Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak herritarren partaidetza bultzatuko du foru arau berriaren bidez

Foru Aldundiak herritarren partaidetza bultzatuko du foru arau berriaren bidez

Dagoeneko indarrean dago, eta foru politikak diseinatu eta prestatzeko zuzeneko partaidetzarako mekanismoak eskaintzen ditu

2019/01/09

Foru Aldundiak xehetasunak eman ditu dagoeneko indarrean dagoen Herritarren Partaidetzarako Foru Arauaren edukiaren inguruan. Horri esker, herritarrek eta Gipuzkoako eragile ezberdinek foru politikak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzeko lanetan esku hartu ahal izango dute zuzeneko partaidetzako mekanismoen bidez. “Gipuzkoa aitzindaria izan zen partaidetza gobernantza onaren zutabeetako bat  bihurtzeko apustuan, 2010ean onartutako Foru Arauaren bidez, zeina eredu bat izan baitzen erakunde askorentzat. Orain, foru arau hura eguneratu eta malgutu dugu hobekuntza garrantzitsuak gehituz, guztion neurrirako etorkizun bat eraikitzen jarraitzeko”, adierazi du Gobernantzako eta Gizartearekiko komunikazioko diputatuak.

Arauak blindatu egiten du parte hartzeko eskubidea izatea Foru Aldundiaren eskumeneko gaietan, edota laguntza teknikoaren edo finantzarioaren bidez Foru Aldundiak parte hartzen duen eta lurraldean eragin garrantzitsua duten gaietan. Eskubide hori izango dute Gipuzkoan erroldatuta dauden eta 16 urte beteta dituzten guztiek; irabazi asmorik gabeko erakundeek; elkarteek, fundazioek, sindikatuek, enpresa elkarteek, elkargoek, zuzenbide publikoko korporazioek edo bestelako entitateek; eta, berritasun modura, izaera juridikorik gabeko herritarren plataforma, foro eta sareek.

Guztiek eskubidea izango dute Foru Aldundiari eskatzeko abian jar ditzala partaidetzazko deliberazio prozesuak edo herri galdeketak. Herritarren kasuan, ordezkatu beharko dute, gutxienez, dagokion erabakiak edo politikak eragingo dion lurralde, udalerri edo eskualdeko biztanle multzoaren ehuneko bia. Halaber, eskubide hori gauzatu ahal izango dute tokiko erakundeek, bakarka nahiz beste toki erakunde batzuekin batera, baldin eta foru erakundeek egingo duten politikak edo hartuko dituzten erabakiek eragina badute haiengan. Foru Aldundiak ez baditu osorik edo zati batean onartzen partaidetza prozesuen emaitzak, arrazoitu egin beharko du bere erabakia, arrazoiak zehatz-mehatz azalduz.

Era berean, baldintza berberekin, pertsonek edo herritarren erakundeek eskatu ahal izango dute foru arauen prestakuntza prozesuetan parte hartzea, uste badute beren jarduera edo interes esparruari eragiten dietela bereziki, edota foru arauen aurreproiektu berriak egitea. Foru Aldundiak herritarrek parte hartzeko bideak ezarri beharko ditu “garrantzia bereziko” gaiak arautzen dituzten foru arauak prestatzean.

Foru Arauaren berritasun nagusietako bat da betebehar bat ezartzen diola Foru Aldundiari, hain zuen ere bere aurrekontuen prestakuntza lanetan herritarrek eta elkarteek parte hartzeko prozesuak irekitzeko betebeharra. Hori dagoeneko egiten da eta arrakastatsua izaten ari da, baina orain legez bermatuta egongo da.  Gainera, aurrerantzean Diputatuen Kontseiluak zehaztu beharko du zer portzentaje edo zenbateko eta zer gastu partida gordeko dituen Partaidetzazko Aurrekontuen prozeduraren bidez erabakitzeko.

