Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gabonetako jaiotza gaurtik aurrera ikusgai izango da foru jauregian

Gabonetako jaiotza gaurtik aurrera ikusgai izango da foru jauregian

Jaiotzaz gain, Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteko kideek txondor baten maketa ezarri dute Aldundiko ohorezko sarreran.

Markel Olano diputatu nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gabonetako jaiotza aurkeztu du gaur, urtarrilaren 6a bitarte, eta egunero, gipuzkoar guztiontzat ikusgai egongo dena, beti ere segurtasun neurri guztiak errespetatuz. Aurkezpenean Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteko kideek parte hartu dute ere, haien artean Maria Castillo presidenteak. Elkarte hori arduratu da aurten ere Gabonetako elementu adierazgarri hau egiteaz, eta eskulan bereziak prestatu dituzte foru jauregiko ohorezko sarreran jartzeko.

Jaiotza nagusiak, Bibliako jaiotza edo jaiotza hebrearra izenpean ezarri denak, Palestinan duela bi mila urte zeuden paisaia, pertsonaiak, tresnak eta ohiturak birsortzen ditu. Jaiotza honek, besteak beste, garaiko tenplu bat eta jaio berria gurtzen duten artzainak erakusten ditu. Baita ere, Errege Magoak Ekialdetik iristen dira euren eskaintzekin, eta abadeak eta Eguberrietako eszena osatzen duten garrantzi gutxiagoko beste pertsonaia batzuk.

Jaiotzaren ondoan, Belenista Elkarteak txondorra eta ikazkina –Olentzero– irudikatu ditu. Maketa handi bat da, antzinako lan honen xehetasunak erakusten dituena. Izan ere, txondorra egiteko, lehenik eta behin, egurrak zirkulu moduan jartzen dira (arrailak); ondoren, makil multzo bat sare moduan ehuntzen da inguruan (sarea), eta, goialdean, tximinia dago erdiko mastarekin (alkatea); ondoren, beste egur meheago batzuk jartzen dira inguruan, kono moduko bat osatuz eta, azkenik, garoa eta 20 zm. inguruko lur geruza gehitzen zaio, mendi baten gisako forma osatuz. "Maketa adierazgarria da, gure herrian historikoki presentzia eta garrantzi handia izan duen lanbide tradizional bat ezagutzen lagunduko digu. Jaiotzarekin batera, merezi du gerturatu eta ikusteak", adierazi du diputatu nagusiak.

 

Gipuzkoako Belenzaleen Elkartea 1947an Juan Pérez Cuadradok eta Santiago Carrerok sortu zuten eta elkarte hau arduratu izan da, 1975az geroztik, foru jauregiko sarreran urtero jaiotza egiteaz. Euskadiko lehen elkartea izan zen eta Europako Federazioaren kide ere bada. Egindako lanen kalitatea izan da urte guzti hauetan elkartearen bereizgarria, gure mugen barruan zein kanpoan estimu handian hartutako lanak eginez.

Jaiotzaren herritarrentzako bisita ordutegia honakoa izango da: egunero 11:30etatik 13:30etara, eta 17:00etatik 19:30etara, gaurtik hasita eta Errege Egunera arte, urtarrilak 6. Abenduaren 24ean gaueko 20:30ak arte egongo da irekita. Covid-19 pandemiak sortutako egoera dela eta, gehienez 6 pertsonako taldeetan egingo da bisita, eta ezingo dira bi talde baino gehiago egon. Pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia gorde beharko da, maskara jantzita eta une batez bakarrik gelditu ahalko da jaiotzaren aurrean –markatutako  noranzkoan ibili beharko da, jaiotza inguratuz, eta ondoren sarreratik irten–.

  

1584