Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gazteek COVID-19aren ondoriozko itxialdia babesten dute

Gazteek COVID-19aren ondoriozko itxialdia babesten dute

Kultura eta Gazteria Departamentuak 948 online inkesta egin dizkie Gipuzkoako 10 eta 17 urte arteko gazteei. Galdetegia itxialdiaren hirugarren astean zabaldu zen, apirilaren 2an, eta apirilaren 13ra arte egon zen egiteko moduan.

2020/05/13

Harkaitz Millan: «Haurrak eta nerabeak bereziki kalteberak dira konfinamendu egoeran, eta erakunde publikoek arreta berezia eskaini behar diete».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak online inkesta bat egin du COVID-19aren ondoriozko konfinamenduak haur eta nerabeengan duen eragina ezagutzeko, egoerak nola eragiten dien jakiteko eta haien sentimenduak eta kezkak ezagutzeko. Gaztetxoenen garapen psikologikorako ezinbestekoa da aisialdian kanpoko jarduerak egitea eta beren adinekoekin hartu-emana izateko aukera edukitzea; horregatik, familiaren etxean itxita egon behar izan duten egoera honek bereziki kaltetu ditzake, beldurra eta babesgabetasuna sentitzen baitituzte. Horren harira Harkaitz Millan diputatuak adierazi duenez, krisialdi honetan, «haurrak eta nerabeak bereziki kalteberak dira konfinamendu egoeran, eta erakunde publikoek arreta berezia eskaini behar diete»; «guk helburutzat dugu haien iritzia biltzea, entzutea eta eskaerak dagozkien erakundeetara bideratzea, emaitza horiek etorkizuneko jarduketetan irizpide izan daitezen».

Gipuzkoako 10 eta 17 urte arteko biztanleei zuzendutako galdetegia itxialdiaren hirugarren astean zabaldu zen hainbat hedabideren bitartez –Kultura eta Gazteria Departamentuaren web orriak eta sare sozialak; udaletako haurren, nerabeen eta gazteen sustapenerako zerbitzuak, eta haurtxokoen eta gaztelekuen sarea–, eta apirilaren 13ra arte egon zen erantzuteko moduan. Guztira 948 erantzun jaso ziren. Datu horiek ez dira biztanleria osora estrapolatzeko modukoak, ez baitiote lagin probabilistiko bati erantzuten (adin tarte horretako interesdun guztiei eman zitzaien parte hartzeko aukera). Hala ere, jasotako erantzun kopuru handiak esanguratsuak bihurtzen ditu bildu diren datuak.

Aztertu diren 948 galdetegietatik, 776 (% 82) euskaraz erantzun dituzte, eta 172 (% 18), berriz, gaztelaniaz. Jatorriari dagokionez, Gipuzkoako 55 udalerritan betetako galdetegiak iritsi dira.  Generoari begiratzen badiogu, nesken parte-hartzea handiagoa izan da, % 58koa; mutilena, % 39koa.

Ondorioen sintesia

1. Itxialdiaren beharra

Deigarria da erantzunen portzentaje oso handi bat % 88 (M82%-N92%) etxean geratzeko erabakiaren aldekoa dela. Neskek adostasun maila handiagoa agertzen dute mutilek baino; bi portzentajeen artean 10 punturen aldea dago.

2. Kezkak

Kezka nagusia familia da %87 (M85%-N90%), batik bat senitartekoren bat gaixotzeko aukera; ondoren, aitona-amonek bizi duten bakartze egoerak kezkatzen ditu gehien %84 (M82%-N87%). Kezka hori orokortua izanik ere, nabarmenagoa da neskengan eta gaztetxoenen artean.

3. Etxeko baliabideak

Galdetegia bete duten neska-mutil ia guztiek diotenez, eskolako eta institutuko lanak egiteko behar duten guztia dute etxean: mahai bat %93, ordenagailua %98 eta Interneterako konexioa %98. Galdetegia online egin denez, agerikoa da erantzun horietan agertzen den joerak ez duela balio eten teknologikoa neurtzeko.

4. Denbora pasatzeko modua

Eguneroko bi jarduera daude aipatzen dira ia kasu guztietan: eskolako lanak egitea %94 (M94%-N95%) eta lagunekin txatean aritzea edo hitz egitea %82 (M75%-N88%). Gutxien aipatzen dituzten jardueren artean irakurtzea dago %36 (M33%-N37%), eta kezkagarria da hori, are gehiago kontuan hartzen bada irakurtzeko ohitura adinarekin gutxitu egiten dela. Datu positibo bat: adin guztietan, hala mutiletan nola nesketan, jarduera fisikoren bat egiten dute %76 (M72%-N78%).

5. Eskolako lanak

Gehiengoak esaten badu ere eskolatik edo institututik bidaltzen dizkioten lanak amaitzen dituela %67, kezkagarria deritzogu horiek bukatzera iristen ez direla diotenen kopuruari.  Kopuru hori areagotu egiten da 14-17 urte arteko tartean; 10etik 3k gehiegizkoak direla diote. Kasu honetan, mutilek eskolako lanak egiteko zailtasun handiagoa agertzen dute.

6. Emozioak

Galdetu diegu egoera honetan zerk eragiten dizkien tristura edo beldurra, zerk poza, eta zerekin egin duten amets itxialdian.

  • Tristura

Tristuraren eragile nagusia lagunekin eta senitartekoekin ezin egotea da  %23; ondoren, atera ezina %20, eta koronabirusak eragindako gaixotasuna eta heriotza %16a.

  • Beldurra

Beldurra zerk ematen dien galdetuta, argia da erantzuna: hurbileko norbait gaixotzea edo hiltzea; hori erantzun du % 81k. Adinez nagusiagoak direnen artean, aldiz, nabarmen areagotzen da ikasketen inguruko kezka.

  • Poza

Poza ematen die familiarekin denbora pasatzeak %54 (M51%-N55%)  edo senitartekoren batekin bideo-deiak egiteak %16 (M14%-N17%).

  • Ametsak

Amets hauek aipatu dituzte, hurrenkeran honetan: normaltasunera itzultzea %31k, koronabirusa desagertzea %21k eta kalera ateratzea %16k.

  

1587