Foru Aldundiak eta ATECEk VII. Lasterketa solidarioa aurkeztu dute
Foru Aldundiak eta ATECEk VII. Lasterketa solidarioa aurkeztu dute
Maite Peña: "Garrantzi handikoa da ATECEren zeregina, bai lesio horren errealitatea ikustaratzen bai laguntza psikologika eskaintzen”
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ATECE Gipuzkoa elkarteak igandean Donostian egingo den Lasterketa solidarioaren VII. edizioa aurkeztu dute, hartutako kalte zerebrala (Iktusa, traumatismo kraneoenzefalikoakak eta abar) duten pertsonei laguntzeko, dortsalak agortzeko helburuarekin. Hala, helduentzako 5 km-ko lasterketaz gain, haurrentzako lasterketak eta bira solidarioa ere egingo dira, besteak beste. Gaurko aurkezpenean Maite Peña Gizarte Politikako jarduneko diputatuak azpimarratu duenez, “oso garrantzitsua” da lesio honen “errealitatea gizartean ikustaraztea”; eta kirolaren bitartez egitea “oso modu egokia” da kolektibo horren “errealitate eta premiez” ohartarazteko. Jarduneko diputatuak gaineratu du foru erakundeak zeregin horretan eta “laguntza psikologikoan” babesten duela ATECE Gipuzkoa, garuneko lesioa duten pertsonen elkartea, 485 elkartekide dituena, eta horietatik 212 garun-kalte hartuak eragindako pertsonak.
Azken datuen arabera, Euskadin 20.000 pertsonek dute hartutak kalte zerebrala. Garuna oxigenorik gabe geratzearen ondorio da eta hori eragin dezaketen arrazoi ezberdinak daude: buruko minbizia, istripuren bat edo ictus edo antzekoren bat, besteak beste. Gipuzkoari dagokionez, urtero 2.000 kasu berri antzematen dira, %87-89 iktusagatik (ACV larria) direla; %16-19, aldiz, ACV hemorragikoagatik.
Peñak nabarmendu du gehien “40 eta 60 urte bitarteko gizonei” eragiten diela gaitzak, baina egia ere badela, “edonori” gertatu ahal zaiola. Eta ohartarazi du garuneko gaitza “bat-batekoa” izaten dela “gehienetan”, eta prebentzioa eginda ere, ez dagoela gaitza uxatzeko “modu eraginkorrik”. Hala ere, lesio horrek “sendabiderik ez badu ere”, zehaztu du badirela tratamenduak “ondorioak arintzen” laguntzeko. “Horregatik da hain garrantzitsua lesio honen berri ematea gizartean”.
Hala, Anoetako miniestadioan egingo den VII. Lasterketa solidarioan parte hartzeko asmoa duenak aurrez eman behar du izena http://www.kirolprobak.com webgunean, parte-hartzaile muga 300 lagunekoa delarik. Aurtengo edizioa 10:00etan hasiko da 5 km-ko lasterketarekin hirian zehar (miniestadioan hasi eta amaituko da). Ondoren, 11:00etan, haurrentzako lasterketak hasiko dira (Haur Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara bitartekoak), eta, azkenik, 12:00etan itzuli solidarioak egingo dituzte gaixotasunak eragindako pertsonek eta lagundu nahi duten guztiek. Gainera, haurrentzako tailerrak egin, korrikalarien poltsak eta dominak banatzeaz gain, ekimenari amaiera emateko, dagoeneko ezaguna egin den sari banaketa oparoa egingo da parte-hartzaileen artean.
Halaber, aurkezpenean Jose Manuel Amador ATECE Gipuzkoa elkarteko presidenteak azaldu duenez, elkartea 1994an eratu zen, eta jada “20 urte baino badaramagu ere, hainbat kanpaina egiten ditugu GKHren errealitateari eta gaixotasunaren familienari ikusgarritasuna emateko”. Era berean, esan du eragindako pertsonen kolektiboa “oso heterogeneoa” dela, bai adinari dagokionez, bai eragindakoek jasatzen dituzten “sekuelei dagokienez”. “Hasieran oso lagungarria izan zen kolektibo osoa taldekatu zuen elkarte bat egotea. Urteak iragan ahala, hazten joan gara, elkartekideen kopurua handitzen joan da, eta, batez ere, eskaintzen ditugun jardueren kopurua handitzen joan da”, esan du Amadorrek, eta gaineratu gaur egun, elkarteak zerbitzu eta “jarduera espezifikoak” eskaintzen dituela gaixotasunak eragindako pertsonentzat eta haien familiartekoentzat, hala nola, “laguntza psikologikoa eta neuropsikologikoa, gizarte-arreta, errehabilitazio kognitiboa, eskulan- eta pintura-tailerrak, fisioterapia, logopedia, autolaguntzako taldeak, aisialdi eta denbora libreko programak, oporretako programak eta prebentzio-hitzaldiak”.
Bestalde, Peñak argitu du garuneko lesioa dutenena “oso kolektibo anitza” dela; izan ere, gaitzaren arabera, “lesio handiagoa edo arinagoa” izaten dute pazienteek eta “ezberdintasun handiak” izaten dira batzuen eta besteen artean; “badira bizitza autonomoa egiteko gai direnak, baina baita ia erabateko mendekotasuna duten beste batzuk ere”. “Beraien arteko ezberdintasun horiek, hain zuzen, zailago egiten dituzte terapiak eta tratamenduak, askotan norberaren neurrira egokitu behar izaten direlako”, azaldu du amaitzeko jarduneko diputatuak, zeinak, amaitzeko jendea animatu egin duen igandeko lasterketa solidarioan “parte hartzera”, ATECE Gipuzkoari “elkartasuna adierazteko”.
Gipuzkoan uurtero 2.000 kasu berri antzematen dira, %87-89 iktusagatik direla; %16-19, aldiz, ACV hemorragikoagatik
1729