Bultzatutako beste arlo bat genero berdintasuna da, emakumeek eta gizonek, “benetan eta modu eraginkorrean”, berdintasunean parte hartzea sustatzeko eta bermatzeko neurriak txertatu baitira.  Partaidetzazko prozesu guztietan, sexu bakoitza parte hartzaileen % 40an, gutxienez, ordezkatuta egongo da. Foru Aldundiak parte hartzeko moduak ezarriko ditu genero eragina duten foru arau guztietan, hau da, emakumeek eta gizonek baliabideetarako sarrera eta baliabideen gaineko kontrola izatearekin lotutakoetan. Horrez gain, zenbait zerbitzu bermatuko ditu partaidetzazko prozesuen garapena eta familia betebeharrak bateragarri egin ahal izateko.

Foru Arauak jasotzen du, halaber, teknologia berriak garrantzitsuak direla partaidetza bultzatzeko. Modu aktiboan erabiliko dira gizarte komunikazioko teknologiak eta plataformak, bereziki espazio interaktiboak sortuz sarean, baita izaera elektronikoko bozketa eta galdeketa sistemak sustatuz, gardentasuna eta informazio eskubidea bermatuta.

Lasak aurreratu duenez, web orrian espazio bat sustatuko da abian dauden partaidetza prozesuen eta antzekoen inguruan ideiak, iritziak, iradokizunak eta eztabaida foroak aurkeztu ahal izateko; eta, urte hasieran, plataforma teknologiko bat jarriko da abian on line bidez parte hartzeko, eta lurraldeko 89 udalerrien eskura egongo da. Nolanahi ere, Foru Aldundiak kontuan izango du badirela teknologiak eskuratzeko eta erabiltzeko zailtasunak dituzten pertsonak eta kolektiboak, beraz, beste baliabide batzuk erabiliko ditu, aldi berean, pertsona horiei informazioa eskuratzeko modua bermatzearren.

Ebaluazioa oso garrantzitsua izango da, izan ere, prozeduran bildutako iritzi eta txostenei jarraituz, ondorio batzuk landuko dira, partaidetza prozesuan zertan asmatu den eta zertan ez adieraziz, eta hobekuntza proposamenak eginez. “Herritarrek parte hartzea eskatzen dute, baina ez hori bakarrik, erantzun bat ere nahi dute, eta aldi berean jakin nahi dute nola txertatzen diren beraiek egindako eskaerak eta ekarpenak Foru Aldundiaren politiketan. Parte hartzea etengabeko ikaskuntza eremu bat da, eta horregatik dira hain garrantzitsuak ebaluazio mekanismoak”, adierazi du Lasak. Ezarritako prozedurak ere azkartu egin dira 2010ean onartutako Foru Arauaren aldean, eta prozesuetan hizkuntza “erraz eta ulergarriagoa” erabiltzeko premia gehitu da.

Adostasun handia

Foru araua bera “parte hartze zabalaren” emaitza izan da, eta lau panelen ekarpenak jaso ditu, horietako kide izan direlarik Gipuzkoako kontseilu eta foroetako partaideak, udalak, sektoretako entitateak eta adituak.  Batzar Nagusien gomendioei jarraituz, foru gobernuak 88 aldaketa egin zituen, eta, horren ostean, batzarkide taldeek 73 zuzenketa aurkeztu zituzten (Podemos-Ahal Dugu taldeak 52, eta EH Bildu taldeak 21), horietako bat osoko zuzenketa.

Lasak gogorarazi du zuzenketa horietako 45 onartu zirela, eta ondorioz Foru Araua aurrera atera zela talde politiko guztien babesarekin, EH Bildurena izan ezik. Lasaren iritziz “oso positiboa” izan da “Araua hobetzeko” lortutako adostasun maila eta egindako lana; bide batez, bereziki eskertu du “Ahal Dugu-Podemos batzarkide taldeko ordezkarien jarrera irekia eta eraikitzailea, erakutsiz herritarren partaidetza eta gobernantza berria alderdi politikoen gainetik dauden apustuak direla, eta, desadostasun ideologikoak alde bera utzita, lehentasuna eman dakiekeela eta eman behar zaiela herritarren eskaerei, interesei eta exijentziei. Sentitzen dugu hori bera esaterik ez izatea EH-Bilduri buruz”, esan du amaitzeko.

  

1683