Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Berastegiko Udalean batzartu da gaur

Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Berastegiko Udalean batzartu da gaur

Eider Mendozak eta Andoni Zuriarrain alkateak lan-topaketa bat egin dute eta udalerri txikiak biziberritzeko erronka izan dute hizpide, erakundea egiten ari den kontseilu ibiltarien errondaren barruan.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Aldundiaren Diputatuen Kontseilua egin da gaur Berastegin, legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien barruan, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko eta horiekin lankidetza estutzen jarraitzeko, herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeaz gain. Eider Mendoza diputatua buru dela, foru diputatuak Tolosaldeko udaletxean batzartu dira gaur goizean, eta, asteartero bezala, lurralde osoarekin zerikusia duten hainbat neurri eta erabaki onartu dituzte.

Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Andoni Zuriarrain alkateak lan-topaketa bat egin dute, Aldundiak herri txikien egunerokotasuna hobetzeko garatutako ekimenak eta Udalak udalerria biziberritzeko egiten dituen jarduerak jorratzeko. Horrela, Zuriarrainek duela gutxi abian jarritako autokarabanentzako espazioaren berri eman du, edo Berastegiko artzaintzari lotutako ondare antropologikoari eta kulturari balioa emateko prozesuaren berri, sektorearekin lankidetzan.

Proiektua urtez urte egiten ari den lan baten emaitza da. Lan hori azterketa antropologiko batetik abiarazi dute eta, besteak beste, testuinguru horretan liburu bat argitaratu da, Artzai Mahaia deiturikoa sortu da, eta BE! jaialdia egin da urtero, sektorea indartu eta arkumea bezalako produktu bati balioa emateko eta haren kontsumoa bultzatzeko. Oinarri horretatik abiatuta, Berastegi proiektu parte-hartzaile bat lantzen ari da, herriak nahi duen turismo mota definitzean datzana, berezko esentzia bat eskainiz. Foru diputatuek ere egitasmo horiek guztiak ezagutzeko aukera izan dute Kontseiluaren ondoren egindako bisitan.

Zuriarrainen arabera, “Berastegi herri bizi eta bizigarria da, eta edozein udalerrik bezala, zerbitzu publiko sendoak behar ditu, bai garraioan, bai gizarte zerbitzuetan esaterako. Horretarako, herrian egiten ari den lanaz gain, ezinbestekoa da eskualde eta lurralde mailan erakunde ezberdinekin elkarlanean aritzea eta guztiok norabide berean jardutea”.

Eider Mendozak, berriz ere, “Gipuzkoaren ongizate integralean aurrera egiten jarraitzeko herri txikiek duten garrantzia” azpimarratu du. “Urteak daramatzagu ildo horretan lanean, udalerri horiek hiriguneen antzeko bizi-kalitatea izan dezaten, eta proiektu profesional eta ekonomikoak garatzeko ere erakargarriak izan daitezen. Azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko eta lehen sektorea sustatzeko jardun dugu, eta gure konpromisoa da ildo horretan sakontzen jarraitzea, eskura ditugun tresna guztiak erabiliz eta ikuspegi berritzaileak ekarriko dituzten anbizio handiko proiektuekin”.

Ildo horretan, Baserritar Misto Profesionala, lehen sektorean belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko programa aipatu du. Horren laguntzak, hain zuzen ere, gaurko Kontseiluan onartu dira, eta alkatearekin izandako bileran jorratutako beste gaietako bat izan da. Eudelekin Udal Finantzaketarako Foru Funtsa 1.100 biztanletik beherako udalerrien

finantzaketa indartzeko egokitzeari buruz lortutako akordioa ere gogorarazi du. Berastegi da udalerri onuradunetako bat, 125.000 euro gehiago jasoko dituelarik. “Herri txikien eskaera oso garrantzitsu bati erantzuten dio akordio horrek. Hala, aurrerantzean banaketa egokiagoa jasoko dute, herritarrei hainbat esparrutan ematen dieten zerbitzua eta baliabideak indartzeko”. Lurralde Garapena Bide Azpiegituretako Departamentuan integratzeko erabakia ere udalekiko eta eskualdeko erakundeekiko harremana indartzeko helburuaren baitan kokatzen da.

Seigarren kontseilua

Gaurkoa Aldundiak aurten egin duen seigarren Diputatuen Kontseilu ibiltaria da, Leintz-Gatzaga, Zestoa, Deba, Zarautz eta Zumarragakoen ondoren. Aldizkako bilera horiei segida ematen jarraitzea da asmoa, erakundea lurralde osora begira hedatzen ari den elkarlaneko gobernantzarako eta entzute aktiborako estrategiaren barruan. “Esperientzia oso emankorra eta aberasgarria izaten ari da, bai guretzat, bai udalerrientzat”, amaitu du Mendozak. Hurrengo hitzordua Legazpin izango da, azaroaren 12an.

  

4590