Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiaren Gabonetako jaiotza gaurtik aurrera bisita daiteke, foru jauregian

Foru Aldundiaren Gabonetako jaiotza gaurtik aurrera bisita daiteke, foru jauregian

Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak diseinatuta eta muntatuta, aurtengo jaiotzak belenismoaren jatorriei egiten die erreferentzia.

Markel Olano diputatu nagusiak gaur aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gabonetako jaiotza tradizionala, zeina herritarrek bisitatu ahal izango baitute, urtarrilaren 6ra arte, foru jauregiaren ohorezko sarreran. Orobat parte hartu dute aurkezpenean Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteko ordezkariek; horien artean zeuden María Castillo presidentea eta Belen Lamy diruzaina. Talde hori arduratu da, aurten ere, Gabonetako elementu tradizional hori diseinatzeaz eta muntatzeaz, askotariko irudikapenekin.

Aurtengo jaiotzak belenismoaren jatorriei egiten die erreferentzia, XIII. mendekoak baitira, San Frantzisko Asiskoak jaiotza bizi bat sortu zuenean kobazulo batean Eguberriak ospatzeko. Hala ere, XVII. mendera arte ez zen etxeetara zabaldu, eta irudikapenari gehitu zitzaizkion animaliak, eraikuntzak, eta askotariko pertsonaiak, garaiko lanbideak irudikatzen zituztenak. Hain zuzen ere, egun hauetan Foru Aldundian bisita daitekeen jaiotzak gorantz antolatutako eraikin hebrearren multzo bat irudikatzen du, XVII. eta XVIII. mendeetako jaiotza komentualetan bezala.

Hala, sarrerako arku handi batek eramaten gaitu kalezulo batzuetara, non ikus daitezkeen duela 2.000 urteko Belen hiriko eguneroko bizitzako eszenak. “Leihoetatik begiratzen badugu, ikusiko dugu okindegi bat, saski denda bat, edo jakintsu bat, bere pergaminoekin eta mapekin. Kalezulo horietan barrena, medinara iristen da, merkatu-egun batean. Han ikus ditzakegu hainbat merkatari, hala nola espezia-saltzailea edo alfonbra-saltzailea, arropa-garbitzaileak eta haien arropa-saskiak, zurrategia bere tinduekin, eta arrain nahiz barazki postuak”, azaldu dute Elkartearen arduradunek. Irudikapena osatzen duten irudien egilea Madrilgo José Luis Mayo irudigilea da.

 Jaiotzaren ondoan, Elkarteak ipini du Olentzeroren txondor edo ikaztegi bat. Tamaina handiko maketa bat da, antzinako lan horren xehetasunak irudikatzen dituena. Txondorra eraikitzeko, lehenik eta behin, egurrak zirkulu forman jartzen dira (arrailak); jarraian, makila-multzo bat ehuntzen da inguruan sare gisa (sarea), eta goialdean, tximinia dago, erdiko mastarekin (alkatea); gero, inguruan beste egur meheago batzuk jartzen dira, kono antzeko bat osatuz; iratzeak gehitzen dira, eta, azkenik, lur-geruza bat, 20 cm ingurukoa, horrela mendi antzeko bat osatuz.

“Oso maketa adierazgarria da, laguntzen diguna lanbide tradizional bat deskubritzen, historikoki presentzia eta garrantzi handia izan duena Gipuzkoan eta Euskadin. Jaiotzarekin batera, herritarrak animatu nahi ditugu maketa ikustera, benetan merezi duelako”, esan du diputatu nagusiak.

Gipuzkoako Belenzaleen Elkartea 1947an sortu zuten Juan Pérez Cuadradok eta Santiago Carrerok, eta 1975etik arduratu izan da Foru Aldundiko jaiotza sortzeaz. Euskadin sortu zen lehen elkartea da, eta Europako Federazioaren sortzaileetako bat. Bere ibilbide luze eta oparoan, beti nabarmendu da bere lanen kalitateagatik, eta halaxe aitortu izan zaie hemen nahiz kanpoan. Jaiotza, gaurtik aurrera egongo da irekita jendearentzat. Ordutegia da 11:30etik 13:30era, eta 17:00etatik 19:30era, asteko egun guztietan. Abenduaren 24an, berriz, gaueko 20:30ak arte bisitatu ahal izango da.

  

1736