Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gabonetan bertako produktuen kontsumoa sustatuko du ‘Etxekoak’ kanpainak

Gabonetan bertako produktuen kontsumoa sustatuko du ‘Etxekoak’ kanpainak

Gipuzkoako lau baserritar ditu protagonista eta herritarrak tokiko elikagaiak kontsumitzearen garrantziaz sentsibilizatzea du helburu.

Gabon hauetan bertako produktuen kontsumoa sustatzeko ‘Etxekoak’ kanpaina jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak. Kanpainak Gipuzkoako lau baserritar ditu protagonista eta gipuzkoarrak tokiko elikagaiak kontsumitzearen garrantziaz sentsibilizatzea du helburu.

Gipuzkoako Foru Aldundien aurrekontu irekien programaren barruan herritarren 2020ko proiektu aukeratuenetako bat bertako produktuen kontsumoa sustatzearena izan zen.  Lurraldeko 13.087 herritarrek hartu zuten parte bozketan eta 12 proiektu proposamenen artean gustukoenak aukeratu zituzten. Herritarren eskariari erantzunez, Aldundiak, tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko eta sektorea suspertzeko ‘Etxekoak’ kanpaina jarri du martxan. Kanpainak 100.000 euroko aurrekontua izan du, eta Gipuzkoako prentsa, irrati, zein tokiko telebistetan izango du oihartzuna.  Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin koordinaturik jarri du martxan ekimena, lehen sektorea indartzeko eta bertako produktuen kontsumoa sustatzearen aldeko bidean elkarlanean ari baitira. 

 

Kanpainan ageri diren nekazariak azpisektore ezberdinetan ibilbide luzea duten eskualde ezberdinetako gipuzkoarrak dira: Adur Gorostidi Abaltzisketako abeltzaina, Vanesa Barriuso, Urnietan arrautzatarako oiloak dituen baserritarra, Maite Otaño Urnietako nekazaria eta Inaxio Ameztoi, Getariako txakolingilea, hain zuzen. Laurak bertaratu dira gaur foru jauregian egin den aurkezpenera. Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak eskerrak eman dizkie Aldundiaren izenean erakutsitako prestutasunagatik: “Bizi-bizirik dagoen eta etorkizunari begiratzen dion sektore baten, eta horren aniztasunaren erakusgarri aparta zarete”, adierazi du..

 

 ‘Etxekoak’ da kanpainarako aukeratutako lelo nagusia. Mezu horren bitartez, baserritarrak berak eta beraien produktuak etxeko, gertuko eta konfiantzazko ditugula azpimarratu nahi da. Ondorioz, eta datozen egunotan tokiko produktuaren alde egiteko deia eginez, honelako mezuak izango dira nagusi kanpainan zehar: “ETXEKOAK ez daitezela falta mahaian gabon hauetan. ETXEKOAK Izan daitezela platerean jartzen ditugun jakiak. Bertakoak, tokikoak, gureak. Orain inoiz baino gehiago eros ditzagun gure baserritarren produktuak. Erosi geurea, erosi Gipuzkoa!“

 

Pandemiari erantzuna

Aurpezkepean azpimarratu dutenez, Covid-19 pandemiaren ondorioz bizi dugun egoerak inoiz baino argiago erakutsi du zeinen garrantzitsua den lehen sektore indartsu bat izatea. Osasun eta kalitate berme guztiarekin gipuzkoarrok elikagaiez hornitzeko gai den sektorea. Hori dela eta, kanpaina honetan, “inoiz baino gehiago” bertakoaren aldeko apustua egiteko eskatu nahi zaie herritarrei, norberak bere kontsumo erabakiekin duen ahalmena goraipatuz.

 

Bide beretik, eta pandemiak ekarritako ondorioei aurre egin asmoz, Foru Aldundiak lehen sektorea babesteko krisi plan bat jarri zuen abian, 15,5 milioi euroko diru kopuruarekin hornitua,  departamentuko partida ekonomikoak eta programak berregokituz, aurrekontu orokorra ukitu gabe, dirulaguntza deialdi nagusiak indartuz, eta pandemiak eragindako behar bereziei erantzunez. Plan horrek bi helburu nagusi zituen: jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustea eta kalterik gehien jasan duten azpisektoreei laguntzea.

 

Bigarren helburu horri heltzeko, Erreskate Plana jarri zen martxan. 1,2 milioiko dirulaguntza zuzenak bideratu zaizkie azpisektore kaltetueneiartzaintza, sagardoa, txakolina, nekazalturismoak, lore mozketa eta zezenketetan aritzen diren ustiategiei, hain zuzen.

 

Horrez gain, Covid-19ak txakolinaren sektorean sortutako galerak direla-eta, Aldundiak mahats-bilketarako laguntza bereziak ere ezarri ditu. Helburua da Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapenean inskribatutako mahastizainek  mahats-bilketa kanpainarako sasoikako langileak kontratatzean osasun baldintza egokiak bete ahal izateko laguntzak ematea.

 

Xabier Arrutik azpimarratutakoaren arabera, “bertakoa kontsumituz gure lehen sektorean egiten den lana eta ekoizpen jasangarria bultzatzeko klabea dugu herritarrok”. Gaineratu duenez, “lehen sektorea hor egon dela pandemiaren une zailenetan, eta orain dugula jasotakoaren zati bat itzultzeko aukera. Gure baserritarren produktuak kontsumituz, Gipuzkoa orekatu eta jasangarri baten alde egiten ari gara. Etorkizunaren alde egiten ari gara, finean”, amaitu du.

  

2308