Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hondarribian gertatutako eraso matxistaren aurrean gaitzespen irmoena

Hondarribian gertatutako eraso matxistaren aurrean gaitzespen irmoena

COVID-19ak eragindako konfinamendu egoeran emakumeen aurkako bortizkeriari aurre egiteko gizartearen konpromisoa aktibatu behar dugu.

Hondarribian berriki eta konfinamendu egoeran emakume batek jasandako eraso matxistaren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere “gaitzespen irmoena” adierazi du gaur. Eider Mendoza bozeramailearen bitartez, foru erakundeak bere “babes eta elkartasun guztia” eskaini dio biktimari, zeinek osasun zerbitzuen arreta jaso behar izan zuen jasandako erasoa dela.

Foru bozeramaileak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du gaur goizean Hondarribiko Udalak aho batez onartutako gaitzespen adierazpenarekin. Gainera, egungo osasun larrialdi egoerari erreferentzia eginez, Mendozak gizarteari egindako deia berretsi du, eta herritarrei eskatu die biolentzia matxistaren aurkako “guztion konpromiso kolektiboa” mantentzeko. “Konfinamendu neurrien ondorioz, bortizkeria egoera batean aurkitu daitezke hainbat emakume, etengabe etxe berean bizitzeagatik eta laguntza zerbitzuetara jotzeko zailtasunagatik. Inoiz baino beharrezkoagoa da erakundeon eta komunitate osoaren babesa sentiaraztea, inguruan izan ditzakegun balizko biktimei gure babesa adieraztea”, baieztatu du foru bozeramaileak.  

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Emakunderekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, nahiz lurraldeko udalekin lankidetzan, koordinazioa sendotu du alerta egoeraren hasieratik, bortizkeria matxistaren biktima diren emakumeei ahalik eta erantzun egokiena eman asmoz. Mendozak gogorarazi du larrialdi eta arretarako zerbitzu eta egoitza guztiak irekita daudela, koronabirusa ekiditeko osasun gomendioak egokitu ondoren. Bortizkeria matxista kasuen aurrean, balizko biktimak zein herritar oro herriko zerbitzu sozialekin harremanetan jarri daitezke edo 900 840 111 telefonora deitu dezakete.

Mendozak bereziki azpimarratu du egungo testuinguruan SOS Deiak zerbitzuaren 112 aplikazioak izan dezakeen erabilgarritasuna. Izan ere, telefono deirik egin gabe edozein emakumeri laguntza eskaini diezaioke aplikazio horrek. Hitz egiteko arazoak zein entzumen arazoak dituzten pertsonentzat egokitua dago, gainera, eta eskaera egiten duen emakumea GPS bidez lokalizatzeko aukera eskaintzen die segurtasun indarrei.

“Emakumeen aurkako biolentzia, edozein delarik ere bere adierazpidea, emakumeek jasan behar duten egiturazko subordinazio eta desberdintasun egoera erreal baten ondorioa. Hori guztia berdintasunaren alorrean aurrerapausoak emateko oztopo da. Horregatik, halako jokabide eta eraso matxistek Gipuzkoan ez dute lekurik; ez dira onargarriak edozein delarik ere testuingurua”, ohartarazi du.

  

1779