Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Frankismoaren biktimek eta senitartekoak jasoko dute Urrezko Domina

Frankismoaren biktimek eta senitartekoak jasoko dute Urrezko Domina

1.000 gipuzkoar baino gehiago exekutatu zituzten epaiketarik gabe eta 400 pertsona fusilatu zituzten bermerik gabeko epaiketa sumarisimoetan.

2017/11/28

Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Urrezko Domina emateko espedientea. Haren bidez, Gipuzkoak omendu nahi ditu 1936an eta gerraostean hil zituzten pertsonak, espetxeratu zituztenak, erbestea edo konfinamendua jasan zutenak, errepresio sozio-ekonomikoa jasan zutenak, eta beren eskubide sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak zapalduak izan zituztenak. "Pertsona horiek guztiek egiaren, justiziaren, aitormenaren eskubidea dute, eta omenaldi bat izatea merezi dute, gizarte osoaren aitortza, ahaztuak izan ez daitezen, hartara gure herriaren memorian izan daitezen eta hurrengo belaunaldiek ere jakin dezaten", azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Ekitaldia abenduaren 15ean izango da, ostirala, 18:00etan foru jauregian. Aldundia harremanetan jarri da dagoeneko legealdi honetan memoriari lotuta antolatutako ekitaldietaan parte hartu duten elkarteekin, biktimekin eta zuzeneko familiartekoekin gonbidapen pertsonala jaso dezaten. Baina, orobat, deia zabaldu nahi die jazarpen hori jasan zuten pertsona guztiei, eta ekitaldian parte hartzera animatzen ditu. Horretarako, harremanetan jar daitezke 943 113761 telefonoan edo kabinetea@gipuzkoa.eus helbidean.

"Ezin dugu hutsunea bete, baina bai memoria sendatu. 36ko belaunaldi hark egin zuen sakrifizioaren zordun gara. Gaur aldarrikatzen ditugun balioak emakume eta gizon horiek gerran eta ondoren aldeztu zituzten horiek berak dira. Pertsonak daude esperientzia ororen atzetik; eta hurrengo belaunaldiok memoria hori gordetzen dugu, hartara berriro antzekorik gerta ez dadin", esan du Lasak. Hori dela eta, ekitaldian zehar plaka bat inauguratuko da, Aldundian geratuko dena ohorezko solairuan ikusgai, hurrengo belaunaldiek garai hartan izan zen sufrimenduaren lekukotza izan dezaten.

Estatu kolpe frankistak duela 81 urte milaka biktima utzi zituen, eta asko izan ziren Gipuzkoan errepresio gordina jasan zutenak. Gaur onartu den espedienteak dioen bezala, 1.000 gipuzkoar baino gehiago exekutatu zituzten epaiketarik gabe, eta 400 pertsona fusilatu zituzten bermerik gabeko epaiketa sumarisimoetan. Pertsona horiez gain, frontean hil zirenak gehitu behar dira, balio demokratikoen defentsan; ia ehun emakume eta ume, herrietan izandako bonbardaketak jasan zituztenak, eta nazien suntsitze zelaietan hil zituzten ia 60ak. "Ezin ahaztu ditugu  pertsona horiek guztiak, goseagatik edo kartzeletako baldintza negargarriengatik gaixotasunak izan zituztenak, edo eskubideen aldeko, iritzi askatasunaren aldeko edo eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazioetan errepresioa jasan zutenak", dio dokumentuak.

Bizitza galdu zuten milaka pertsona horiez gain, beste milaka zigortu zituzten langileen batailoietan, Frantziako eta Alemaniako kontzentrazio zelaietan edo kartzelan, gehienak bermerik gabeko epaiketetan edo lege bidegabe baten pean. Pertsona horiek sufrimenduz betetako urte asko igaro zituzten, eta tratu txarrak eta torturak jasan zituzten errua onartu zezaten. Milaka gipuzkoarrek erbestera joan behar izan zuten bizitza arriskuan zutelako, herriminez eta beren jendea utzita. Frantziara, Belgikara, Ingalaterrara, Suitzara edo Errusiara bidali zituzten neska-mutikoek familiaren urruntzea jasan zuten.

Orobat izan ziren errepresio ekonomikoa jasan zuten milaka biktima, eta beren eskubide sozial, zibil, politiko eta kulturalak ukatu zitzaizkien biktimak. Aipatzekoak dira milaka funtzionario publiko horiek, beren printzipioekin eta balio demokratikoekin fidelak izateagatik jazarriak izan zirenak. Foru Aldundian bakarrik, depurazio prozesuak 1.051 laguni eragin zien.

"Ezin ditugu ahaztu eskubideak galdu zituzten emakumeak, genero indarkeria jasan zutenak, edo erregimen frankistan onartzen ez zituzten joera sexualak zituzten pertsonak. Eta ezin ditugu ahaztu ijitoak. Herriak euskara eta euskal kultura izateko eskubidea galdu zuen, euskaraz heziak izateko eskubidea; aipagarria da pertsona askoren ahalegin baketsua, horiek aurrera ateratzeko eta hurrengo belaunaldiei emateko borrokatu zutenak errepresio eta jazarpen testuinguru batean", amaitzen du.

