Foru Ogasunak 280 milioi euro itzuliko dizkie gipuzkoarrei 2021eko Errenta kanpainan
Foru Ogasunak 280 milioi euro itzuliko dizkie gipuzkoarrei 2021eko Errenta kanpainan
Autonomoei eta krisiak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntzera zuzendutako neurriak aplikagarri izango dira hasi berri den kanpainan.
2022/03/30
Gipuzkoako Foru Aldundiak 280 milioi euro itzuliko dizkie herritarrei aste honetan hasi den 2021eko Errenta kanpainan, foru erakundeak egindako aurreikuspenen arabera. Aldi berean, beste 276,5 milioi euro jasoko lituzke eta, ondorioz, kanpainaren saldoa -3,7 milioikoa litzateke, pasa den urteko emaitza baino 9 milioi euro okerragoa. “Emaitzaren okertze honen arrazoia, foru Ogasunak jarduera ekonomikoa eta bereziki autonomoak eta krisiak gehien kaltetu dituen sektoreak laguntzeko hartu dituen azken neurriak dira”, azaldu du Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak. Erabaki hauen atzean, gaineratu duenez, gaur egungo krisi ekonomikoak gehien kaltetu dituen eragile eta sektore ekonomikoei berehala likidezia emateko ahalegina dago.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean 2021eko Errenta eta Ondarearen kanpainak aurkezteko, eta bertan egin ditu adierazpenak. Berekin izan dira Irune Yarza, Ogasuneko zuzendaria, eta Yolanda Dominguez, Zerga Kudeaketako zuzendariordea. Guztiek gogoratu dute gaur aurkeztu diren kanpainek 2021 urtea zergapetzen dutela. “Oso bestelakoa da momentu hauetan bizi dugun egoera baina, alor ekonomikoan, urte ona izan zen 2021. Gogoratu behar da zerga bilketaren ikuspegitik, errekorrean itxi genuela urtea, enplegua berreskuratu zela, salmenta datu oso onak jazo zirela… Ekonomiak argi dago berrindartze zantzuak eman zituela”, argitu dute foru arduradunek.
Hala ere, egungo egoera ekonomiko zailak ere izango du eraginik 2021eko Errenta kanpainan. “Momentu honetan, agertoki ekonomikoa zailtasunez beteta ageri da: prezioen gorakada, energiaren krisia, hornigaien gabezia, Ukrainako inbasioa, tentsio geopolitikoak…”, esan du Peronak. Testuinguru honen aurrean, foru ogasunek zenbait laguntza-neurri onartu dituzte, eta hauen artean dago autonomoen errendimenduaren kalkuluaren gutxitze ehunekoak handitzea, forfait bezala ezagutzen dena. Gainera, intentsitate gehiago eman zaio bereziki krisiak gehien kaltetu dituen sektoreen kasuan, garraiolariak eta lehen sektorea kasu. “Gipuzkoan neurri hau kanpaina honetan bertan aplikatu ahal izango dute eta, ondorioz, likidezia zuzen-zuzenean emango diegu kanpaina honetan. Hau da, gure eskumen fiskala zukutzen dugu, momentu honetan krisia hau gehien jasaten ari direnei laguntzeko”, nabarmendu du Peronak.
Bestalde, foru diputatuak azpimarratu du Gipuzkoako foru Ogasunak teknologia berrien aldeko apustuarekin jarraituko duela eta, ondorioz, Errenta telematikoa sustatzen jarraituko duela. “Azken bi urtetan, COVID-19 gaitzaren pandemia medio, asko aurreratu dugu alor honetan, eta bultzada horri eutsi nahi diogu. Horretarako, Zergabidea plataforma izango da beste behin ere kanpaina honetako ataria: proposamenak onartzeko, aitorpenak aurkezteko, datu fiskalak egotzi… Sekulako potentzialitatea duen erreminta da Zergabidea eta, zerga administrazio bezala, oso harro gaude plataforma honetaz”, adierazi du. Honekin batera, Gipuzkoako foru Ogasunak, ohi bezala, aurrez aurreko arreta bermatuko die zergadun guztiei kanpaina honetan ere. Horretarako, 11 arreta bulego irekiko ditu lurraldeko 9 udalerritan, eta 120 pertsonako lan taldea izango du zerbitzu honetan.
