Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Jauregia eta honen historia ezagutzeko aukera izan dute herritarrek zein bisitariek ate irekien jardunaldian

Foru Jauregia eta honen historia ezagutzeko aukera izan dute herritarrek zein bisitariek ate irekien jardunaldian

Eider Mendoza diputatu nagusiak harrera egin dio Ate Irekietako lehen taldeari. Ekimena 2016an jarri zen martxan 5.600 izan dira Foru Jauregiaren historia eta funtzionamendua ezagutzera gerturatu diren herritar eta bisitariak.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Ate irekien jardunaldia izan berri da Gipuzkoako Foru Jauregian, eta herritar eta bisitari ugari izan dira edizio honetan ere "gipuzkoar guztion etxea" ezagutzeko aukera izan dutenak, eraikin enblematiko honen ondarea eta historia bertatik bertara ikusi ahal izan dutenak. Eider Mendoza diputatu nagusia izan da lehen bisitariekin, ongi-etorria eginez.

Edizio honetan, 200 inskripzio baino gehiago jaso dira; hala, ekimena 2016an martxan jarri zenetik 5.600 pertsonek bisitatu dute Foru Jauregia. Eraikinean zehar egindako ibilaldian, bertaratutakoek Gipuzkoako historia eta Foru Aldundiaren bilakaera ezagutzeko aukera izan dute, eta adituek gidatuta, jauregiaren arkitekturaren xehetasun guztiak ezagutu dituzte.  Hala nola aretoen, objektuen, koadroen eta dekorazio-elementu nabarmenenen balioa. Era berean, bisitariek, Aldundiaren eta Batzar Nagusien funtzioei eta antolaketari buruzko informazioa jaso dute, nahia baita, erakundearen administrazio-eskumenei buruzko ikuspegi osoa izatea.

Eider Mendoza diputatu nagusiak azaldu duenez, jarduera honen helburu nagusia da "herritarrei Foru Jauregian zehar ibilbide bat eskaintzea, bertako ondare aberatsa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten". Mendozak, gaineratu du bisita hauekin, "erakundea, lurraldea eta Euskal Herri osoa hobeto ezagutzea sustatu nahi dela. Halaber, diputatu  nagusiak adierazi du ate irekien jardunaldi hauek “oso positiboak” direla herritarrekiko harremana indartzeko, politika publikoen diseinuan lankidetzazko gobernantzan sakontzen ari garen bitartean: "Foru Jauregiko ateak irekitzen ditugu, urtean zehar, gure ondare historiko eta kulturala erakusteko eta Aldundiaren funtzionamendua herritarrei gerturatzeko".

Diputatu nagusiaren arabera, Foru Jauregiak zein bertan dauden elementuek balio historiko, artistiko eta arkitektoniko handia dute: "Aldundiaren ibilbidea luzea da, bost mende baino gehiagoko historia baitu; hala ere, honen funtzionamendua eta funtsezko erabakiak hartzen diren guneak ez dira oso ezagunak herritarren artean. Horien artean daude Iargi Aretoa eta Kontseiluaren Aretoa esaterako; bertan, gipuzkoarrontzat berebiziko garrantzi izan duten erabakiak eta neurriak onartu izan dira, eta gaur egun ere, horretarako erabakigune dira”.

Ate irekien ibilbidea jauregiaren kanpoaldean hasten da eta ohorezko solairuan jarraitzen du, obra eta objektu interesgarri nagusiak dauden eremuan. Bisitaren amaieran, parte-hartzaileei informazio-liburuxka bat ematen zaie, herritarren arretarako gunean ematen den bera; era berean, Aldundiaren historiari eta jarduerei buruzko azalpen-bideo bat ere proiektatzen da.

Horrela, bertaratutakoek Gipuzkoako eta lurraldeko hainbat alderdi historiko ezagutzeko aukera izaten dute. Elementu esanguratsuenen artean daude: Gaztelako Alfontso VIII.a irudikatzen duen beiratea, 1200 urtean Foruen zina eginez; Alejandro Iruretak diseinatutako kupula; Gipuzkoako paisaiak eta ohiturak irudikatzen dituzten muralak; Julio Urquijoren erretratua (Erwal) eta liburutegia;  eta Elkanok munduari egindako itzuliaren omenez egindako tapiza, besteak beste.  

  

4006