Aldundiak Gipuzkoako kultura sektorea elkartuko du III. Kultura Gauean «artista eta sortzaileen osasun ona eta indarra ospatzeko»
Aldundiak Gipuzkoako kultura sektorea elkartuko du III. Kultura Gauean «artista eta sortzaileen osasun ona eta indarra ospatzeko»
Aldundiak Gipuzkoako kultura sektorea elkartuko du III. Kultura Gauean «artista eta sortzaileen osasun ona eta indarra ospatzeko»
Arteen Kontseilua, kultura mezenasgoaren foru araua, KM eraberritzea eta EQZE abian jartzea dira legealdiko mugarri nagusiak.
Itxasok legealdiko mugarri nagusi hauek nabarmendu ditu: Arteen Kontseilua sortzea, kultura mezenasgoaren foru araua egitea, Koldo Mitxelena Kulturunea eraberritzea eta handitzea, eta Elías Querejeta Zine Eskola abian jartzea.
Aldundiak Gipuzkoako kultura sektorea elkartuko du gaur gauean III. Kultura Gauean «artista eta sortzaileen osasun ona eta indarra ospatzeko eta alor horretan urtean zehar egin denaren balantzea egiteko. Topaketa hori baliagarria izango da sektoreari eskerrak emateko Gipuzkoaren garapenari egindako ekarpenagatik, eta jendaurrean aitortzeko aurten izan diren lorpenak, erakusten baitute zein garrantzitsuak diren kultura eta arteak Gipuzkoan.
Aurtengo urtea guztiz bikaina izan da kulturarentzat, Gipuzkoan, eta lorpen ugari izan dira, sortzaile, elkarte, enpresa eta erakundeek gogotik lan egindako urte askoren isla bat baino ez direnak.
Horrela, azpimarratu beharko litzateke une aparta bizitzen ari dela gipuzkoar zinema, itzal handiko profesionalak asko baitaude, Espainiako nahiz munduko industriak aitortuak. Izan ere, 2017. urtea Handia filmaren urtea izan zen eta, aurten, Gipuzkoako zinemak arrakastak lortzen jarraitzen du: Telmo Esnalen «Dantza», Fermin Muguruzaren «Black es Beltza», Kanaki Films gipuzkoar ekoizlearen «Un día más con vida», eta Alberto Iglesias konpositorearen eta Diego San José gidoilariaren lanak, beste beste.
Antzerkia ere arrakasta garrantzitsuak lortzen ari da, Max sarietan aitortutakoak, hala nola Kulunka konpainiaren «Solitudes» ikuskizuna, antzerki ikuskizun onenaren saria jaso baitu elkarrizketarik gabeko obra batengatik, eta, bertan, konpainiak Hernanin egindako maskarekin tapatuta agertzen dira aktoreak. Horren lehiakide izan diren produkzioetan ere, «Los Gondra» eta «Último tren a Treblinka», Gipuzkoako profesionalek parte hartzen zuten; horrela, Jon Maiak dantzen koreografia egin zuen, eta Iñaki Salvadorrek musika konposizioak. Ertza konpainiaren «Meeting Point», Asier Zabaletak zuzendutakoa, kaleko ikuskizun onena izan zen.
Eta joan den urtean Dantzako Sari Nazionala eskuratu ondoren, Kukai taldeak «ERRITU» ikuskizun berria estreinatu du aurten.
Azpimarratu behar da ere gipuzkoar literaturak arrakasta handia izan duela Espainian nahiz Euskadin: Juan Kruz Igerabidek Haur eta Gazte Literaturaren Espainiako Saria jaso du; Eider Rodriguez, Karmelo C. Iribarren eta Irene Aldasorok Euskadi Sariak; eta Harkaitz Canok Rosalía de Castro Saria.
Halaber, aurten, Kresala Dantza Taldeak eta Tolosako Abesbatza Lehiaketak beren 50 urteko ibilbidea ospatu dute, eta Euskaltzaindia sortu zeneko mendeurrena ospatu dugu.
