Frantziako Kontuen Epaitegia Gipuzkoara etorri da Gautenaren eredua ezagutzera
Frantziako Kontuen Epaitegia Gipuzkoara etorri da Gautenaren eredua ezagutzera
Maite Peña: “Bisita hauek berresten dute gure lurraldea erreferentzia dela Europan mendekotasunaren eta desgaitasunaren arretan”
Frantziako Kontuen Epaitegiko bi ordezkari Gipuzkoara etorri dira Gautena Gipuzkoako Autismo Elkartearen eredua eta elkarteak autismo arazoak dituzten pertsonen inklusioa lortzeko egiten duen lana bertatik bertara ezagutzera. Bisitaren arrazoia da Frantziako Parlamentuak herrialde horretan autismoaren esku-hartze egoki bat egiteko ereduaren inguruko txostena eskatu diola Frantziako Cour des comptes erakundeari, kontuen epaitegi hori baita, hain zuzen, Frantziako politika publikoak ebaluatzeko ardura duen erakundea. Horretarako, Frantziako Kontuen Epaitegiko kideek Suedia, Norvegia, Danimarka edo Italiara jo dute esperientzia berritzaileak ezagutzera. Kanadara joatea ere aurreikusten dute, eta, orain, Frantzian jasotako aholkuei jarraikiz, Gipuzkoako eredua ezagutzen ari dira. Horrela, bada, Frantziako erakundeko kideek Gautenaren funtzionamendua eta TEA (autismoaren espektro nahasmendu) kasuetan esku-hartzeko eredua ezagutu dituzte. Aurkezpenean Gautenako Ikerketa aholkulari Joaquin Fuentesek hartu du parte. Gaur goizean jardunaldia egin dute Gautenaren egoitzan, Azkarate Enean (Donostia), Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak, Kontuen Epaitegiko Philippe Lavastrek eta Gautenako presidente Juan Cidek. Diputatua “pozik” agertu da bisitarekin, izan ere, “bisita hauek berresten dute Gipuzkoa erreferentzia dela Europan mendekotasunaren eta desgaitasunaren arretan”, eta adierazi du “konfiantza osoa” duela lurraldeko hirugarren sektoreko eragileengan eta elkarteengan.
Jarraian, diputatuak azalpenak eman ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak abian dituen desgaitasunaren eta autismoaren aldeko politiken inguruan, eta horien ezaugarri nagusiak azaldu ditu: “eredu bakar bat ez izatea, elkarteen mugimendua, lurraldean geratzeari lehentasuna ematea, etxeko arreta bermatzea eta kudeaketa deszentralizatua (hitzarmenak, kontratuak); hori guztia, erakunde autonomo batekin”.
GFAren “konpromisoa”
Bestalde, diputatuak ezagutzera eman du lurraldean desgaitasunen bat duten 54.012 lagun daudela (Gipuzkoako biztanleen % 7,53) eta mendekotasun graduren bat duten 28.146 lagun (biztanleen % 3,93). Horien guztien artean, 15.886 lagunek dute “desgaitasun eta mendekotasun motaren bat”. Horiek horrela, Peñak GFAk desgaitasunen bat duten pertsonekiko duen “konpromisoa” nabarmendu du. Aldundiak 86,17 milioi euroko inbertsioa egin du arlo horretan, zehazki, Gizarte Politikako Departamentuak 2017rako duen aurrekontuaren % 23,70 (aurrekontu hori 363,6 milioi eurokoa da).
Gautenako presidente Juan Cidek nabarmendu du Frantziako Kontuen Epaitegiak “interesa” adierazi diela, besteak beste, alderdi hauetan: autismoari aurre egiteko estrategia nazionalak, TEA duten pertsonen arretarako eragile desberdinen “papera”, eta baita eskolatzea, laneratzea eta gastuak ere”. Cidek erantsi du gaur egin duten bisitan Frantziako mandatariek “bereziki baloratu” dutela Gautenak, administrazio publikoarekin elkarlanean, “diagnostikoan oinarritutako babes sare integral bat” eskaintzea “bizitza ziklo osoan zehar”, komunitatean barneratzea xede duen “inklusio eredu batekin”, eta, gainera, “laguntza publiko eta babes sozial” maila handiarekin.
Arratsaldean, Kontuen Epaitegiko ordezkariek Gautenaren hezkuntza zerbitzua eta etxebizitza zerbitzua bisitatu dituzte, bi gela eta bi etxebizitza komunitario, hurrenez hurren. Frantziako ordezkariak bisitan izango dira ostiralean ere, egun horretan bisitatuko baitituzte diagnostiko eta tratamendu zerbitzua, “Benta Berri” eguneko unitatea, “Artolamendi” eguneko zentroa, eta “Berio” etxebizitza. Bukatzeko, balorazio bilera egingo dute Gautenako arduradunekin.
Gautena: laguntza 800 lagunentzat
Gautenak Gipuzkoako 800 laguni ematen dio laguntza, eta iaz Europako Parlamentuak ematen duten Europako Hiritar Saria jaso zuen. 227 profesionalek osatzen duten lantaldea eta 9 milioi euroko aurrekontua ditu elkarteak 2017an. Gautenak kudeatzen dituen zerbitzuen artean honako hauek daude: diagnostiko eta tratamendu zerbitzuak (Eusko Jaurlaritzaren Osasun Departamentuarekin hitzartuta); hezkuntza zerbitzuak, 95 ikasle eta 18 gela ohiko eskoletan integratzen dituztenak (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Departamentuarekin itunduta), eta eguneko arreta zerbitzua, zeinak 108 plaza eskaintzen dituen lau zentro eta unitatetan. Gainera, beste zerbitzu hauek ere ematen ditu elkarteak: etxebizitza zerbitzua –70 plaza eskaintzen ditu sei etxebizitzatan–, familientzako laguntza eta elkarte ekintza zerbitzua. Horiei esker hainbat programa ditu abian, besteak beste, asteburuetakoak, egonaldi laburrak, aisia eta denbora librekoak, eta TEA duten autonomia handiko pertsonei laguntzekoak.
1661