Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak bizikletaren erabilerako segurtasunari buruzko jardunaldia antolatu du

Foru Aldundiak bizikletaren erabilerako segurtasunari buruzko jardunaldia antolatu du

Mugikortasunaren foru sailak antolatuta, ostegun honetan egingo da EHUk Gipuzkoan bizikletaren pertzepzioaren eta jokabidearen inguruan egindako azterlana aurkezteko eta Bartzelona edo Amsterdam moduko hirietako esperientziak aztertzeko.

2019/02/28

Marisol Garmendia sozialista buru duen Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Foru Sailak txirrindularien segurtasunari buruzko jardunaldi teknikoa antolatuko du ostegun honetan, otsailaren 28an. Jardunaldia Gipuzkoako Foru Aldundian egingo da eta “Bide eta espazio publikoaren erabilera eta ulermena bizikletaren ikuspegitik” du izenburutzat. Bertan aztertuko da hiri-mugikortasuna hainbat akademia-alorretatik eta EHUk osatutako azterlana aurkeztuko da. Azken hori Miren Urquijo irakasleak zuzendu du, Mugikortasun foru sailarekin duen lankidetza-hitzarmenaren baitan. Azterlanak Espazioaren Antropologia ikasgaiko ikasleen laguntza ere jaso du. Jardunaldiak txirrindularien pertzepzioa eta jokabidea ardatz duten beste azterlanak ezagutzeko aukera eskainiko du. Horiek bizikletaren erabileran erreferente diren hirietan egin dira, Bartzelona eta Amsterdamen kasu, txirrindularik beren joan-etorriak egiteko erabiltzen dituzten bide ezberdinen segurtasunari buruz duten ikuspegia ezagutzeko.

EHUko ikerlanak azaldu duenez, hiriko txirrindulariek beldurra dute galtzadetan automobilen oldarkortasuna dela eta. Aldiz, bidegorriak dira bizikletan ibiltzeko hoberen ikusten dituztenak, segurtasun eta lasaitasun handiagoa eskaintzen dutelako, nahiz eta istripu arinak jasateko aukera duten, oinezkoek maiz zeharkatzen dituztelako eta gero eta patinete elektriko eta mugikortasun pertsonalerako ibilgailu gehiago daudelako. Oinezkoekin partekatzen diren espazioei dagokienez, desadostasunak eta elkarbizitza-arazoak ageri dira, espazioak partekatzean.

Marisol Garmendia Mugikortasun diputatuak adierazi duenez, "jardunaldi honek gaurkotasun handiko gai batean jartzen du azentua: bide segurtasuna eta espazio publikoa, oinezkoak eta txirrindulariak elkarrekin bizitzeko eta partekatzeko beharraz. Beraz, txirrindularien mugikortasunaren segurtasuna hobeto ulertzen lagunduko digu, baita gure ingurunean mugikortasun iraunkorrari aurre egiteko erronkak ezagutzen ere, hainbat esparru akademiko eta ikuspegitatik. Luze daramagu lanean, gero eta pertsona gehiagok hauta dezaten bizikleta eguneroko garraio gisa eta, hori dela eta, berebizikoa da segurtasun-bermeak eta erosotasuna eskaintzea joan-etorri horiek egin behar dituztenean. Gainera, ibilgailu berriak sortzen ari dira, patinete edo triziklo elektrikoak esaterako, eta horiek ere kontuan hartu behar dira”.

EHUk Aldundiaren Mugikortasun sailarekin elkarlanean egindako azterlanaren arabera, galtzadatik bizikleten zirkulazioa laguntzera zuzendutako hiriko bide-politika, positibotzat hartzen bada ere, ez da oso errealistatzat hartzen egungo egoera kontuan hartuta eta, beraz, bizikleta-bideak eta zirkulazio motorizatua bereizten dituen aukera nahiago da orokorrean.

Txirrindulari, oinezko eta bide eta espazio publikoen gainerako erabiltzaileen elkarbizitzan sakontzeko asmoz, azterlanak ondorioztatu du txirrindularien kolektiboan errespetua, enpatia, eta zirkulazio-araudia hobeto ezagutzea sustatu beharko litzatekeela, baita arreta, aurreratze eta erreakziorako trebetasun pertsonala, abiaduraren egokitasuna eta segurtasun-distantziak mantentzea sustatu ere.

Jardunaldia mugikortasun iraunkorraren eta bizikletaren arloko udal profesional eta teknikariei zuzenduta dago, eta mugikortasun errealitate berriak aztertuko ditu, baita bide-segurtasunean duten eragina ere. Gainera, DGTko Alejandro Domínguez de la Rosa Gipuzkoako Trafikoko Probintziako Buruak ere parte hartuko du.

  

1514