Denis Itxasok bere poza eta harrotasuna agertu ditu Gipuzkoako kultura-industrien sorkuntza mailagatik. “Gure sortzaileak eta artistak Gipuzkoak dituen altxorrik baliotsuenetako bat dira, eta etengabeko ekarpena egiten diote lurraldearen garapenari”, esan du.
Itxaso berezi harro agertu da kultura mezenasgoaren foru araua onetsi delako; Elías Querejeta Zine Eskola abian jarri eta lehenengo ikasturtea hasi delako; Arteen Kontseiluak sortu delako; eta Koldo Mitxelena Kulturunea eraberritu eta handitzeko erabakia hartu delako.
«Arau berriari esker, hobetu finantzatutako kultura sektorea izango dugu, eta dohaintza eta legatu pribatuak modu erakargarrian saritzeko aukera; izan ere, kultura independenteagoa nahi dugu eta, halaber, herritarrek protagonismo handiagoa izatea proiektu kulturalak diseinatzeko orduan. Neurri aitzindarietako bat honako hau da: artista eta sortzaileei egiten zaizkien donazioek ere –ez soilik erakunde publiko eta fundazioei– pizgarriak izango dituzte», nabarmendu du Itxasok. Neurri horren helburua da sorkuntza artistikoa sustatzea eta, aldi berean, finantzazio bideak irekitzea ideia onak izan arren finantzatzeko modurik ez duten pertsonentzat.
Zine Eskolak irailean ireki zituen ateak eta «goi mailako zentro bat da, sorkuntza, prestakuntza eta ondare eremuen arteko harremanak indartuko dituena, eta sortzaile berrien prestakuntzari funtsezko bultzada emango diona".Ekimen hori gelditzera etorri da, eskuratutako jakinduriak finkatuta, kasu honetan zinema mundukoak, eta asmoa da jakinduria hori sortzaile gazteen belaunaldien esku jartzea, eskola berriaren bidez aurrera egin dezaten eta denok irabazle atera gaitezen», esan du. Eskola eredu berritzailea eta berezia da, eta oso ondo egokitzen da eskola kokatzen den ekosistema osatzen duten hiru erakundeen -Tabakalera, Euskadiko Filmategia eta Donostiako Zinemaldia- lan esparruetara.
Arteen Kontseiluari dagokionez, aitortutako prestigioa duten profesionalez osatutako plataforma bat da, eta Kultura Departamentuarekin lanean ari da kulturaren sorkuntzak, zabalkundeak eta kontsumoak dituen erronkei aurre egiteko, betiere kultura politikak berbideratzeko asmoz eta, horrela, dauden baliabideak benetan sortzaileengana iris daitezen.
KM berritzeko lanen bidez, Aldundiak belaunaldien arteko bizikidetza bermatu nahi du, gazteak kulturaren eta bere balioen esparrura erakartzeko xedez. Etenik gabeko bilakaera bat da, proiektu bat berritzea, lurraldeko kultur eragile nagusietako bat izan dena egokitzeko eta prest jartzeko, eta Gipuzkoa 2040. urtera eramango duen erreferentzia zentro bat izateko”, azaldu du Itxasok.
Gau-ekitaldi honetan, bertaratzen direnek Donna musika taldeak eskainiko duen kontzertuaz gozatu ahal izango dute; talde horren kide dira Ainhoa Garmendia sopranoa, Karen Juanes dantzaria, Juantxo Zeberio piano-jotzaile eta konpositorea, Amaiur Cajaraville kontrabaxu-jotzailea, Jordi Oliva perkusionista, eta Julen Izarra saxo-jotzailea. Ondoren, hitz egiteko eta iritziak eta ideiak trukatzeko aukera izango dugu Tutti Frutti Jazz Project taldearen musika entzuten dugun bitartean.
1596