Gipuzkoako Ingurumen Gunea eraikitzeko eta ustiatzeko kontratua sinatu da
Gipuzkoako Ingurumen Gunea eraikitzeko eta ustiatzeko kontratua sinatu da
Eraikuntza lanak berehala hasiko dira. Asensiok baieztatu du Europako ingurumen gunerik aurreratuena izango dela.
- Obrak laster hasiko dira
- Asensiok adierazi du Europako ingurumen gune aurreratuena izango dugula.
- Urbaser enpresako arduradunak egiaztatu du guneak Europako teknologia modernoena ezango duela eta errespetu osoz jokatuko duela ingurumenarekin
- Instalazioak gasak bi etapatan garbitzeko sistema oso berritzailea izango du; izan ere, Espainian ez dago gaur egun holako sistemarik duen instalaziorik, eta Europa iparraldeko plantaren batean hasi dira jartzen orain.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari eta Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensio jaunak eta Urbaser enpresak gidatzen duen aldi baterako enpresa batasuneko zuzendari Maria Jesus Ramirez andreak kontratua sinatu dute Zubietako Balorazio Energetikoko Planta eraikitzeko, kudeatzeko eta ustiatzeko. Sinadura ekitaldian parte hartu dute Urbaser enpresak eta LKS, Moyua, Murias y Altuna eta Uría enpresa gipuzkoarrek osatzen duten aldi baterako enpresa batasuneko ordezkariak.
Asensiok adierazi du egun hau garrantzitsua dela gipuzkoar guztientzat; izan ere, "gure hauteskunde-konpromisoa bete dugu eta, horrela, behin betiko urratsa egin dugu Gipuzkoako hondakinen arazoa konpontzeko. Instalazioak teknologia oso aurreratua izango du isurketa alorrean eta, beraz, araudi gogorrenek ezarritako parametroak gainditu ahal izango ditu. Europako ingurumen gune aurreratuena izango dugu”.
Obrak laster hasiko dira eta eraikitzeko eta abian jartzeko epea 30 hilabetekoa da.
María Jesus Ramirez andreak azaldu du aldi baterako enpresa batasunaren helburua dela Gipuzkoan instalazio modernoena eta eraginkorrena jartzea hondakinen tratamendurako. Horretarako, enpresek beraien esperientzia jarri behar dute, bai finantzaketan bai tratamendurako instalazioen kudeaketan eta obra publikoa eraikitzeko lanetan.
“Eraikiko dugun instalazioak Hondakinen Kontsortzioak ezarritako baldintza guztiak beteko ditu eta, halaber, ingurumenean inolako eraginik ez sortzeko bete behar diren prebentzio eta babes neurri guztiak ezarri dira proiektuan", esan du Ramirez andreak.
Guneak tratamendu mekanikoko bi lerro izango ditu, erabat automatizatuak eta ekipamendu aurreratuenekin, eta, ondorioz, % 7,6 baino gehiagoko berreskuratzea lortuko du. Gainera, tratamendu biologikoko planta bat eraikiko da, non hondakinak prestatuko diren balorizazio prozesura bideratu aurretik. Eta azkenik, balorazio energetikoko bi lerro egongo dira, non elektrizitatea sortuko den aurreko etapatan sortutako erregaitik abiatuta.
“Bi lerro horiek gasen arazketa arloan eskuragarri dagoen teknologia onena izango dute eta, beraz, bermatu dezakegu isurketa maila baimendutakoa baino askoz ere txikiagoa izango dela. Horretarako, gasak bi etapatan garbitzeko sistema oso berritzailea izango du instalazioak; izan ere, Espainian ez dago gaur egun holako sistemarik duen instalaziorik, eta Europa iparraldeko plantaren batean hasi dira jartzen orain. “Garbiketa sistema horretara bideratuko da aurrekontuaren zati handi bat”, esan du Ramirez andreak. Ez da inolako prozesuko ur isurketarik izango eta oso hondakin gutxi sortuko da.
Urbaser enpresako arduradunak adierazi du guneak Europako teknologia modernoena izango duela eta errespetu osoz jokatuko duela ingurumenarekin.
