Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak 628.378 euro bideratuko ditu Arzabalzako zubia birgaitzeko, N-1 errepidean

Foru Aldundiak 628.378 euro bideratuko ditu Arzabalzako zubia birgaitzeko, N-1 errepidean

Lanek 10 aste iraungo dute, eta ibilgailuen trafiko handia, astunena barne, jasaten duen azpiegitura hau hobetzea ahabidetuko dute

2018/01/10

Diputatuen Kontseiluak atzo onartu zuen Tolosako N-1 errepideko Irungo noranzkoan (432,936 KP) Arzabalzako zubia konpontzeko proiektua. Obrek 628.378,78 euroko aurrekontua dute guztira eta hamar asteko exekuzio epea. Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldu duenez, jarduketa horrek aukera emango du azpiegitura horren segurtasuna hobetzeko; izan ere, errepide horretan egunero 35.920 ibilgailu ibiltzen dira batez beste,  horien artean kamioiak.

Obrak udan hasiko dira, aurreikuspenen arabera. Lasak azpimarratu du gipuzkoarrek oso ondo baloratzen dutela inkesta guztietan Gipuzkoako errepideen mantenua eta kontserbazioa, eta, atzo, ibilgailu astunentzako abian jarri zen bidesariari esker “baliabideak izango dira azpiegitura hobetzeko”, eta mota horretako ibilgailuen zirkulazioaren ondorioei aurre egiteko, “gure lurraldea igarobidea baita”.

Kontuan hartuta gune horretan trafikoa desbideratzeko dagoen zailtasuna, taula azpian konponketa eta errefortzu lanak egin ahal izateko, taulatik eskegitako aldamio bat jarriko da. Aldamio hori erabiliko da ere hegalak eraisteko eta berreraikitzeko lanak egiterakoan. Beste konponketa lan batzuk ere egingo dira iraunkortasunari lotutako narriadurengatik. Proiektuaren oinarria da trafikoaren afekzioak saihestea ahal den neurrian. Exekuzio faseak gauzatzeko, beraz, irekita edukiko dira bi zirkulazio erreiak eta gaueko orduetan edo asteburuetan errei bat ixtea eskatzen duten lanak programatuko dira.

Zubi hori 1944an proiektatu zen N-I errepidearen euskarri gisa, Oria ibaia gainditzeko. Izan ere, 67,60 metro luze den egitura da, 16 m-ko argia duten 4 bao ditu desbideratuta gainazalean, eta harrizko pilareak eta hormigoi armatuzko habe taula bat ditu. Duen euste sistemaren erantzuna eraginkorra izango da talka baten aurrean. Zubi horretatik egunero garraio bereziak igarotzen dira, eta egiturak zama horiek luzetarako flexioan jasateko gaitasun gutxi du.

Proiektuaren helburua da zubia birgaitzea, eta, horretarako, habe guztiak flexiorako sendotzea karbono zuntzezko xafla bidez, trafikoaren eraginari aurre egiteko eta bere ezaugarri funtzionalak hobetzeko, segurtasunari eta erosotasunari dagokienez. Era berean, proiektuak jasotzen du egungo euste-sistema aldatzea, eta metalezko petrilak jarriko dira, eta beste batzuk konpondu egingo dira, luzaroan iraun dezaten.

Obrak egiteko beharrezko lursailak erabilgarri daude, lan guztiak bidearen herri jabarian egitekoak baitira. Ondorioz, proiektuak ez dio eragin berririk sortuko lurzoruari.

Iraurgi Saskibaloia

Halaber, Kontseiluak onartu zuen 150.000 euroko ekarpena egitea Kirolgi Fundazioari, Iraurgi Saski Baloi taldearen parte hartzea babesteko LEB ORO Ligan eta Gipuzkoako saskibaloia sustatzeko. Zenbateko hori Espainiako Saskibaloi Federazioaren aurrean kopuru bereko abala jartzeko erabiliko da, Azpeitiko eta Azkoitiko gizonezkoen taldearen parte hartzea bermatzeko LEB ORO Ligan, denboraldi honetan liga horretan lehiatzen ari baita. Iraurgik tranpolin lana egite du herriko jokalarirentzat, besteak beste Gaizka Maizarentzat, etxean lan ona egin ondoren Gaizkak debuta egin baitzuen Gipuzkoa Basket taldean.

Lasak azpimarratu du Iraurgik harrobiarekin egiten duen lana, asteburu bakoitzean ehunka neska-mutil aritzen baitira lehiaketetan, eta, horrela, hainbat jokalari iritsi dira Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako selekzio desberdinetara; halaber, taldeak Euskadin irabazi dituen txapelketak aipatu ditu. Klubak 15 ekipo baino gehiago ditu eta, gainera,  teknifikazio programak garatzen ditu umeei kirol horretan hasteko aukera emateko.

Lasak adierazi duenez, lan hori babesteko garrantzitsua da harrobiko jokalariak "erreferente bat izatea aurrera egiteko, eta, horretarako, goi errendimenduko kirola ere sustatu behar dugu. Hori da erabaki honen helburu nagusia”. Denboraldi honetan Azpeitiko eta Azkoitiko klubaren 45. urteurrena da, 1972an sortu baitzen, eta, gaur egun, Gipuzkoako saskibaloiaren erreferenteetako bat da “bere konstantzia eta lanari esker”.

Frankismoaren krimenen aurkako salaketa

Agerraldi berean, foru bozeramaileak deitoratu egin du Elgetako udalak frankismoaren krimenen aurka aurkeztutako kereilaren artxiboa. Erabaki hau atzo zabaldu zen. Baita epaitegi bereak Arrasateko udalak aurkeztutako kereila tramitera ez duela onartuko ere. Bergarako epaitegian izandako epaile aldaketa da eta horren irizpide desadostasuna da hasierako erabakia bertan behera utzi izanaren arrazoia. “Aldundiak, eta Elkarbizitza eta Giza Eskubideetako zuzendaritzak, tristuraz hartzen du erabaki hori, atea ixten baitio itxaropenaz eta ilusioz ikusten genuen eta bide berri bat zabaltzen zuen ekinbide legalari”, esan du.

Hala eta guztiz ere, eta “albiste txar horren gainetik”, Aldundiak iragarritako asmoekin jarraitzen duela berretsi du, eta aukerak aztertzen jarraitzen duela epailegietan bideak irekitzeko, “frankismoaren diktaduran egindako krimen erantzukizun penalak” argituko dituen salaketa aurkezte aldera. “Ez gara etsipenean eroriko. Lanean jarraitzen dugu, indar guztiarekin, diktaduraren biktimek justiziarako duten eskubidea gauzatzeko”. 

  

1503