Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Garuneko paralisia duten 15 haur munduko lehen exoeskeleto pediatrikoa erabiltzen ari dira

Garuneko paralisia duten 15 haur munduko lehen exoeskeleto pediatrikoa erabiltzen ari dira

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aita Mennik eta Aspace Gipuzkoak bat egin dute garuneko paralisia duten haurrei exoeskeleto pediatriko baten bidezko tratamendu berritzailea eskaintzeko, proba pilotu baten testuinguruan.

Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua

Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua


15 dira Gipuzkoan exoeskeleto pediatriko batekin banaka diseinatutako tratamenduaz baliatzen ari diren lehen haurrak. Munduan dagoen horrelako lehen aparatua da, Marsi Bionicsek egina, Aita Mennik erosia, eta Aspace Gipuzkoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzari esker, dagoeneko erabiltzen ari dira garun-paralisia eta antzeko mugimen-asaldurak dituzten 15 haurrekin. Goienetxe Aspace Gipuzkoak Donostian dituen instalazioetan egiten da terapia intentsiboa, Aita Menni eta Aspace Gipuzkoako profesionalen baterako lanari esker.

            2022ko urritik saioak egiten dituzte garuneko paralisia duten bost adingabetako hiru taldetan, eta proba pilotu hau amaitutakoan, ondorioak atera eta baloratuko da tratamenduarekin jarraituko duten eta haur gehiagori zabalduko zaien. Exoeskeletoaren ezaugarriak direla eta, 4 eta 13 urte artean dituzten eta autonomoki mugitu ezin duten adingabeek erabil dezakete. “Haur bakoitzari bere helburu pertsonala lortzen laguntzen dio tratamenduak, dela mugikortasuna hobetzea, dela oinez ibiltzea”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak.

            Gipuzkoako Foru Aldundia, Aita Menni eta Aspace Gipuzkoako arduradunak gaur goizean bildu dira Aspace Gipuzkoaren Donostiako egoitzan, aurrerapenak partekatu eta lankidetza bide berriak aztertzeko. Bilera horretan izan dira diputatu nagusia, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua, Mikel Tellaeche Aita Menniko zuzendaria, Rosa Iglesias Aspace Gipuzkoako lehendakaria, Esther Larrañaga Aspace Gipuzkoako zuzendaria, erakunde bietako profesionalak eta Arantxa eta bere alaba Danele. Bileraren ondoren, Aita Menni eta Aspace Gipuzkoako profesionalek gidatutako erakustaldian ikusi ahal izan da nola erabiltzen den exoeskeletoa.

Asistentzia-programak 24 asteko iraupena du, eta 15 haurrek astean 4 saio egin dituzte 6 astez, nahiz eta azken taldeak oraindik ez duen tratamendua amaitu. Aurreikusten da, gainera, datozen asteetan laugarren talde bat eratuko dela 5 haur gehiagorekin eta, beraz, berrikuntza-proiektu hori 20 adingaberi aplikatuko zaie. Aspace Gipuzkoatik azaldu dutenez, familiek harrera “bikaina” egin diote ekimenari, haur bakoitzaren behar eta helburuetara egokitzen delako.

Helburu nagusia martxa berreskuratzea ez bada ere, badira bizi-baldintzak hobetzeko oso garrantzitsuak diren beste helburu batzuk ere: artikulazio-maila handitzea, muskulu-indarra hobetzea, goiko gorputz-adarretan funtzionaltasun handiagoa izatea, hala nola arnasketa-funtzioa hobetzea, interakzio soziala eta bizipen pertsonalak.

            Diputatu nagusiak eskerrak eman dizkie Gipuzkoan zaurgarritasun egoeretan daudenen bizitza hobetzen laguntzen duten ehunka profesionalei, eta balioan jarri du “inplikatutako guztion artean egunez egun eredu soziala hobetzen dugula, administrazioen, erakunde sozialen eta komunitatearen artean”. Azpimarratu du adibiderik onena dela gaur aurkeztu den ekimena, “Aita Menni, Aspace Gipuzkoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiak indarrak batzeari esker, haur hauen eta beren familien egunerokoa hobetzen dugu”.

 Munduko lehen exoeskeleto pediatrikoa Gipuzkoan

ATLAS 2030 exoeskeleto pediatrikoa modu autonomoan ibili ezin duten haurrentzat diseinatu da bereziki. Munduko lehen exoeskeleto pediatrikoa da eta gailu elektromekaniko adimendun hau merkaturatu du Marsi Bionics konpainiak; enpresa Ikerketa Zientifikoen Kontseilua Gorenean (CSIC) sortu zen eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren babesa du. Zortzi urtez garatu ondoren, 2022ko maiatzean, Sendagaien eta Osasun Produktuaren Espainiako Agentziaren ‘CE marka’ lortu zuen, ospitaleetan eta errehabilitazio kliniketan erabiltzeko. Robota 8 artikulazio aktibok osatzen dute, muskuluen funtzionamendua imitatzen dute eta haurrei eusten eta ibiltzen laguntzen diete.

            Mikel Tellaeche Aita Menniko zuzendari kudeatzailearen hitzetan, “berrikuntza proiektu hau Marsi Bionics, Osasunberri eta Haziteken lankidetzari esker gauzatu ahal izan da. Lankidetza publiko-pribatuak, Gipuzkoako gizarte sarearekin batera, mendekotasunaren sektoreetan esperientzia berritzaileak jorratzeko aukera ematen du eta, kasu honetan, bi erakundeetako profesionalen berrikuntza gaitasunaren erakusgarri da”.

            “Espero dugu proba pilotu parte hartzen duten adingabeek bizi kalitatea eta espastikotasuna hobetuko dituztela exoeskeletoa erabilita, nerbio zentralaren nahasmendu horrek mina eta muskuluak gogortzea eragin eta mugikortasuna mugatzen baitu”, azaldu du Tellaechek. Gaineratu duenez, proiektuarekin zehaztu nahi da exoeskeletoa erabiltzeak haurren eguneroko bizitzako jardueren prozesuan eta errehabilitazio-ekintzetan duen eragina, bizi kalitatearekin, osasunarekin, gizarteratzearekin eta profesionalen eta familien balorazioarekin lotutako aldagaiak neurtuta.

  

5259