Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak itzuli ditu jada mutualitateren batean kotizatu zuten pentsiodunek preskribatu gabeko ekitaldien inguruan aurkeztutako erreklamazioen % 70

Foru Aldundiak itzuli ditu jada mutualitateren batean kotizatu zuten pentsiodunek preskribatu gabeko ekitaldien inguruan aurkeztutako erreklamazioen % 70

2023ko errentaren kanpaina amaitu eta bi astera, Foru Erakundeak preskribatu gabeko ekitaldiei dagokien zenbatekoa itzuli die jada Auzitegi Gorenaren epaiek eragindako 46.000 pentsiodunei. Itzulketa horiek 145,4 milioi euroko eragina izan dute Aldundiaren diru-kutxan.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak preskribatu gabeko urteetako (2019, 2020, 2021, 2022) aitorpenak berrikusi ditu, eta Auzitegi Gorenaren epaiek eragindako pentsiodunei dagozkien kalkuluak egin ditu. Epai horiek berekin dakarte pentsioaren tributazioa murriztea, 1979ko urtarrilaren 1a baino lehen mutuetan kotizatu zutenentzat. Guztira, foru erakundeak 163.886 aitorpen ebatzi ditu, beren aitorpenean preskribatu gabeko ekitaldiak berrikusteko erreklamazioa egin zuten 46.000 pentsiodunei zegozkienak, hau da, jasotako eskaera guztien % 70. Ebatzitako aitorpenetatik 145.592 itzultzekoak izan dira, eta gainerako 18.294 aitorpenen emaitza zero izan da. Itzulketa horiek 145,4 milioi euroko inpaktua izan dute Aldundiaren diru-kutxetan.

Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako diputatua, Gobernu Kontseiluaren prentsaurrekoan agertu da gaur goizean, Irune Berasaluze Foru Gobernuko bozeramailearekin batera, itzulketa horien berri emateko. Peronak adierazi duenez, “Aldundiak preskribatu gabeko ekitaldiei dagozkien itzulketak urtean zehar egiteko hartutako konpromisoa betez, 2023ko errenta-kanpaina amaitu bezain laster, kalkuluak egin ditugu, eta 2019, 2020, 2021 eta 2022ko aitorpenak zuzentzeko eskatu dutenei erantzuna eman diegu, Auzitegi Gorenaren epaien irizpenak kontuan hartuta”.

Ogasun eta Finantzetako diputatuak publikoki eskertu du "Ogasun eta Finantzetako eta IZFEko profesionalek egin duten eta egiten ari diren lana, bi astetan eskabide horien % 70i erantzuteko gai izan baitira".

Epai horien eraginpean dauden pertsonek, Ogasuneko bulegoetan idatziz edo Zergabidea plataforman preskribatu gabeko ekitaldi horien inguruko erreklamazioa egin badute, eta eskaera berrikusi eta itzultzeko izan bada, dagoeneko ordainketa jaso dute dagokien banku-kontuan. Aste hauetan, zuzenketa aplikatu zaien pertsona guztiek komunikazio elektronikoa eta posta bidezkoa jasoko dute, egindako kalkuluaren emaitzarekin.

20.000 pentsioduni dagozkien gainerako eskaeren % 30ari dagokionez, Ogasun eta Finantzetako diputatuak adierazi du “Aldundiak lanean jarraitzen duela eskaera guztiei erantzun ahal izateko”. Ildo horretan, azaldu duenez, "kasu horiek banan-banan berrikusiko dira, haien kasuistika egindako itzulketa gehienen desberdina baita", eta, ildo horretan, lasaitasunerako deia egin dio kolektibo horri, "gure helburua baita dena ebatzita edukitzea urtea amaitu baino lehen".

Auzitegi Gorenak mutualisten alde emandako epaiei erantzuteko egin beharreko itzulketen zatirik handienari dagokionez, aurreikusitakoarekin bat datoz kopuruak. 145,4 milioi euro horiek gehitu behar zaizkie 2023ko errenta-kanpainan itzulitako 59 milioi euroei; hartara, guztira 200 milioi euro baino gehiago itzuli dira.

Errepideak birgaitzea

Diputatuen Kontseiluak, era berean, 12.348.270,70 euroko zuzkidura (BEZa barne) duen kontratazioa abiarazteko pleguak onartu ditu, lehentasunezko eta oinarrizko sareko errepideetako bide-zoruak konpontzeko eta birgaitzeko esku-hartzeak egiteko, bai eta eskualde mailetakoak ere. Bozeramaileak azaldu duenez, zerbitzuak emateko epea bi urtekoa da, hirugarren batez luzatzeko aukerarekin, eta hiru lotetan banatzen da. Kontratuak, beraz, honako lote hauek ditu: lehen lotea, 4.639.344,09 eurokoa, Lehentasunezko eta Oinarrizko Intereseko Sareetako errepide bikoiztuetarako; beste lote bat, 3.552.325,61 eurokoa, sare horretako errepide arruntetarako; eta hirugarren lotea, 4.156.601 eurokoa, Eskualdeko Sareko errepideetarako.

Berasaluzeren hitzetan, “Gipuzkoako errepideek mantentzeko eta birgaitzeko etengabeko ahalegina eskatzen dute, bai gure geografiaren eta klimaren ezaugarriengatik, bai bideek jasaten duten trafiko astunaren bolumen handiagatik, Europa barneko garraio-ardatzetako bat baikara”. Kontratu honen helburua da “lurraldeko errepideetako bide-zoruak beharrezko segurtasun- eta kalitate-mailekin mantentzeko beharrezkoak diren baliabideak bideratzen jarraitzea”. Hala, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Departamentuaren estimazioaren arabera, kontratu horrek 60,5 kilometro errepide inguru estaliko ditu bi urtean, eta mantentze- eta birgaitze-plan arruntei eta urtean zehar sortzen diren behar puntualei erantzungo die.

