Foru Aldundiak desburokratizazioan sakontzeko prozesu bat jarri du abian Gipuzkoako elkarteekin
Foru Aldundiak desburokratizazioan sakontzeko prozesu bat jarri du abian Gipuzkoako elkarteekin
Helburua da herri entitateek foru erakundearekin egin beharreko izapideak erraztea, eta prozesuaren ondorioak Ekintza Plan batean bilduko dira
110 herri entitatek baieztatu dute bere parte hartzea Foru Aldundiak entitate horien eta foru administrazioaren arteko harremana erraztu eta desburokratizatzeko deitutako prozesu irekian. Prozesuaren helburua da, lehenengo, diagnostiko bat egitea zuzenean ezagutzeko zeintzuk diren elkarteen premia nagusienak bere jarduera burutzeko egin behar izaten dituzten izapideei dagokienez, eta, ondoren, elkarteen ekarpenak, proposamenak eta hobekuntzak sartzea. Aurrerago, horiek guztiak aztertu eta Ekintza Plan batean jasoko dira epe eta neurri zehatzekin, eta Foru Aldundiak betetzeko konpromisoa hartuko du, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, Imanol Lasa jaunak, azaldu duenez.
Lasa jauna Emun Aholkularitza enpresako teknikaria den Ainhoa Mendibilekin batera agertu da, enpresa hori arduratuko baita prozesuaren dinamizazio, euskarri emate eta antolaketa metodologikoaz. Bi saio egingo dira elkarteekin Gipuzkoako eskualde guztietan, eta bertan parte hartuko dute diru laguntzak eta elkarteekiko izapideak kudeatzen dituzten Foru Aldundiko teknikariek ere, egingo diren proposamenen bideragarritasuna aztertzeko. Prozesuaren amaieran aipatutako Ekintza Plana onartuko da.
Tokiko elkarteekin eskualdeka egingo diren saioan lehenengo txanda datorren astean hasiko da, ezagutzera eman duenez. Saioen datak eta lekuak:
Irailak 26, asteartea - Donostia
Irailak 27, asteazkena - Eibar
Irailak 28, osteguna - Arrasate
Urriak 3, asteartea - Zarautz
Urriak 4, asteazkena - Beasain
Urriak 5, osteguna - Tolosa
Urriak 9, astelehena - Hernani
Urriak 10, asteartea - Errenteria
Urriak 11, asteazkena - Hondarribia
Partaidetza prozesuan parte hartu nahi duten entitateek partaidetza@gipuzkoa.eus helbidera idatzi dezakete. “Horretara gonbidatu nahi ditugu, funtsezko eragileak direlako, eta Gipuzkoako etorkizuna guztion artean eraikitzen jarraitu nahi dugulako”, azaldu du Lasak.
Saioak iluntzetan izango direnez, haurren zaintza zerbitzua eskaini da guztietarako. Betiere aurrez izena emanda. “Eta hizkuntzaren kudeaketari dagokionez, euskaraz izango dira saioak, beraz, euskaraz ulertzeko zailtasunak dituztenentzako itzulpen-laguntzak eskainiko ditugu. Esan bezala, baina, zerbitzu hauek jasotzeko, eta bestela ere, izena ematea komeni da”, esan du Mendibilek. “Datorren astean hasiko ditugu saioak elkarteekin, eta abenduan bukatu. Ondoren, emaitzak lantzeko hilabete pare bat hartuko ditugu, eta otsaila-martxoa alderako behar genuke konponbideak aurkezteko moduan”.
Lasak, berriz, azpimarratu du Gipuzkoak gizarte zibil “aktibo eta dinamikoa” duela, eta gure “indargune nagusietako bat dela, kohesionatu egiten gaituelako lurralde gisa”. Lurralde osoan 6.700 herri entitate daude erregistratuta, horietatik 1.000 Donostian, eta “izugarrizko lana” egiten dute hainbat arlotan: kirola, hezkuntza, gizarte ekintza, elkartasuna, osasuna, kultura… Adierazi duenez, “elkarte horiek Gipuzkoaren bihotza dira, gure herri eta hiriei bizitza ematen dieten jarduerak eta ekitaldiak antolatzen dituzte, pertsona diferenteak harremanetan jartzen dituzte loturak eta komunitate bateko kide izatearen zentzua sendotuz. Indibidualismoaren aurkako hesi bat dira”.
1963