 

4.0 industria eta ekintzailetasuna

Gobernu kontseiluak bi diru-laguntza lerro berri onartu ditu, baita ere, 2015-2019 Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan. Bi lerro berri hauen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Garapen Agentziek joan den ekainean sinatutako akordioa garatu nahi da. Hitzarmen honek ekonomia sustapenerako gobernantza eredu berri bat ezartzen zuen eta horretarako ekonomiaren susperraldia bultzatuko duten programa eta tresna berrien garapena proposatzen zuen.

Lehendabiziko diru-laguntza lerroak 200.000 euroko dotazioa izango du, lurraldeko Enpresa Txiki eta Ertainetan 4.0 industria garatzeko. “Enpresetako produkzio eta kudeaketa sistemen digitalizazioaren desafioa jada hemen dago, eta gure industria dagoeneko erronkari aurre egiten ari zaio. Enpresarik eta pertsonarik ezin da geratu atzera desafio honetan, gure industriaren etorkizuna dagoelako jokoan”, adierazi du Ekonomia Sustapeneko diputatuak. Aizpururen esanetan, gainera, garapen agentziekin lankidetza estutzeak “4.0 industriaren kontzeptuak ehun industrial osora zabaltzeko lanari” mesede egingo dio.

Bigarren diru-laguntza lerroak 270.582 euroko partida aurreikusten du, eskualde mailan enpresa proiektuak eta enpresa berriak sustatzera bideratutako azpiegitura eta zerbitzuak garatzeko. Diputatuak adierazi duenez, ekintzailetasunaren alde eskualde mailan egiten den lana bultzatuz, aldi berean, “Gipuzkoako ekintzailetasun ekosistema osoa” indartzen ari gara. “Enpresa proiektu berriak ezinbesteko ditugu ekonomia aktibitate berria eta etorkizuneko lanpostuak sorrarazteko”, laburbildu du.

“Garapen agentziek paper oso garrantzitsua dute herri eta eskualdeetako dinamismo sozio-ekonomiko bultzatzeko garaian. Horregatik indarrak batzen ditugu gure programen eragina areagotzeko eta ekonomia sustapenean egiten ari garen lana lerrokatu eta osagarri izateko. Lankidetza hau oso garrantzitsua da lurralde kohesio eta orekaren ikuspegitik, sektore, eskualde eta familia guztiek ekonomia susperraldiaren ondorio positiboak nabaritu ditzaten”.

 

Euskararen Eguna

Bilkura berean, eta Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen instituzionala onartu du Kontseiluak. Adierazpen horretan bat egin dute Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Mankomunitateak, eta gure hizkuntza bultzatzeko lan egiten duten eragile, entitate eta elkarte nagusiek. Manifestuak aldarrikatzen duenez, “euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana”. Era berean, 2018ko abenduaren 3ra bitarte, ‘11 egun euskaraz’ lelopean gauzatuko den lehen Euskaraldia babestuko du Aldundiak.

Bestalde, eta ospakizun horren karietara, foru erakundeak bere dinamika propioa garatuko du, aste honetan bi hitzordu nagusi edukiko dituena. Bihar, asteazkena, laneko bilera egingo da ‘Gipuzkoa berdinago’ ekimenaren ondorioak aurkezteko. Horretan parte hartzen dute lurraldeko gizarte, ekonomia, kirol eta unibertsitate alorreko hainbat ordezkarik –Osakidetza, Kaiku, Mondragon, Adegi, CAF, Laboral Kutxa, Real Sociedad, DYA, Donostiako Udala, Bera-Bera eskubaloi taldea, Eibar K.E., EHU-UPV, Kutxabank…-.  Jendaurreko hizkuntza portaera bateratzea adostu eta praktikan jartzeko helburua du lan talde honek, gisa horretan hizkuntza berdintasunean sakondu eta elkarbizitza eredu orekatuagoak gizarteratzeko.

Aukera berdintasuna sustatzeko, jarrera eta ohitura orekatzaileak lantzen dira dinamika horren bitartez, hau da, “euskaraz gehiago edo bakarrik egingo duten iturri eta bide berriak zabaltzea. Iturri horien eragina askoz ere handiagoa da gizartean prestigioa duten erakunde erreferente edo liderretan badute sorburua. Eta sona handiko eragileak dira parte hartzen ari direnak”, adierazi du Lasak. Helburua da horiek guztiak elkartzea, gizartearentzat adibide diren ohitura eredugarriak adosten saiatzeko, trakziorako duten gaitasuna aprobetxatuz. Hizkuntza erabilerari lotuta, erakunde eta eragile guztiontzat eredu gisa baliagarriak diren jokaerak eraikitzea da gakoa. Azken hilabeteetan antolatu diren lan saioetako bakoitzean, jendaurreko komunikazioko esparru jakin baten gaineko lanketa egin da –prentsaurrekoak, jendaurreko ekitaldiak, idatzizko komunikazioa–, eta erakundeen arteko elkarlanaren bitartez horietako bakoitzean zer nolako praktika orekatuagoak baliatu beharko liratekeen zehaztu da. Bihar emango da ondorioen berri.

Azkenik, ostiral honetan, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian,  Aldundiak 2017ko Abbadia saria emango dio foru jauregian Ibon Sarasola (Donostia, 1946) euskaltzain eta hizkuntzalariari. Epaimahaiak nabarmendu du filologo donostiarrak euskarari eta “bereziki euskara batuari” egindako ekarpena, haren lanaren garrantzia eta eragina “nabarmena” izan baita euskal hizkuntza esparru berrietara zabaltzeko garaian. Formatu berritzailean emango da saria, eta sorpresa ugari izango dira.

  

1557