Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea GdM Donostia Moda Festivalen bosgarren edizioa

GdM Donostia Moda Festivalen bosgarren edizioa

The 2nd Skin Co., Isabel Zapardiez, BOX San Sebastián edo Juanjo Oliva by ECI marka handiak izango dira besteak beste protagonista

Gipuzkoako modaren astea, Euskal Herrian proiekzio handiena duen moda ekitaldia, berrikuntzaz beteta dator 2017ko udaberri-udako edizioan. Donostiako San Telmo Museoak eta Getariako Balenciaga Museoak hartuko dituzte jarduera programa prestigiotsua osatzen duten desfile eta jarduera nagusiak, hala nola, tokiko Ehungintza Modaren Industriaren erakusleihoa.

Laura Chamorro jaialdiaren zuzendariaren arabera, “jauzi kualitatibo eta kuantitatibo garrantzitsu bat eman dugu, sektorearen zati handi bati ordezkaritza eta ikusgarritasuna eskainiz. Gaur egun nazioarte mailako proiekzioa duten diseinatzaile batzuk bertan izateak edo Balenciaga eta San Telmo museoak bezain leku enblematikoetan egiteak berresten dute gaur egungo eta etorkizuneko ekitaldi batez ari garela. Ezinbestekoa zen sektore hau berrartzea eta ikusgarri egitea, eta GdB Donostia Moda Festival Madrilgo edo Bartzelonako pasarela nagusien osagarri bihurtu da”.

Edizio honetan, The 2nd Skin Co. firma gonbidatu dugu Balenciaga Museoan desfilatzera. Maiatzaren 4an, 2017-2018ko udazken-negu bildumako silueta markatuek, toles handiek, bolumenek, maukek eta parpailek –gaur egun nazioartekoenetakoa den Espainiako marka baten identitate ezaugarriek– hartuko dute espazio dotorea. Markaren sorkuntza zuzendari diren Antonio Burillo eta Juan Carlos Fernandez izango dira jaialdiaren lehen eguneko protagonistak, eta beren diseinurik onenen atzera begirakoarekin amaiera bikaina emango diote ikuskizunari.

Lehen egun horretan ez da faltako lan dinamikarik eta hausnarketarako espaziorik. GdM Donostia Moda Festival goizean goiz hasiko da GK Green Fashionek sustatutako hitzaldi eta tailerrekin. Hori izango da hamabosgarren edizio honetako berrikuntzetako bat. “Ezinbestekoa zen Slow Fashion izeneko korronte horri lekua egitea, eta lehen mailako profesionalekin egingo dugu gainera”, azpimarratu du Felix Asensio Ingurumeneko zuzendariak. Ekonomia zirkularrean eta ehungintza industria jasangarrian aditu diren  Gemma Gomezek (Slow Fashion Next-en sortzailea) Disni Jayasuriak (The Ethicologist) eta Iranzu Sainz de Murietak (Sinnple) sektore profesionalari eta publiko orokorrari begirako programa zuzenduko dute.

Mahai-inguruak eta eztabaidarako denbora izango dira bigarren eguneko protagonistak, Donostia Moda Klusterraren eskutik. The 2nd Skin Co., prestigio handiko diseinatzaile eta Gipuzkoako enpresetako zuzendariekin batera, tokiko markak nazioartekotzeko estrategien inguruan mintzatuko da. Eztabaidarako gai izango dira 0 kilometroaren balioa eta sektorea turismoaren traktore gisa berreskuratzea. Horiez gain, bigarren egunean, prestakuntza tailerrak ere izango dira “made in - made by San Sebastian” produktuen salmenta bultzatzen duten diseinatzaileentzat.

Maiatzaren 6an, San Telmo Eliza argiz, soinuz eta kolorez jantziko da, hainbeste esperotako desfile eguneko agertoki bilakatzeko. Goizean, Gipuzkoako zortzi diseinatzailek eta marka anitzeko zazpi saltokik 2017ko udaberri-udako mikrobildumak aurkeztuko dituzte. Arratsaldean, The 2nd Skin Co.-ren 2017ko udaberri-udako bigarren bilduma aurkeztuko da lehenik, eta Isaben Zapardiez diseinatzaileak Euskal Herrian aurkeztuko duen 2018ko Ohrigami bildumaren aurkezpen ofiziala izango da amaitzeko. Punta-puntako desfilea osatuko dute arratsaldean larrukigintzako BOX San Sebastián firmaren estilo atenporalak, Zergatik markaren bilduma koloretsu berriak, Amaia Txabarriaren lentzeriak eta bainuko arropak edo Juanjo Oliva by ECIk.

 “Tokiko diseinua sustatu behar dugu. San Sebastian eta Balenciaga markak aparteko aurkezpen gutuna dira kanpoan, eta horiek ere gure lurraldea erakargarri egiten dute kanpoan” adierazi du Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatuak. Ernesto Gasco ekonomia bultzatzeko zinegotziak esan duenez, urte eta erdiz aritu dira lanean Donostia Moda Klusterrean, San Sebastian markak eta hura osatzen dutenek nazioarteko garrantzia izan dezaten”.

GdM Donostia Moda Festivalen bosgarren edizioak lehiaketak, azokak eta maiatzaren 7ko pop up tradizionala ere izango ditu.

Ekitaldia maiatzaren 13ra eta 20ra luzatuko da Gros eta Antiguo auzoetako desfile txikiekin, “hiriko leku desberdinak dinamizatzeko eta saltokiek eskaintzen duten produktuaren berezitasunaren garrantzia azpimarratzeko”, adierazi du Emilio Andrades Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendariak.

Azken berrikuntza horrekin, bosgarren edizio honek balio katearen protagonista guztiak bilduko ditu, eta maiatza tokiko modaren sektorearentzat erreferente bihurtuko du.

 

Eranskinak:

  

1721