Gorka Natxiondo Moyua enpresako zuzendari nagusiak esan duenez, teknika eta finantza aldetik hain garrantzitsua den proiektu honetan parte hartzea mugarri bat izango da enpresentzat eta proiekzio handiagoa izango dute aurrerantzean. Gainera, ñabardura gipuzkoar bat emango zaio proiektuari eta hobeto lerrotuko da. Halaber, proiektuaren itzulera ekonomikoa eta fiskala azpimarratu du.
Ingurumen Gunea
Energiaren ikuspuntutik, eraginkortasun eta etekin handiko teknologia ezartzen da eta 94.000 tona CO2 isurtzea ekidingo du, 45.000 etxebizitza hornitzeko adina energia sortuko du.
Arazketa sistemak hobekuntzarako tarte handia eskaintzen du isurketei dagokienez, Europako araudiak dioxina isurketetarako ezartzen duen muga %70 gutxituz. Hau da, araudiak baimentzen duen dioxina kopuruaren heren bat isuriko du gehienez ere. Erabiliko den teknologiari esker, GIGen aplikatuko diren exijentzia maila eta bermeak arauek beste industria motetarako ezartzen dituztenak baino askoz ere altuagoak izango dira. Esate baterako, GIGen isurketak, guztizko partikula kopurutan neurtuta, araudiak zementu fabrikentzat ezartzen duena baino 15 bider txikiagoak izango dira, siderurgiarako baimendutakoa baino 10 bider txikiagoak, eta industria kimikorako aplikatutakoa bano 75 bider txikiagoak.
Errendimendu energetikoa
Urbaser eta beste enpresa gipuzkoarrek osatzen duten ABEEk aurkeztu duen eskaintzaren beste alderdi aipagarri bat da proposatutako instalazioaren errendimendu energetikoko faktorea. Izan ere, baldintza agirietan eskatutakoa eta Europako araudiak exijitutakoa baino % 30 altuagoa da. Hondakinen aprobetxamendu handiago horrek hondakinen balorizazioa areagotzen du, eta horrek 45.000 etxe baino gehiago hornitzeko nahikoa energia sortzea eragiten du. Materialen aprobetxamenduari dagokionez, instalazioan aurreikusten den tratamendu mekaniko-biologikoko plantak bermatzen du % 7,7 berreskuratzea, urteko 10.000 tona inguru, baldintza agirietan % 5 eskatzen bazen ere.
Eskeintza lehiakorrena
ABEEk 217 milioi euroko inbertsioa egingo du, GIG eraiki eta abiarazteko, tratamendu mekaniko-biologikoko eta balorizazio energetikoko plantekin. Gunea martxan jarri bezain laster, kontratistak 24 milioi jasoko ditu urteko. Zenbateko horretan sartzen dira egindako inbertsioagatiko eta instalazioaren kudeaketagatiko ordainketak. Horrela, guztira 768 milioi euro izango dira, kontratuak iraungo duen 32 urteetan. Egingo den inbertsioak enpleguan ere izango du eragina. 80 lanpostu zuzen sortuko dira, eta zeharkako 100.
Punta-puntako teknologia
Eskaintza irabazlea aurkeztu dutenak dira Urbaser, liderra hondakinen kudeaketan eta tratamenduan; LKS, Moyua, Murias eta Altuna y Uria enpresak; Meridian Investments funts frantziarra, azpiegituren finantzazioan eskarmentu handikoa; eta Steinmuller Babcok teknologo alemaniarra. Azken hori da, hain zuzen ere, balorizazio plantako labean aplikatuko diren teknologien arduraduna. Mundu mailako erreferentzia da gai honetan; 460 errekuntza unitate eta mota honetako 49 planta instalatu ditu mundu osoan zehar. Urbaserrek, bestalde, CNTY talde txinatarraren babesa du. Ingurumenean eta hondakinen kudeaketan espezializatuta dago. 7 planta instalatu ditu jada, eta beste 6 eraikitzen ari da. Horrela, urtean 5 milioi tona kudeatuko ditu guztira.
1877