Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundia premiazko foru dekretu bat lantzen ari da 2024ko aurrekontu proiektuari erantsitako neurri fiskalak onartzeko

Foru Aldundia premiazko foru dekretu bat lantzen ari da 2024ko aurrekontu proiektuari erantsitako neurri fiskalak onartzeko

Familien, enpresen eta autonomoen ongizatea sendotzeko asmoz, aurrekontuen foru-arauaren aurreproiektuan aurkeztutako xedapen gehigarri batzuk eta zerga-arloko azken xedapenak onartuko ditu Gobernu Kontseiluak.

2023/12/20
Foru Dekretua

Foru Gobernu Kontseilua premiazko foru dekretu bat onartzeko lanean ari da, enpresei, familiei eta autonomoei laguntzeko neurri fiskalak bermatu ahal izateko. Neurri-sorta hori abenduaren 28an onartuko da, horretarako deitutako Ezohiko Kontseiluan. Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitzetan, helburua “familien eta, oro har, herritarren ekonomia babestea eta Gipuzkoako enpresen eta autonomoen lehiakortasuna bermatzea” da. Hori dela eta, 2024ko aurrekontu proiektuan aurkeztutako zerga arloko xedapen gehigarri eta azken xedapen batzuk onartzea da Kontseiluaren asmoa. Izan ere EAJ-PNV eta PSE-EEko gobernu koalizioak aurkeztutako aurrekontu proiektua bertan behera gelditu da, oposizioko alderdiek ez onartu ondoren.

“Bizi dugun egungo egoeran, kohesio soziala sendotzera eta kolektibo ahulenak babestera bideratutako politikak behar ditugu, prezioen inflazioaren eta erosketa-saskiaren igoeraren aurrean”, Mendozak berretsi duenez. Egoera horren aurrean, foru gobernuak eskumen fiskala erabiltzea erabaki du, besteak beste, autonomoak, mikroenpresak eta nekazaritza eta abeltzaintzako sektorea bezalako kolektiboei laguntzeko, eta asmo horrekin neurri sorta bat aurkeztuko du. Horrez gain, % 2,5eko tarifaren deflaktazioa onartzea ere aurreikusten da, EAEko beste bi lurralde historikoen ildotik.

Mendozak adierazi duenez, “neurri horiek foru erakundeak lurraldeko pertsona eta jarduerekin duen konpromisoaren adibide dira”. Gainera, “ezohiko testuinguruetan koiunturazko neurriak hartuz erantzuteko” beharra azpimarratu du, “Gipuzkoako herritarrei eta enpresa ehunari egungo eta etorkizuneko erronken aurrean behar duten sendotasun ekonomiko eta finantzarioa ematen jarraitzeko”.

Premiazko foru dekretu hau onartu ondoren, lege proposamena Batzar Nagusietan aurkeztuko da, urtarrilaren hasieran osoko bilkuran balioztatu ahal izateko. Helburua planteatutako neurriek atzeraeragina izatea eta 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzea da.

  

1511