Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak hitzarmenak indartu ditu hirugarren sektoreko sei entitaterekin 25 plaza berri sortzeko

Foru Aldundiak hitzarmenak indartu ditu hirugarren sektoreko sei entitaterekin 25 plaza berri sortzeko

275.000 euro gehiago xedatuko ditu desgaitasuna duten, bazterketa arriskuan dauden edo adinekoak diren pertsonei zentroetan ematen zaien arreta hobetzeko

Diputatuen Kontseiluak onartu du zenbait entitaterekin sinatuta dituen lankidetza hitzarmenak eta kontratu-programak indartzea, adinekoentzako, desgaituentzako edo gizarte bazterketako arriskuan daudenentzako arreta zerbitzuak eskaintzeko. Zerbitzu horietarako, gutxi gorabehera, 275.000 euro gehiago xedatuko ditu, eta horri esker mota desberdineko 25 plaza berri eskaini ahal izango dira eta arreta hobetu ahal izango da beste 5 plazatan. Era horretan, Foru Aldundiak jarraitzen du 2018-2021eko Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapa garatzen, besteak beste, zentroetako plazak betetzeko lehentasunezko esku hartzeak zehaztuz.

Eider Mendoza foru bozeramaileak azpimarratu duenez, Maparen helburu estrategikoen artean honako hauek nabarmentzen dira: “2021.urterako aurrera pausoak ematea arretaren unibertsalizazioan; Gipuzkoako gizarte baliabideen sare publikoaren eskaintza gizartearen beharren bilakaerara egokitzea eta eskaintzaren lurralde oreka lortzea; eta zerbitzuen eta prestazioen eskaintzaren kalitatea hobetzea, pertsonen beharretara egokitutako arreta eta erabiltzaileen ingurunetik ahalik eta gertuena bermatzeko”. Horretarako, lurraldeko 7 eskualdeetan banatutako 869 plaza berri sortzea aurreikusten da, eta horrek “1.886 lanpostu berriren” beharra ekarriko du.

Hala, aurtengo irailaren 1etik aurrera, Benta Berriko (Donostia) Berriz I egoitzan hitzartutako beste 8 plaza gehiago eskainiko dira, eta inbertsio gehigarria 113.074,24 eurokoa izango da. Halaber, 15.112,78 euroan gehituko da Aspacerekin sinatutako kontratu-programa, garuneko paralisia eta antzeko nahasmenduak dituztenei zerbitzuak ematekoa, eguneko arretako zentroan 3 plaza hitzartu gehiago izateko.

Gizarte bazterketako arriskuan edo egoeran dauden pertsonen arretari dagokionez, indartu egingo da Kalexka Gizarte-hezkuntzako Esku Hartze Elkartearekin izenpetutako hitzarmena, laguntza espezializatuko zerbitzuak ematekoa, zehazki, gizarte inklusiorako laguntzak dituzten etxebizitzen zerbitzua. 2019ko irailaren 1etik aurrera, Kalexka Elkartearekin 5 plaza berri hitzartuko dira Mendaron, arreta intentsitate txikiko bi etxebizitzetan; eta inbertsio gehigarria 91.136,78 eurokoa izango da. 

Gizarte inklusioari dagokionez, beste 39.140,04 euro xedatuko dira Emaus eta Kolore Guztiak entitateekin izenpetutako hitzarmenetarako. Horri esker, egoitza zerbitzuan beste plaza bat hitzartu ahal izango da, eta lehendik arreta intentsitate ertaineko etxebizitzetan zeuden gazteen emantzipaziorako 5 plaza arreta intentsitate handiko plaza bihurtu ahal izango dira. Plaza horiek guztiak Pasaian daude.

Azkenik, onartu da, Zumaian, 16.976,88 euroko ekarpen gehigarri bat egitea Gerozerlan entitateari, modu horretan, 2019ko urriaren 1etik aurrera, Otezuri egoitzak adinekoentzako lau plaza gehiago eskainiko ditu, Deba Kostan eta Urola Kostan dauden eskaerei erantzuna ematen jarraitzeko.

Mendozak iragarri duenez, “aurrerantzean ere Foru Aldundiaren gizarte politiken lehentasun nagusia izango da pertsona eta kolektibo ahulenei arreta egokia bermatzea eta kolektibo horien inklusioa sustatzea, guztiok batera eta inor atzean utzi gabe aurrera egin behar dugulako uste sendoa baitugu”.  Horretarako, Foru Aldundiak hirugarren sektoreko entitateekin lanean jarraituko du, lan gehiago eta hobea eginez; eta foru bozeramaileak entitate horien “ibilbidea” eta “egiteko modua” nabarmendu ditu.  “Gertutik ezagutzen dituzte dauden beharrak, eta beraiek eman diezaiekete erantzunik onena. Sentsibilizazio lan bikaina egiten dute, eta kalitatezko arreta lortzeko abangoardiako irtenbideak abiarazi dituzte. Erakundeon lana entitate horiei laguntzea da, hirugarren sektorea gure indarguneetako bat eta gure gizarte ereduaren ezaugarri baita, eredu hori erreferente kategoriara goratuz”.

Suhiltzaileen Zerbitzua

Gaurko bilkuran, azkenik, Josu Idigorasen izendapena onetsi da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Prebentzioko, Suteak Itzaltzeko eta Salbamenduko zerbitzuko zuzendari nagusi izateko. Gobernantza departamentuari atxikita dago Zerbitzua. 48 urte ditu Idigorasek, Enpresa zientzietan lizentziatutakoa da, eta azken hamar urteetan Su Eskola Fundazioko administrazio, kontabilitate eta finantzetako arduradun gisa egin du bere ibilbide profesionala. Ordiziako instalazio aitzindarietan, su itzaltzeko tekniken, segurtasunaren eta arrisku egoeren inguruko formakuntza, prebentzio eta sentsibilizazio jarduerak gauzatzen ditu Su Eskolak. Suhiltzaileen zerbitzuaren eraldaketa gauzatzen jarraitzea izango da Idigorasen egitekoa, datorren hamarkadari begira zerbitzuaren etorkizuneko diseinua ezartzen duen Gipuzkoa Babestu 20_30 plangintzak aurreikusitako ekintzak koordinatuz.

  

1557