Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak Gipuzkoa nazioartekotzeko 37 proiektu babestu ditu

Foru Aldundiak Gipuzkoa nazioartekotzeko 37 proiektu babestu ditu

Guztira 788.992 euro bideratu dira aurtengo deialdira, eta horren ebazpena dagoeneko gauzatu da.

Munduko mapa.

Foru Aldundiak, aurten, Gipuzkoako 37 enpresa eta agenteri lagundu die kanpo-merkatura irekitzen internazionalizazio programaren bidez, zehazki, helburu hauek dituen deialdiaren bidez: bultzatzea nazioarteko merkatuan produktu berrien merkaturatzea eta komertzializatzea, eta sustatzea gehiengo partaidetza duten filialak sortzea, handitzea edo eskuratzea. Foru erakundeak 788.992 euro bideratuko ditu, hiru laguntza lerrotan banatuta: 21 enpresak produktu berriak nazioartean merkaturatzeko laguntza (658.992 euro), kanpo ezarpenerako proiektu bat (100.000 euro) eta kluster bati zuzendutako beste bat (30.000 euro), 15 enpresa barne hartzen dituena.   

Enpresa txiki eta ertainei soilik zuzendutako lehen ildoaren kasuan, diruz lagunduko dira: produktu berriak atzerrian merkaturatzeko kanpoan kontratatutako lanak eta zerbitzuak, hala nola aholkularitza eta prestakuntza nazioartekotzean, marketinean eta merkaturatzean, edo patente eskaerak, marka erregistroak eta izen komertzialak. Enpresa bakoitzak gehienez ere bi herrialde hauta ditzake produktu berrirako, eta proiektuen balorazioan kontuan hartzen dira Eusko Jaurlaritzaren Enpresak Nazioartekotzeko Plan Estrategikoak ezarritako lehentasunezko merkatuak.

Hala, proiektu gehienak lehentasun handieneko kategorian dauden herrialdeetara bideratuko dira, hala nola Alemania (14), Mexiko (12), AEB (10) eta Txina (3). Beste helmuga herrialdeak hauek dira: Frantzia (9), Erresuma Batua (5), Italia (3), Kolonbia (3), Txile (2), Arabiar Emirerri Batuak (2), eta Qatar, Danimarka, India, Japonia, Maroko, Pakistan, Peru, Errumania eta Turkia, azken horiek priektu banarekin. Guztira, inbertsioa 3 milioitik gorakoa da. Lagundutako enpresen profila askotarikoa da, nahiz eta sektore nagusiak hauek diren: makineria, elektronika eta IKTak, automozioa, biozientziak eta zerbitzu aurreratuak. Enpresen artean daude Zitu, Enkoa, Skootik, Bost, Innoprick, Altuna edo Mera. Programara aurkeztu diren konpainien ezaugarria da maila teknologiko altuko edo ertain/altuko sektoreetakoak direla (% 72), eta Gipuzkoako 9 eskualdeetatik 8koak dira; batez beste ekoizpenaren % 52 esportatzen dute, eta % 75 inguru enpresa txikiak edo mikroenpresak dira.

Bigarren laguntza ildoari dagokionez, babestu egiten dira Gipuzkoako enpresek filialak sortzera, handitzera edo eskuratzera bideratzen dituzten baliabide iraunkorretarako ekarpenak, edozein herrialdetan –enpresa txikien kasuan–, eta EBtik kanpo –enpresa ertainen eta handien kasuan– egin badira. Aurtengo deialdian, laguntza eman zaio HLC enpresari. Enpresa horrek skate-ak egiten ditu, Oiartzunen du egoitza, eta Europan erreferente eta lider da bere sektorean. Mexikon enpresa bat erosi du, eta, horren bidez, Ameriketako merkatuan skate-en fabrikatzaile eta banatzaile nagusi gisa duen posizioa sendotu nahi du, batez ere Mexikon, AEBn eta Latinoamerikan.

Hirugarren lerroa da aurreko deialdiekin alderatuz berritasun nagusia. Enpresa txikiak nazioartekotzea du helburu, eta, horretarako, talde ekintzak bultzatzen ditu, Gipuzkoako balio-kateak ordezkatzen dituzten erakundeek sustatzen dituztenak, hala nola klusterrek. Horren bidez, aurten Habic klusterraren (altzarien fabrikazioa) "Habitfrance" proiektua babesten da, lurraldeko 15 ETE-en produktuak Frantziako merkatuan sartzeko. Horretarako, hainbat jarduera egingo dira lankidetzan, enpresa esportatzaileenen trakzio efektua aprobetxatuz.

Deialdi horretaz gain, Aldundiak beste ekimen batzuk gauzatzen ditu Gipuzkoako enpresen nazioarteko presentzia indartzeko, hala nola Nebts programa, start upak nazioartekotzeko; Lagundex programa, ETE-en nazioartekotzea laguntzeko; edo Gipuzkoa Zabaltzen programa, merkatuak dibertsifikatzeko, zeinak Gipuzkoako Bazkundearekin batera garatzen baitiren; edo 2016an Elkargirekin batera aktibatutako finantza tresna, zeinak Gipuzkoako ETE-en nazioartekotzea babesten duen, abalak emanez. 

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azpimarratu duenez, "ongizatearen bermerik onena ekonomia indartsua da, eta ekonomia indartsu bat, nahitaez, nazioartekotutako ekonomia da, gaur egungoa bezalako mundu interkonektatu batean. 2008an, bereziki Estatuari eragin zion krisialdian, atzerrira irekitzeko ahaleginari esker hobeto aurre egin ahal izan genion krisiari, eta, zalantzarik gabe, kanpoko presentzia sendotu eta zabaltzea berriz ere funtsezkoa izango da, pandemiaren ondoriozko egungo ziurgabetasun testuinguruan gertatutako susperraldi ekonomikoa finkatzeko. Nazioartekotzea funtsezko palanka bat da egungo jarduera eta enplegua kontsolidatzeko, eta negozio aukera berriak nahiz kalitatezko enplegua sortzeko. Lurralde esportatzailea izan ginen eta gara. Oinarriak ezarri behar ditugu hala izaten jarraitzeko", eskatu du.

Esportazioen balorazioa

Ildo horretan, diputatuak oso positibotzat jo ditu EAEko eta lurraldeko kanpo-merkataritzari buruzko azken datuak, Eustatek gaur ezagutzera eman dituenak. "Gipuzkoako esportazioak % 27,6 hazi ziren urtarrila eta uztaila bitartean. Baina krisiaren aurreko egoera erreferentziatzat hartuta, aurtengo esportazio metatuak 2019ko mailen gainetik daude, urte hura errekorra izanda ere. Horrek esan nahi du erregistro historikoak gainditzen ari garela, gaur egungo testuinguru nahasian. Egia da energiaren eta lehengaien kostuaren igoerak zailtasunak eta kezka sortzen dituela, baina gure enpresak ez daude geldirik zalantzengatik, baizik eta saiatzen ari dira beren jarduerari eusten eta proiektu berrien bidez beraien horizonteak zabaltzen. Zuhurtzia alde batera utzi gabe, konfiantza izan behar dugu eta lanean jarraitu behar dugu, joera on horri ahal den neurrian eusteko", azaldu du.

  

3869