Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Fagor Taldeak jaso du 2021eko Abbadia Saria, hamarkada luzez euskararen erabilera indartzeko egindako lan kolektiboaren aitortza

Fagor Taldeak jaso du 2021eko Abbadia Saria, hamarkada luzez euskararen erabilera indartzeko egindako lan kolektiboaren aitortza

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, talde industriala osatzen duten zortzi kooperatibetako ordezkariei eman die saria, Arrasateko Kulturolan egindako ekitaldi batean.

“Hamarkada luzez hainbat eta hainbat lagunek egindako lanari esker, berretsi duzue posible dela lantokian euskararen erabilera normalizatzeko urrats sendoak egitea eta, aldi berean, mundu eleanitz batean, nazioarteko merkatu zorrotzenetara zabaldu eta bertan lehiatzea”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, hitz horien bitartez aitortu du gaur Fagor Taldeak hamarkada luzez euskararen erabilera indartzeko egindako lan kolektiboa, Arrasateko Kulturolan Abbadia Saria emateko egindako ekitaldian. Debagoienako talde industriala osatzen duten zortzi kooperatibetako ordezkariek eta taldeko presidenteak, Joxean Alustizak, jaso dute errekonozimendua, langile guztien izenean.

Foru jauregitik atera eta, lehen aldiz, saridunaren sorterrian bertan antolatu du Abbadia Saria emateko ekitaldia Aldundiak. Kepa Errasti aktoreak gidatutako saioan, sei hamarkadako ibilbide luzean Fagorrek euskarekin izan duen harremana izan da ekitaldiaren ari nagusia, fikziozko istorio batekin antzeztuta, eta, musikak, kantuak eta ikus-entzunezkoak lagunduta. Eremu sozioekonomikoan euskara normalizatzeko politikak sustatzeari buruz hitz egin du bertan Jon Sarasuak adituak, euskara beraren onuren ikuspegitik, bai eta enpresak jasotzen dituenetatik. Fagor Taldeko ordezkariaren eta diputatu nagusiaren hitzek osatu dute ekitaldia.

Markel Olanok gogorarazi duenez, eremu sozioekonomiko “gero eta eleanitzago batean”, Gipuzkoan eta Euskal Herrian euskara “funtsezko tresna” da “lanerako, talde lanean aritzeko, kalitatezko arreta eta zerbitzuak eskaintzeko”. Hori horrela, euskararen biziberritze prozesua “bidegurutzean” egonik, “euskararen orotariko garapena” bultzatzeko beharraz mintzatu da.

“Hizkuntzari ate berriak zabaltzen segi behar dugu. Horietako bat, zalantzarik gabe, lantokietako eguneroko jarduna da. Eremu sozioekonomikoa, azken batean. Euskal gizarteak, bere osotasunean, inbertsio handia egin du, egiten dugu, hezkuntza, lanbide heziketa eta unibertsitatea euskalduntzen. Horri esker, gabeziak gabezia, gaur egun enpresetara iristen diren ikasleek inoizko ezagutza handiena dute euskarari dagokionez. Inbertsio horri lan munduan jarraikortasuna emateko garaia da”, azpimarratu du.

Fagor Taldeko kooperatibek norabide horretan egindako ibilbidea goraipatu du, bestalde, diputatu nagusiak. Bere iritziz, “hamarkada luzez hainbat eta hainbat lagunek egindako lanari esker”, erakutsi dutelako zer nolako “onurak” ekarri ditzakeen lan eremuan euskararen erabilera normalizatzeak. “Garai zailenetan ere, gure hizkuntzaren aldeko apustuari eutsi diozue. Euskararen sustapenean adibide aurreratua zarete, zabaldu beharreko eredua”, gaineratu du.

Amaitzeko, ahalegin horretan “urrats gehiago” emateko konpromisoa eta determinazioa adierazi du diputatu nagusiak eta, norabide horretan, “elkarlana, herritarren bultzada eta erakundeon inplikazioa” beharrezkoak izango direla ohartarazi du.

Fagor Taldeko presidenteak, Joxean Alustizak, esker oneko hitzak izan ditu eta euskararen sustapenean lankide izan dituzten eragile, erakunde eta gainontzeko kooperatibekin urte hauetan guztietan izandako elkarlanaren garrantziari erreparatu dio, euskarak gaur egun Fagorren duen estatusa lortzeko bidean. “Gure kooperatibetako lan jardunean aritu diren eta ari diren milaka lankide eta bazkide gogoratu nahiko nituzke. Guztion ahaleginak ekarri gaitu hona. Gero eta ageriagoa da lan mundua euskalduntzeak duen garrantzia. Hala izanik, enpresetan, tailerretan, etab. euskararen alde diren pertsona guztiei eskaini nahi diet saria”, adierazi du.

 

Gizarteko eta ekonomiako ordezkaritza zabala

Euskalgintzako nahiz gizarteko eta ekonomia alorreko ordezkaritza zabala elkartu da Arrasateko Kulturolan. Bertan ziren, esate baterako, Mondragon Taldeko presidentea, Iñigo Ucin, eta Arrasateko alkatea, Maria Ubarretxena. Kulturolan egindako ekitaldian izan dira, baita ere, Ekonomia Sustapena eta Bide Azpiegituretako foru diputatuak, Jabier Larrañaga eta Aintzane Oiarbide, hurrenez hurren, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Garbiñe Mendizabalez gain.

Fagor Taldearen izenean, saria jaso dute –Nagore Amenabarro artista amezketarrak okasiorako egindako koadroa– zortzi kooperatibetako ordezkariek, Alustizaz gain. German Gallastegi (Fagor Ederlan), Erika Mendibil (Fagor Arrasate), Danel Etxagibel (Fagor Professional), Arantza Miguel (Copreci), Pepe Perez (Fagor Automation), Olatz Aramendi (Fagor Electrónica), Izaro Aretxaga (Mondragon Assembly) eta Esti Solana (Galbaian) izan dira aipatutako ordezkariak.

Abbadia Sariarekin, Fagor Taldeari aitortza egin zaio, ehunka langile ari direlako euskara batzordetan ahaleginean eta milaka langile hartzen dituelako ekimenak. Alde batetik, euskararen sustapena enpresa-kudeaketaren ardatzean jarri dute, hizkuntza kudeaketan urrats esanguratsuak emanda, berrikuntza eta sormen kolektiboa landuz. Talde osoan aritu dira ikuspegi sistemikoarekin, hizkuntza ohituretan eragiten duten aldagai guztiak identifikatzeko eta horietan eragiteko. Eta, gainera, enpresa erantzukizunean oinarritu dute euskara sustatzeko diskurtsoa.

Anton Abbadia Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko asmoz, eta gaur egun arlo honetako errekonozimendu garrantzitsu bihurtu da. Pandemia dela eta atzeratu ostean, gaur egin ahal izan dute sari emate ekitaldia.

  

2814