Kanpainaren data nagusiei erreparatuta, atzotik daude autolikidazio proposamenak ikusgai web orrian, eta atzo hasi ziren baita ere posta bidezko bidalketak. Datorren astelehenean, apirilak 4, autolikidazio proposamenak onartu ahal izango dira, eta apirilaren 7an hasiko da Errenta telematikoa, Zergabidea plataformaren bidez online egiten dena. Aurrezko aurreko arretarako hitzorduak apirilaren 12tik aurrera hartu ahal izango dira, eta modalitate hau apirilaren 19an hasiko da. Azkenik, ekainaren 30ean amaituko da 2021eko Errenta kanpaina.
Bestalde, euskarak ere izan du lekua Peronaren hitzaldian. Izan ere, foru diputatuak herritarrak animatu ditu 2021eko Errenta kanpaina honetan aitorpena hizkuntza honetan aurkeztera. “Zerga administrazioa prest dago, telefono, internet zein telefono bidezko arreta prest dago euskaraz zerbitzua emateko. Beraz, animatzen zaituztegu pausua ematera: Hizkuntza aukeratu, eta zerbitzu bikaina hartu”, esan du. Gogoratu duenez, Ogasunaren helburua da 2023rako 100.000 zergadun izatea lurraldeko zerga administrazioarekin euskaraz aritzen direnak.
Kanpainaren datuak
Yarza zuzendariak azaldu duenez, aste honetan hasten den kanpainak araudi aldetik ez du aldaketa esanguratsurik, “baina bai azpimarratu COVID-19aren krisiari aurre egiteko hartu genituen neurri garrantzitsuenetako batzuk mantentzen direla”. Neurri hauen helburua, egoera ekonomikoaren aurrean zaurgarrienak direnak babestea da eta, besteak beste, aitorpena aurkezteko muga 12.000 eurotatik 14.000ra igotzea edota hainbat eperen malgutzea bezalako neurriak aipatu ditu. Hauez gain, gaineratu du nabarmentzekoak direla baita ere digitalizazioa sustatu eta TicketBAI proiektua ezartzen laguntzeko kenkariak, eta baita lokalen alokairua jaisteagatik alokatzaileentzako zerga onurak ere.
Guztira, 387.000 aitorpen jasotzea aurreikusten du Ogasunak, pasa den urtean baino 3.350 aitorpen gehiago. Ohi bezala, aitorpena aurkezteko hiru modalitate daude aurtengo Errenta kanpainan ere: proposamenak, aurrezko aurrekoa eta Zergabidea (internet). Lehenengo modalitateari helduta, aurten 256.446 autolikidazio proposamen bidaliko ditu foru Ogasunak. Hauetatik, 163.504 itzultzera dira, eta 92.942 ordaintzera. Pasa den urtean baino 1.888 gutxiago dira (-%0,7), eta 298.929 zergaduni eragiten diote (aitorpen guztien %66,3). “Pasa den urtetan bezala, azken bi urtetan internet bidez onartu dutenei ez diegu aitorpena bidaliko, baizik eta soilik honen emaitza eta interneten proposamena ikusteko kode bat. Honela, interneteko modalitatea bultzatzen jarraitu nahi dugu”, esan du Yarzak.
Proposamenekin ados egonez gero, onarpena eman daiteke bai internetez, Zergabidea plataforman, edota telefonoz (943113000). Aldaketekin ere onartu daiteke, betiere sei elementu hauetako bat baldin bada: etxebizitza, lokalen edo etxebizitza turistikoen alokairuen errendimenduak, alokairuaren kenkariak, dohaintzen kenkariak eta sindikatu kuotaren kenkaria. Bestelako edozein aldaketa Zergabidea plataformaren bidez ere egin daitezke. Aurreikuspenen arabera, 222.000 aitorpen aurkeztuko dira modalitate honen bitartez, pasa den urteko antzeko zifra.
