Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Formatu interaktiboago batekin eta herritarrei ateak gehiago irekita egingo du Etorkizuna Eraikiz Congressek bere bigarren edizioa

Formatu interaktiboago batekin eta herritarrei ateak gehiago irekita egingo du Etorkizuna Eraikiz Congressek bere bigarren edizioa

Bere nazioarteko nortasunari eusten dio, lehen mailako parte hartzaileak izango ditu eta azaroaren 24tik 30era bitartean egingo da Tabakaleran.

Eider Mendoza eta unibertsitateetako ordezkariak.

Etorkizuna Eraikiz Congress ekimenaren bigarren edizioa azaroaren 24tik 30era egingo da Tabakaleran, Donostian. Ekitaldia modu berrituan aurkezten da, interaktibotasunaren eta herritarrei gehiago irekitzearen aldeko apustua egiten duen formatu berritzaile batekin. Horrela, programan aurreikusitako zazpi egunetan, Tabakalera erreferentziazko gune bihurtuko da trantsizio berdearen, digitalizazioaren edo gaur egungo aldaketa demografiko eta sozialen erronkei buruz hausnartzeko eta esperimentatzeko. Besteak beste, programa akademiko eta zientifikoaz gain, erakusketa iraunkorra, gazteei zuzendutako dibulgazio ekitaldiak edota herritarrei irekitako hitzaldi eta mintegiak egingo dira bertan. Eider Mendoza foru bozeramaile eta Gobernantzako diputatuak hitzorduaren garrantzia azpimarratu du, Etorkizuna Eraikizen egoera kontrastatzeko aukera emango baitu, bai nazioarteko mailako adituekin, bai lurraldeko profesional eta herritarrekin.

Foru arduradunak ekitaldiaren aurkezpenean parte hartu du gaur, Foru Aldundian egin den prentsa agerraldi batean. Bertan izan dira baita ere Agustin Erkizia Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreordea, Xabier Riezu Deustuko Unibertsitateko errektoreordea eta Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreordea. Agerraldi publikoan parte hartu dutenek nabarmendu dutenez, Etorkizuna Eraikiz Congress lau erakundeek elkarrekin egindako lanaren emaitza da, eta modu presentzialean edo birtualean parte hartu nahi duten herritar guztiei irekita dago. Foroak nazioarteko bokazioa eta proiekzioa du, eta honako hauek hartuko dute parte: erakunde publiko eta pribatuetako aditu eta analistek, unibertsitateko irakasleek, irabazi-asmorik gabeko erakundeek, enpresek, hirugarren sektoreko erakundeek, eremu publikoko profesionalek, kultura-sektoreko kideek, ikasleek… Ekitaldiaren programa osoa www.etorkizunaeraikiz.eus/congress webgunean kontsulta daiteke.

Mendozak bere hitzaldian azaldu duenez, Etorkizuna Eraikiz Congress ekimenaren lehen edizioa mugarri garrantzitsua izan zen iaz Etorkizuna Eraikiz programaren gizarteratze-prozesuan, “nazioarteko mapan kokatzeko eta gure eredua nazioarteko adituekin kontrastatzeko aukera eman zigulako”. Orain, behin hitzordua finkatuta, foru bozeramailearen iritziz, ekitaldiak aukera emango du lurraldearen etorkizunari buruzko eztabaidan ahots eta iritzi gehiago sartzeko. Gogorarazi duenez, Etorkizuna Eraikiz-en eskutik, Gipuzkoa elkarlaneko gobernantzaren aldeko apustua egiten ari da, etorkizuneko erronkei erantzuteko. Lan eredu horrek protagonismoa areagotu du azken bi urteetako tokiko eta nazioarteko agertoki asaldatuan, ematen ari diren trantsizio prozesuek lehentasuna hartu baitute.

Agustin Erkiziak, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak,  adierazi du Euskal Herriko Unibertsitatearen ekarpena Gipuzkoaren etorkizunaren hausnarketa egitea izango da. “Horretarako, kongresuaren azkeneko atalaren ardatza Gipuzkoa 2030 ikuspegi partekatua sortzea izango da. Atal honek bi zati izango ditu: alde batetik aditu batek Garapen Jasangarrirako Helburuak unibertsitatean txertatzeari buruz hitz egingo digu, eta horretarako  mundu osoko unibertsitateek garapen iraunkorra nola irakatsi, ikertu eta sustatu dezaketen azalduko digu, eta bestetik Euskal Herriko Unibertsitateko arlo ezberdinetako adituekin mahai ingurua izango dugu, garapen jasangarriaren eztabaida Gipuzkoako egoerara eramateko”.

