Foru Aldundiak bat egin du klima aldaketaren aurkako nazioarteko egunarekin
Foru Aldundiak bat egin du klima aldaketaren aurkako nazioarteko egunarekin
Ingurumen Departamentua klima aldaketaren aurkako Gipuzkoako estrategia prestatzen ari da
Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunarekin, gaur urriaren 24an ospatzen baita, herritarrak sentsibilizatzeko aldaketa klimatikoak eta berotze globalak dakartzaten ondorioen gainean.
Ingurumeneko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok adierazi du Gipuzkoak erronka horri modu estrategikoan eta orokorrean heldu behar diola, Europako helburuekin eta euskal estrategiarekin bat etorrita. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak, Eusko Jaurlaritzaren Klima 2050 Estrategiarekin bat eginez, 2017. urtean programa berri bat jarriko du abian, Klima Aldaketaren aurkako Borrokari dagokionez Departamentuak dituen lerro estrategikoen barruan.
“Datuek argi eta garbi erakusten dute gure bizimodua dela aldaketa klimatikoaren errudun nagusia, eta, beraz, denok elkarrekin egin behar dugu aurrera ondorio horiek murrizten lagunduko digun bizimodu jasangarri batera. Ohiturak aldatu behar ditugu, gure eguneroko ekintzak planetan islatzen baitira, eta Gipuzkoa jasangarri bat izan behar dugu jomuga" adierazi du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentua Klima Aldaketaren aurkako Gipuzkoako Estrategia prestatzen ari da, toki administrazioko politika sektorial eta maila guztietan eragingo duena. Ingurumen Departamentuak hainbat eskumen dituenez -energia, Tokiko Agenda 21, hondakinak, ingurumen inpaktua, hondartzak, uraren hornidura- berari dagokio Klima Aldaketaren aurkako Gipuzkoako Estrategia sustatzea, bultzatzea, koordinatzea eta gainerako foru departamentuetan, beste erakunde batzuetan eta beste eragile batzuetan eragitea eta haiekin lankidetzan aritzea.
“Herrialde aurreratuenek ez dituzte aldaketa klimatikoari buruzko beren politikak ulertzen beren gainerako politikak –energia, garraioa, ekonomia, zerga, industria, nekazaritza eta basozaintza, osasuna, gizarte ongizatea- benetan koordinatu gabe, eta Gipuzkoan ere aldaketa klimatikoa jarduera guztietan txertatu behar dugu” esan du Asensiok.
1539