Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gizarte laguntzak iruzurrez jasotzeagatik irekitako auzian agertuko da Aldundia

Gizarte laguntzak iruzurrez jasotzeagatik irekitako auzian agertuko da Aldundia

«Rol aktibo bat hartuko dugu, erakundea eta gipuzkoar guztiak defenditzeko» esan du Imanol Lasak

Diputatuen Kontseiluak atzo erabaki zuen akusazio partikular gisa jardutea era guztietako jarduketa penaletan, hau da, foru erakundeak emandako gizarte laguntzak bidegabe jasotzearen inguruan, dagozkion aurretiazko eginbideak izapidetzen ari direla dakiten jarduketa penal guztietan. Erabakia hartzeko arrazoia izan da Donostiako Instrukzioko 4. Epaitegiak, 2018ko otsailaren 28an, akzioak eskaini zizkiola Gipuzkoako Foru Aldundiari, izandako kalte-galeren ordaina erreklamatzeko, Pakistango herritar batzuek diru sarrerak bermatzeko laguntza jasotzerakoan ustez egindako iruzurrari dagokionez.

Foru Aldundiaren eledun Imanol Lasak azpimarratu duenez, neurri horrekin, Foru Gobernuak «rol aktibo» bat hartu nahi du erakundearen eta berak ordezkatzen dituen «gipuzkoar guztien» interesak «irmo defendatzerakoan», bai auzi honetan bai geroan ireki litezkeen beste batzuetan. Gizarte Politikako Departamentua, orain bertan, datuak erkatzen eta behar den informazio guztia biltzen ari da, amarru horrek agian egingo zituen irregulartasunei buruz, bai diru sarrerak bermatzeko laguntza bai Foru Aldundiak ematen dituen beste laguntza batzuk eskatu eta jasotzerakoan, gero «Justiziaren eskuetan» jartzeko, irekitako prozeduran.

«Zuhurtzia» eskatu du, zeren oraindik informazioa biltzen ari baitira, baina goiz izan arren zenbateko iruzurra izan litekeen zehazteko, onartu du «Foru Aldundiari ere erasan diola, erabateko segurtasunez». «Gipuzkoak gizarte babeseko sistema eredugarri bat dauka, arreta ematen diena zailtasunak dituzten pertsona guztiei, eta horri esker, baliabide gutxien duten pertsonek badute aurrera ateratzeko modua. Ordea, eredu hori aldarrikatzen dugun indar berarekin, jazarri egingo diegu hainbeste lortzea kostatu zaigunaz aprobetxatuta legez kanpoko irabaziak eskuratzen dituztenei. Ezin ditugu onartu halako jokaerak, denon kalterako baitira. Ihes fiskalari dagokion bezalaxe eramango dugu praktikara maxima ezaguna: iruzurraren kontra, zero tolerantzia» azaldu du.

Segurtatu du Foru Aldundiak lan egingo duela diru laguntzen kudeaketa kontrolatzeko mekanismoak indartzearen alde, baina garbi utzi du ezin dela hitz egin fenomeno «orokortu» batez, baizik eta amarru puntual batez. Poliziak egindako ikerketen arabera, kasu honetan, organizazio bat da, herritarrak ekartzen zituena Pakistandik Euskadira, non, ustez, harremanetarako pertsona bat izendatzen zitzaien, eta horrek agiri faltsuak, faltsifikatuak edo ez-kautoak ematen zizkien, askotariko gizarte laguntzak jasotzeko, horien artean Foru Aldundiak emandakoak.

Diputatuen Kontseiluak atzoko bilkuran erabaki zuen bere eskubideak erabiltzea, bere eskumena delako Foru Aldundiari dagozkion egintza judizial mota guztiak aurrera eramatea aztertu eta erabakitzea, hala baitio, 31. artikuluko 4. puntuko f) letran, 2005eko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak.

 

  

1342