Irungo Arbesko egoitza zentro berria 2021eko udazkenean jarriko da martxan
Irungo Arbesko egoitza zentro berria 2021eko udazkenean jarriko da martxan
Aldundiak zentro berriaren obrak kontratatzeko prozedura hasi du; 22 milioi euroko inbertsioa izango du, eta 130 egoitza plaza, tutoretzapeko 54 apartamentu plaza eta eguneko zentroan 30 plaza eskainiko ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiak Irungo Arbesko egoitza berriaren obrak kontratatzeko prozedurari ekin dio. Obrak 2019ko udazkenean hastea da asmoa, zentroa 2021eko urrirako ireki ahal izateko. Markel Olano diputatu nagusiak gaur goizean prentsaurrekoan azaldu duenez, «Irungo herritarrei emandako hitza bete dugu», eta azpimarratu du Arbes «lehentasunezko proiektua» dela foru erakundearentzat. Bizitegi zentro berri horrek 22 milioi euroko inbertsioa ekarriko du eta lanaldi osoko 127 lanpostu sortuko ditu. 130 egoitza plaza izango ditu mendekotasun egoeran dauden adinekoentzat, eta horietatik 15ek unitate psikogeriatriko bat osatuko dute.
Arbesko zentro berria Irungo Udalarekin sinatu den hitzarmenaren emaitza da, eta horri esker udalak lursaila lagako du eta finantzatu egingo ditu haren eskumenekoak diren tutoretzapeko 54 apartamentu plaza –plaza horietara 1. graduko mendekotasuna duten adinekoak bideratuko dira lehentasunez– eta beste 26 plaza, desgaitasunen bat izan eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako apartamentu lagunduetan. Halaber, egoitza berri horrek mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako 30 plaza eskainiko ditu eguneko zentroan edo eguneko laguntza zerbitzuan. Eta bestetik, barne hartuko ditu desgaitasunen bat duten 25 lagunentzako eguneko zentro bat, pertsona horien autonomia lantzeko, eta beste 15 plaza balioaniztun eguneko zentroan.
Diputatu nagusiak azaldu duenez, zentroaren lizitazioak 26 urteko ustiapen-aldia izango du. Lizitazioa egiteko, jarraipen mistoko batzorde bat sortu zen, Irungo Udaleko eta Gizarte Politikako Departamentuko ordezkariek osatuta, eta bertan «aztertu eta koordinatu» dira zentroaren proiektuari dagozkion gaiak. Era berean, Irungo Udalarekin «hainbat gestio egin ditugu», obren lizitazioaren aurretik «hirigintzako, prozedurazko eta aurrekontuetako baldintzak» argitzeko.
Irungo Udalak hitzarmena sinatu ondoren eta foru gobernuak otsailaren 13an espedientea hastea onetsi ondoren, otsailaren 18tik martxoaren 18ra bitartean, jendaurrean jarriko da zentroaren obren emakida-kontratuaren bideragarritasun-azterlana. Apirilaren 2an, kontratuaren pleguak onetsi eta argitaratuko dira, eta uztailaren 12an amaituko da eskaintzak aurkezteko epea. Hala, aurreikusten da zentro berriaren kontratua urrian formalizatu ahal izango dela, Arbesko obrak «2019ko urrian hasi ahal izateko», adierazi du diputatu nagusiak. Bi urteko eraikuntza aldiaren ondoren, «2021eko udazkenean inauguratu ahal izango da zentro berria», gaineratu du.
Olano Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin batera agertu da, eta gogora ekarri du Arbesko zentroa Adinberri estrategiaren barruan kokatzen dela «erabat», Aldundiak «zahartze osasuntsuaren alde» egiten duen apustuaren barruan alegia, eta helburutzat duela «populazioaren zahartzeari aurre egiteko» orduan «gure lurraldea Europako erreferente izatea». Ildo horretan, gogorarazi du 2031n biztanleriaren ia erdiak 55 urtetik gora izango dituela, hau da, Gipuzkoan adin horretatik gorako 350.000 lagun inguru biziko direla. Era berean, «gaur egun mendekotasun egoeran dauden 29.000 pertsonetatik 39.000 izatera pasatuko gara 2031rako», azpimarratu du Olanok, eta horrekin batera azpimarratu du estrategia honen helburua «pertsonen bizi kalitatea hobetzea» dela, eta, beraz, «pertsonak daudela Adinberri estrategiaren erdigunean».
Diputatu nagusiak gogorarazi du agintaldi honetan Foru Aldundiak zenbait «proiektu estrategiko» sustatu dituela Irungo etorkizunari begira –Arbesko egoitzaz gain, berriki martxan jarri dira Hego Ingurabideko lanak–, «potentzial handiko ekimenak Irun eraldatzeko, hiria eta irundarren nahiz bertan lan egiten dutenen ongizatea hobetzeko».
Olanoren hitzetan, Gipuzkoak bi zentro berri izango ditu 2021aren amaierarako: Usurbilgo zainketadun zentro berritzailea (110 bizileku eskainiko ditu 127 lagunentzat) eta Arbesko zentroa. Pasaian kokatuko den Adinberri zahartzaroaren erreferentzia zentro berria, berriz, 2022an abian izatea aurreikusten da; bertan, «120 plaza (bakarkako bizileku) eta 25 tutoretzapeko apartamentu eskainiko dira, eta eguneko zentro bat ere irekiko da». Beraz, esan du, hiru baliabide berri horiek –Usurbilgoak, Arbeskoak eta Adinberrik– «bultzada handia» emango dutela lurraldeko gainerako zentroek ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren ereduari jarrai diezaioten nola «ikuspuntu arkitektonikotik» hala «arretari dagokionez», erabiltzailea «etxean bezala» senti dadin.
Diputatu nagusiak amaitu du esanez «zahartzeari eta mendekotasunari eskainitako arreta sarea eraldatzen ari garela, etorkizuneko zerbitzuei forma emanda, zahartze osasuntsu eta aktiboa lortzeko helburuarekin, baita modu orekatuan egin ere lurralde osorako».
2440