Fernandez Pikara aldizkariko koordinatzailea eta Maria Blanco idazle feminista izango dira.

Aldundiko Kulturako zerbitzuburu Patxi Presak eta Andoni Munduatek Eztabai ekimena aurkeztu dute gaur; solasaldi ireki bat da, non parte hartzaileek gaurkotasuneko gaiei buruz hitz egingo duten, parez pare, erreferentziazko gonbidatuekin. Hori izan liteke, bi hitzetan, Eztabai ekimenaren mamia. Hain zuzen ere, Platypus Labs-ek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin prestatu duen ekimen honen helburua da gaur-gaurko gaien inguruko eztabaida publikoa dinamizatzea.

Hainbat afari antolatuko dira, Gipuzkoako jatetxe desberdinetan, eta afari horietan parte hartzaileak solasean arituko dira gonbidatuekin, kasuan kasuko gaiari buruz. Gonbidatuak begiratuki aukeratuko dira, gaiaren arabera, pisuzko iritziak eman eta tertuliak aberasteko xedez.

Herritarren foroa Gipuzkoako hainbat tokitara zabalduko da, eta eleaniztasun militante bat erakutsiko du, euskara, gaztelania eta ingelesa erabiliko baitira solasaldietan.

Ekimen honen filosofia, #eztabai estilo liburuan islatuta, honako hau da «Euskaldunen artean gai garrantzitsuak mahai baten inguruan tratatzen direla esaten da. Horri ohore egiteko, tertulia hauek jarri ditugu abian, sabela betetzen dugun bitartean interes orokorrekotzat jotzen ditugun askotariko gaiei buruz hitz egiteko».

Sustatu nahi den eztabaida publikoaren ikuspegi hori osatzeko, zera erantsi behar dugu: «mahaiaren bueltan, guztiok gara berdin. Ez dago mailarik, ez klaserik. Beraz, autoritate argudioek ez dute baliorik. Sutsuki eztabaidatu daiteke, indar handiagoarekin edo txikiagoarekin, baina beti errespetu faltan erori gabe, eta eraso egin gabe. Iritzi arrazoituak bide ematen dio egiari".

Solasaldien denboraldiari hasiera emateko, datorren apirilaren 6an, ostirala, #metoo mugimenduari buruzko afari-tertulia egingo da, Donostiako Ni Neu jatetxean. Antolatzaileen iritziz, XXI mende hasierako mugimendu politiko eta sozial esanguratsuenak, joan den martxoaren 8an mundu osoko egunkarietan eta albistegietan agertu zenak, merezi zuen udaberri osora zabalduko den denboraldiko lehena izatea. 

Hautatu diren gonbidatuekin bilatu nahi izan da eztabaida aberastea, mugimendu feministaren dimentsio politikoari buruz dituzten iritzi desberdinekin. Horregatik, lehenengo saiorako gonbidatuak dira, batetik, Maria Blanco ekonomilari eta idazlea da, Ekonomian doktorea, eta oso ezaguna nazio mailako komunikabideetan, eta, bestetik, June Fernandez, urte gutxitan feminismo aldarrikatzaileenaren erreferentzia nazional bilakatu den Pikara aldizkariko hiru koordinatzaileetako bat.

#metoo ekitaldiaren ondoren, maiatzaren 4ko eta ekainaren 1eko tertuliak etorriko dira. Hilabeteko lehenengo ostiral horietan, hurrenez hurren, «ikus-entzunezko sailak» eta «lanaren etorkizuna» izango dira eztabaidagai. Tertulia horietarako gonbidatuen izenak oraindik ez dira ezagutarazi, baina antolatzaileak ziur daude parte-hartzaile asko erakarriko dituztela.

Solasaldi horiek guztiak moderatzen Fernando A. Busca kazetaria jardungo da, duela gutxi arte Donostia 2016 Kultur Hiriburutzako komunikazio zuzendari izan dena.

«Departamentuaren politika kulturalaren ildo estrategikoetako bat eztabaidaren eta pentsamendu kritikoaren sustapena da. Zentzu horretan, horrelako ekimen batek gure laguntza eta babes osoa merezi du. Uste dugu gaur aurkezten duguna bezalako programek gai jakinen inguruko ezagutza zabaltzen dutela, eta eztabaida eta hausnarketa pizten laguntzen dutela. Horrek guztiak, gainera, bere aletxoa jartzen du, herritar guztien konpetentziak hobetzen eta iritzi kritikoa eraikitzen laguntzen baitu, eta horrek, aldi berean, gure gizartearen kalitate demokratikoa sustatzen du», esan du Presak. 

 

  

1676