Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Donostia-Gipuzkoa Film Commission Saria lortzeko bost film luze hautatu dira

Donostia-Gipuzkoa Film Commission Saria lortzeko bost film luze hautatu dira

Pelikula filmatua izan den lekuko balio urbanistikoak, naturalak, kulturalak edo sozialak ondoen islatzen dituen filmari emango zaio saria

2018/08/30

Pelikula filmatua izan den lekuko balio urbanistikoak, naturalak, kulturalak edo sozialak ondoen islatzen dituen filmaren produkzio-etxeak 7.000 euro jasoko ditu eta Film Commission Kolaboratzaileak 3.000 euro. Irabazlea erabakiko duen epaimahaia honako hauek osatuko dute: Goya Toledo aktoreak, ‘Handia’-ren gidoilari José Mari Goenagak, TVEko kazetari Elena Sanchezek, diseinuan aditua den Carlos Barrabesek eta Bárbara Goenaga aktoreak. Saria irailaren 27an banatuko dute, aurtengo Donostiako Zinemaldiaren astean zehar.

Gipuzkoako Ahaldun Nagusi-orde eta Kulturako Diputatua den Denis Itxasok ondorengoa adierazi du: “Lurralde osoko Film Commission hau Udalaren eta Aldundiaren arteko lankidetzaren ondorioz sortu da, eta horren helburua da Gipuzkoako udalerriei filmatze zinematografikoak erakartzeko eta egiteko lanak erraztea, dokumentalak, pelikulak, iragarkiak edo film laburrak filmatu ahal izateko kanpoko nahiz barneko kokapen-aukera zabala eta aberatsa aprobetxatuaz. Azken finean, zinemaren industriara irekitako leihoa da, produkzio-etxeek guregan arreta ipini dezaten eta Gipuzkoaren aldeko apustua egin zinema-plato gisa".

Bestalde, Ernesto Gasco alkateordeak honako hau adierazi du: “lankidetza publiko pribatuaren aurrean gaude, eta horrek irabazi ekonomikoak eta kulturalak sortzeaz gain, lurraldeari balioa ematen dio; gainera, ez dugu ahaztu behar hiriei pelikuletan agertzeak ematen dien oihartzuna, era horretan turismoa erakartzen baitute”.

Donostia - Gipuzkoa Film Commission-en helburuak dira lurraldea bultzatzea eta sustatzea ikus-entzunezko proiektuak erakartzeko eta tokiko nahiz probintziako sektore zinematografiko eta ikus-entzunezko sektore osoa sustatzea, haien lehiakortasuna hobetzea bultzatzearekin batera. Helburu horien esparruan, Donostia - Gipuzkoa Film Commission-ek izen bera daraman sariaren zortzigarren edizioa beteko du aurten, eszenatoki bihurtzen diren lurraldeetan filmaketekin enplegua eta negozioak sortzen dituzten produkzio-etxeen lana saritzearren. Pasa den maiatzean, parte hartzeko deia egin zien Espainiako Film Commission eta produkzio-etxe ezberdinei. Guztira

19 hautagai jaso dira eta horietatik Donostia-Gipuzkoa Film Commission Sarirako bost pelikula hautatu dira. Sarian lehian izango dira honako film hauek:

- ‘Penélope’, Zuzendaria:  Eva Vila-2018-España -92 min.

                      Catalunya Film Commission, Ekoiztetxea, Mónika Derenda.

- ‘Yo la busco’, Zuzendaria: Sara Gutierrez-2018-España- 84min.

                          Barcelona Film Commission, Ekoiztetxea, Ventura Durall

- ‘Con el Viento’,  Zuzendaria: Meritxell Colell-2018-España-108 min.

                              Film Commission Castilla y León, Ekoiztetxea, Carles Brugueras.

- ‘Ana de día’, Zuzendaria: Ana Jaurrieta-2018-España-105 min

                       Film Madrid, Ekoiztetxea , Ibán Luis Agrelo y Martín Semper.

- ‘La vida Lliure’, Zuzendaria: Marc Recha -2018-España -101 min

                            Illes Balears Film Commission, Ekoiztetxea, Alfonso Par.

Edizio honetan, ikuspuntu eta ikuspegi ezberdinak biltzen dituzten adituek osatuko dute epaimahaia: batetik, diseinuan aditua den Carlos Barrabés izango dugu; bestetik, Bárbara Goenaga eta Goya Toledo bezalako aktoreak; baita ere, 2018an Handia filmarengatik Goya saria jaso zuen gidoilaria, José Mari Goenaga; eta, azkenik, TVEko aurkezle Elena Sánchez.  

Saria irailaren 27an entregatuko da, ostegunean, Nazioarteko Zinemaldian zehar; ekitaldian izango dira epaimahaiko kideak film irabazlearen berri emateko, eta, ondoren, saritutako filma ikus ahal izango da.

Aurten, zortzigarren edizioa izango du sariak, eta helburua da eszenatoki bihurtzen diren lurraldeetan filmaketekin negozio- eta enplegu-aukerak sortzen dituzten ikus-entzunezko produkzio-etxeen lana saritzea. Jarduera Donostiako Sustapenak (Donostiako Alkatetzak), garapen ekonomikoaz arduratzen den udal-sozietateak, Gipuzkoako Aldundiko Kultura Departamentuarekin batera, hiriko eta Gipuzkoako lurraldeko motore ekonomiko gisa ikus-entzunezkoen industria sustatzeko erabiltzen duen estrategiaren barnean kokatzen da.

Donostia - Gipuzkoa Film Commission Sarira fikziozko film luzeen proposamenak aurkeztu dituzte lurralde nazionalean produkzioen edo koprodukzioen zati bat garatu duten produkzio-etxe nazionalek, estatuko Film Commission batek egiaztatutako lankidetza izanda.

Donostia-Gipuzkoa Film Commission 2018ko martxoan sortu zen, 2003an sortutako Donostia Film Commissionen gehikuntza bezala, Donostia eta Gipuzkoako lurralde osoa, filmatzeak egiteko kokapen aproposa gisa hartuta, ikus-entzunezko industria nazionalean eta nazioartekoan sustatzeko erronka nagusiarekin, ikus-entzunezkoen eta digitalaren tokiko sektorea hedatu eta garatzearren.

  

1335