ETEen eraldaketa digitala

Saio berean, "Bizkortu" programako dirulaguntzen oinarriak eta deialdia onartu dira. Laguntza-lerro berri hori "Gipuzkoa Digitala" programaren barruan kokatzen da. Programa horren bidez, Aldundiak, 2,3 milioi euroko urteko zuzkidurarekin, ETEen eraldaketa digitala sustatzen du: fabrikazio aurreratuaren eta 4.0 Industriaren merkatura bideratutako produktu eta aplikazio berriak; datuak enpresa-prozesuetan balio-aktibo gisa eskaintzen dituen aukera guztiak ustiatzeko proiektuak; eta eskualdeko garapen-agentziekin lankidetzan aritzea digitalizazio-prozesuetan lehen urratsak eman nahi dituzten enpresei laguntzeko. Programa hori 2021ean jarri zen abian, eta, harrezkero, 300 enpresa baino gehiago babestu dira.

Programaren ildo berri horretara 150.000 euro bideratuko dira proiektuen hedapenaren azken zehaztapena egiteko, eta, horrela, horien gauzatzea bizkortzen lagunduko da. Ekimena eraldaketa digitaleko diagnostiko bat duten enpresei laguntzeko diseinatuta dago. Diagnostiko hori enpresatik kanpoko langile adituekin lankidetzan egin behar da, eta, hori gauzatzeko, aholkularitza espezializatua behar da, beren proiektuen definizioa hobetzen lagunduko duen laguntza espezializatua emanez.

 

"Batez ere enpresa txikiei buruz hitz egiten dugu, batez ere industria-esparrukoei buruz. Enpresa horiek azterlan bat egina dute, eta prozesuen eraginkortasuna bilatzen dute nagusiki. Laguntza horien bidez, aholkularitza espezializatua jasotzen dute, beren beharretara ondoen egokitzen den konponbide operatiboa zein den zehazteko, softwarearen, ekipamenduaren, profilen... mailan", azaldu du bozeramaileak. "Industria-arloko ETEak gure ekonomiaren kate-begi oso garrantzitsu bat dira, eta eraldaketa digitala ezinbesteko palanka bat da epe luzerako lehiakortasuna eta iraunkortasuna bermatzeko; izan ere, negozio-prozesuak eta -ereduak birdefinitzeaz gain, eragin sakona du teknologia-, gizarte- eta ingurumen-trantsizioetan. Ildo berri honekin, arlo honetan garatzen ari garen politikak osatzen ditugu, aukerak eta kalitatezko enplegua sortuko dituen ekonomia berritzailearen aldeko apustuaren barruan".

 

Euskaltzaindiari laguntzea

Azkenik, Kontseiluak erabaki du Euskaltzaindiari bi laguntza ematea: bata, 225.220 eurokoa, akademiak 2024an izango dituen funtzionamendu- eta jarduera-gastuetarako, eta, bestea, 159.000 eurokoa, Mintzola proiektua ordaintzeko, ahozko hizkuntza kulturalak ikertu, sustatu eta zabaltzeko. Aldundia presente egon da akademiaren jarduerari eta haren mugarri garrantzitsuenetako batzuei eusten dien erakundeen arteko adostasunaren hasieratik. Hala, 1919ko irailaren 21ean, euskal akademiaren batzar eratzailea egin zen foru-jauregian, eta handik hamabost egunera, 1919ko urriaren 7an, Euskaltzaindiak bere lehen bilera akademikoa egin zuen jauregi horretan bertan.

Aldundiaren Plan Estrategikoak berak ezartzen du erakundeak "euskaraz bizitzeko eskubidearen alde lan egingo duela, bere jardunean euskarari lehentasuna emanez eta euskaraz bizi ahal izatea bermatzeko bidean urratsak eginez". Horretarako, Berasaluzek adierazi duenez, "lehentasunezkotzat jotzen dugu hizkuntza-normalizazioaren alde lan egiten duten euskararen munduko eragileekin lankidetzan sakontzea, proiektu zehatzetan oinarrituta euskararen erabilera areagotzeko, epe ertain eta luzerako helburu eta erronka berriak ezarriz. Euskaltzaindia funtsezko eragile bat izan da gure hizkuntza bultzatzeko, zabaltzeko eta modernizatzeko, eta, une honetan, bizi ditugun aldaketa sozial eta teknologiko sakonen ondorioz, inoiz baino beharrezkoagoa da biziberritzeko lan hori".

Mintzola proiektuari dagokionez, Aldundiak eta Euskaltzaindiak oinarrizko adostasuna landu zuten, 2022tik aurrera akademiak bere gain har zitzan 2008an Aldundiak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Villabonako Udalak sortutako Fundazioak garatzen zituen ekintzak. Lehenik eta behin, euskararen ahozkotasunari buruzko oinarrizko ikerketarekin lotuta daude; bigarrenik, ikerketa aplikatuarekin, hezkuntzaren, komunikabideen, gazteriaren eta abarren arloko orientabideak eskaintzeko; hirugarrenik, ikerketaren hedapenarekin, banaka edo beste eragile batzuekin antolatutako jardunaldi, saio eta ekitaldien bitartez; eta, azkenik, hedapenarekin, jardunaldien, argitalpenen eta webgunearen bitartez.

  

12509