Bigarren modalitatea aurrezko aurreko arretarena da eta, Peronak bezala, Yarzak ere zerbitzu honek duen garrantzian jarri du azpimarra: “Badaude oraindik ere zerbitzu honen beharra duten pertsonak”. “Kalitatezko zerbitzua da, langileria propioarekin ematen duguna, eta etxe hau oso harro dago zerbitzu honetaz”, nabarmendu du. Egindako aurreikuspenen arabera, 62.000 izango dira kanpainan zehar Ogasunaren bulegoetan aitorpena aurkeztuko duten zergadunak, pasa den urtean baino 1.197 gehiago.
Hirugarren modalitatea online egiten dena da, Zergabidea plataformaren bitartez. “Pandemiaren testuinguruan asko hazi zen modalitatea da, eta aurten ere, bultzada honi heldu nahi diogu, eta modalitate hau egonkortzen eta hedatzen jarraitu”, esan du foru zuzendariak, Zergabideak duen potentzialean jarriz arreta. Plataformara sartzeko moduak honako hauek dira: klabe operatiboa, B@kQ, ziurtagiri elektronikoa edo BAK kodea. Azken hau da sinpleena, izan ere modu telematikoen lortzen baita, etxetik mugitu gabe, eta gainera aurreko urteetako BAK kodeek balio dute. “Behin Zergabideara sartuta, proposamena baduzu deskargatu, aldatu eta aurkeztu dezakezu; aurreko aitorpenak berreskuratu daitezke; Ogasunak zutaz duen informazio fiskala egotzi… Ohiko aitorpenen kasuan, oso erreza da aitorpena aurkeztea, oso intuitiboa baita”, adierazi du, herritarrak animatuz bide hau erabiltzera.
Ondarearen gaineko Zerga
Ondarearen gaineko Zergaren kasuan, Zergabidearen bidez bakarrik aurkeztu daiteke. Egindako aurreikuspenen arabera, 68 milioi euro jasoko ditu Aldundiak kanpaina honetan, aurreko urtean baino 2,1 milioi euro gehiago. “Emaitzaren hobekuntza, suposatu dezakezuenez, arlo ekonomikoan 2021 aurreko urtea baino askoz hobeagoa izatean datza”, argitu du Yarzak. Foru Ogasunaren ustetan, 8.400 aitorpen jasoko ditu zerga honetan, eta bataz beste 8.095 euro ordainduko dituzte zerga hau ordaintzen duten zergadunek.
Lan taldea
Azkenik, langileei dagokionean, aurten 200 pertsona inguru egongo dira lanean 2021eko Errenta kanpainan. Kalitatezko zerbitzua da Ogasunak eskaintzen duena eta, honen adierazle, pasa den urteko zerbitzu kartako zenbait emaitza adierazgarri aipatu ditu Dominguez zuzendariordeak. 59.012 telefono dei jaso ziren pasa den urteko kanpainan, kontsulta konplexuak edota proposamena aldatzeko. Denak lehenengoan erantzun ziren, 429 ezik (0,7%). Hau da, kanpainako egun bakoitzean 1.017 dei erantzun ziren. Proposamenen eta mekanizatuko aitorpenen itzulpen epea 1,2 egunekoa izan zen (193.983 aitorpen) eta, interneteko aitorpenen kasuan, %99,2 10 eguneko epean itzuli ziren.
“Azken urteetako kanpainek proban jarri dute Ogasuneko lan taldea, egoera ezberdinetara oso denbora laburrean egokitu behar izan baitugu; eta argi dago erantzuna oso ona izan zela. Denbora honetan, oso eskertzekoak izan dira lan talde guztiak, zailtasunak zailtasun, erakutsi duen jarrera eta konpromisoa”, azaldu du Dominguezek. “Aurten ere, ziur gaude antzeko emaitza lortuko dela, zergadunari eskaintzen zaion zerbitzuaren kalitatearen ikuspegitik behintzat”, gehitu du. Bukatzeko, Perona eta Yarzak egin bezala, herritarrei bide telematikoen aldeko hautua egitera animatu ditu Dominguezek, “modurik eroso eta eraginkorrena delako”.
2103