Bestalde, Xabier Riezu Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko errektoreordeak adierazi du Kongresua aukera bat dela Etorkizuna Eraikizek sortzen duen ezagutza partekatzeko. “Asko ikasten ari gara hainbat gizarte-erronkari buruz. Deustuko Unibertsitatearen kasuan, gizarteratzeari, adimen artifizialari eta iraunkortasunari buruz, sektore ekonomikoetan izandako eraldaketei buruz, hala nola lehen sektoreari buruz. Baina Etorkizuna Eraikizen proiektuetan zuzenean aplikatzen dugun ezagutza da. Hemen jarduera zientifiko bati buruz ari gara, hau da, jatorritik bertatik gizartera transferitzen den jarduera bati buruz; izan ere, proposatutako erronkei lankidetzan ematen ari garen erantzunen baitan sortzen da”.

Bukatzeko, Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreordeak esan du “Etorkizuna Eraikiz ekimenak Mondragon Unibertsitatearen gizartea eraldatzeko misioarekin bat egiten du eta gure izaera kooperatiboak bultzatuta azken urteotan buru belarri ari gara lanean Foru Aldundiarekin eta Gipuzkoako beste hainbat eragileekin batera” aipatu du baita ere, “sinatu berri dugu lankidetza hitzarmen berria non landuko dugun besteak beste adimen artifiziala, jardun biko enpresa, euskara, lurraldea eta arlo sozioeioekonomikoa eta, garapen komunitarioaren eraikuntza” eta azaroaren 30eko saioari ere egin dio keinu bat “kongresuaren baitan antolatu dugun saioan, punta-puntako hizlariak izango ditugu lankidetzari, trantsizio teknologiko-digitalari, negozio jasangarriei, trantsizio soziosanitarioari eta enpresetan parte-hartzeari buruz hitz egiten”.

Programa

Kongresua Tabakalerako hainbat gune bereizitan egingo da: erakusketa-gunean, zentroaren plazan, prisman eta Patio aretoan. Erakusketa aretoan, esposizio iraunkor bat jarriko da Etorkizuna Eraikizek egindako ibilbidea eta erdietsi diren lorpenak jasotzen dituena, ekitaldiak irauten duen zazpi egunetan egongo dena ikusgai. Tabakalerako plazako espazioa interaktiboenetako bat izango da; izan ere, Etorkizuna Eraikizek bultzatutako erreferentziazko zentroek lantzen dituzten arloei lotuta, mintegiak egingo diren ikasleekin, eta baita ere birziklatzearekin, neuromarketingarekin, lehen sektorearekin edo kultura digitalarekin lotutako ikastaroak ere. Patio aretoan, bestalde, Gipuzkoa Talks-en hiru edizio egingo dira, hauetako bat, desinformazioari buruz, Maldita.esekin; bestea mugikortasun berriari buruz, AEDIVEko Arturo Pérez de Luciarekin; eta hirugarrena adimen artifizialari buruz, Esteban Granero futbolari ohi eta enpresaburuarekin.

Biltzarrean aurreikusitako ekitaldiak hilaren 24an hasiko badira ere, irekiera instituzionala azaroaren 28ko goizean egingo da, eta Iñigo Urkullu lehendakariak, Markel Olano diputatu nagusiak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak parte hartuko dute ekitaldian. Ondoren, mahai-ingurua egingo dute Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak, unibertsitateak gizarte-eraldaketan duen paperari buruz. Goizeko jardunaldiari amaiera emateko, Etorkizuna Eraikiz kasuari buruzko dokumentua estreinatuko da.

Biltzarrak azaroaren 29an, asteartean, jarraituko du, eta bertan lehen mailako parte-hartzaileek parte hartuko dute. Anton Costas ekonomialariak inaugurazio hitzaldia eskainiko du eta, atsedenaldiaren ondoren, trantsizio demografikoari, trantsizio teknologiko-digitalari eta trantsizio berdeari buruzko hiru hilabete-elkarrizketa egingo dira. Bertan parte hartuko dute Maite Peña diputatuak, Josu Gago Agintzariko zuzendariak, Eva Salaberria Donostiako Udaleko Transbertsalitate arduradunak, Jabier Larrañaga diputatuak, Ane Insausti MUBILeko zuzendariak, Roman Orus Multiverseko sortzaileak, Jose Ignacio Asensio diputatuak eta Antxon Olabe Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioko aholkulariak. Kongresuak unibertsitateek beraiek antolatutako jardunaldiak ere izango ditu: astelehenean, hilak 28, 12:00etan, Deustuko Unibertsitateak antolatutakoa izango da; asteazkenean, hilak 30, 9:00etan, Mondragon Unibertsitatearena; eta egun berean, 15:00etan, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

  

5410