Gaintxurizketan behin-behineko pasabidea jartzeko lanak igandean hasiko dira
Gaintxurizketan behin-behineko pasabidea jartzeko lanak igandean hasiko dira
Aldundiak lehen urratsa eman du tarte horren segurtasuna hobetzeko, oinezkoen pasabidearen obrak hasiz. Behin-behineko soluzioa oinezkoentzako konexioarekin osatuko da, 'La Seta' izenarekin ezagutzen den guneraino iritsiko dena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak igande gauean hasiko ditu GI-636 errepidean Gaintxurizketan, Euskotreneko geralekuaren parean, behin-behineko oinezkoentzako pasabidea eraikitzeko lanak. Pasabideak 348.247,61 euroko inbertsioa eta lau hilabeteko gauzatze-epea izango du, eta 14 metroko luzera eta 5,5 metroko altuerako egitura izango du. Hala, GI-636 errepidea gainetik gurutzatu ahal izateko aldi baterako zubi bat jarriko da, bertako bizilagun eta langileentzako arriskua murriztuko duena egitura definitiboa eraiki bitartean.
Jarduketa horren bidez, baita ere, 300 metroko oinezkoentzako ibilbide bat prestatuko da Errekalde Hotelaren eta Gure Txokoa etxebizitzarako sarbidearen artean, errepidea aipatutako pasabidearen bidez zeharkatu behar duten oinezkoak bideratzeko. Ibilbidearen lehen tarte horretan, abiadura moteleko erreia kenduko da, errepidetik hormigoizko hesien bidez banatuko den oinezkoentzako ibilbide bat sortuz. Oinezkoentzako lotura honek jarraipena izango du La Seta izenarekin ezagutzen den guneraino. Ibilbide horren prestakuntza Lezoko Udalaren esku egongo da.
Segurtasuna indartzeko neurri gehigarri gisa, Altamirako tunelaren eta Gaintxurizketako biribilgunearen arteko tartean, abiadura 70 km/h-ra mugatuko da eta seinaleztapen bertikala zein horizontala indartuko da. Balizamendua hobetuko da eta errepidearen ardatzean lerro jarraitu bikoitza margotuko da, erreien banaketa hobetzeko.
Semaforo bidezko txandakako zirkulazioa
Igande honetan, 22: 00etan, hormigoizko segurtasun hesiak jarriko dira abiadura moteleko erreiaren ertzean. Horretarako, trafikoa semaforo bidez txandakatuko da. Segurtasun-hesia jarri ondoren, errei bat jarriko da noranzko bakoitzerako, asteleheneko 6:00etatik aurrera.
Lanek iraun bitartean eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, GI-636 errepidean (Irun noranzkoan), txirrindulariek ezin izango dute zirkulatu Lanbarrenerako sarbideko biribilgunearen parean.
4585